Altsasukoak LIBRE!

Altsasukoak LIBRE! –

Astebete besterik ez da falta Altsasuko gazteen epaiketarako. Salbuespen epaitegia, salbuespen legeak… SALBUESPENA! Hori da Euskal Herrian asapaldidanik bizi dugun egoera.

Altsasukoak LIBRE!

Egoera hau ez da berria. Frankismo garaitik datorren salbuespen arkitektura guztia moldatu besterik ez dute egin urteetan zehar. Baina, salbuespenekoa izaten jarraitu du, guztion eskubide zibil eta politikoak urratzen jarraitu du, baita disidentziak isilarazteko helburua mantendu ere. Moldatu egin dute, beraien interesen alde. Horrela ezagutu ditugu legedi antiterroristak, inkomunikazioa, tortura, komunikabideen itxiera…

Sei urte igaro dira ETAk armak utzi zituenetik eta urte hauetan Euskal Herrian bizi ditugun ageriko biolentzia politiko antolatu bakarrak estatuarenak edo askotariko administrazioenak izan dira. Hala ere, lehengo salbuespen legediek bertan jarraitzen dute, berriekin batera. Mozal Legea edo kode penal berriaren erreforma kasu.

Egoeraren arabera, errepresioa zurian edo beltzean aplikatzen digute. Hortxe Altsasuko gazteen kasua, beltzean; eta honekin batera, hauekiko elkartasuna zigortzeko asmoz, errepresio zuria, isunak.

Egoera honetan ezin gara konformatu gatazka armatuaren urteetan salbuespen politikak ezartzeko garatu ziren bitartekoak ez aplikatzearekin edo malgutzearekin. Horiek guztiak eta gehiago, ordenamendu juridikotik desagertu behar dira. Baita horiek mantentzeko beharrezkoak diren guztiak ere.

Eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea nahi badugu, horren alde borrokatu behar dugu. Ainara, Aritz, Adur, Jokin, Iñaki, Oihan, Julen, Jon Ander, Aratz, Nahia eta Aitor LIBRE nahi baditugu, guztion eskubideen alde borrokatu beharko dugu.

Horretarako, askotariko osagaiak egoki eta masiboki nahastuko dituen borroka antolatu behar dugu. Egoera honek sortzen digun mina eta amorrua, konpromisoa, irudimena, auziperatuekiko samurtasuna, erasotzaileen aurreko tinkotasuna, jendartearen babes zabala, desobedientzia, umorea… Horiek izan daitezke osagaietako batzuk, baina gehiago ere egon daitezke.

Goazen bada, Altsasuko gazteen alde borrokatzera, goazen guztion eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzera!

Goazen Apirilaren 14ean Iruñea betetzera!

Maialen Begiristain
Eleak/Libre mugimendua

Altsasukoak LIBRE!

Zer duzu buruan “Altsasukoak LIBRE!”-ri buruz

  • La justicia es igual para todos

    Eman dezagun hamaika lagunek liskar bortitz bat montatzen dutela laupabost guardiazibilekin Alicanteko diskoteka baten sarreran goizaldeko lauetan. Auzitegi Nazionalerako terrorismo kasu nabarmena?

    Eman dezagun Mirandako tabernazulo batean gertatzen dela liskar hori. Ebrotik hegoalderantz gertatu dela kontuan hartuta, terrorismo kalifikazioa?

    Eman dezagun Euskal Herriratzen garela orain eta talde antolatu modura ibiltzen den Bertoli izeneko familiako hamar kidek eraso egiten dietela lau bat guardazibili Bilboko San Frantzisko kaleko taberna batean goizaldeko lauetan. Terrorismoa ala Bertolitarren aurkako xenofobia delitua?

    Eman dezagun ez direla ez Alicante eta ez Miranda eta ez Bertoli familiako kiderik agertzen auzian, eta horien guztien ordez Altsasu agertzen dela narrazioan eta bertako gazteak tabernazulo batean goizaldeko lauetan…