Alienazioa

Alienazioa –

Koldo Aldalurrek ARGIAn.


Herriko  Gazte Koordinadora Sozialistaren inguruko hainbat gazterekin berriketaldi interesgarria izateko aukera izan dut, eta ahotan zerabilten terminologiak garai batean parrokiako lokalaren ilunpetan entzundako kontzeptuak ekarri dizkit gogora: proletarioen antolakuntza, biolentzia kapitalista, lan-indarra, gainbalioa, eta beti bereziki gustukoa izan dudan alienazioa, besteak beste.

Alienazioa

Langileak, logika kapitalistari esker eta izaera mekanikoaren menpeko merkantzia bihurturik, pentsatu beharrik ez du; eta horrela, erabakitze ahalmenik gabe, sortu duenaren jabe izateari uzten dio.

Begietako makarrak kentzeko betarik eman gabe, editoreak gaurko albistegirako lana jarri dit: Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak estatuko migrazioari buruzko txostena plazaratu du, eta bertan azaltzen diren datuekin bideoa egin behar dut eguerdirako.

Datuak irakurri ditudanean, neure buruari agindu diot lokaztu behar banaiz lokaztuko naizela, gaiak era gordinean azaltzea eskatzen duelako: Mediterraneo itsasoan, 2021ean, 21 herrialdetako 4.404 migratzaile hil edo desagertu dira. Horietako berrehundik gora, umeak. Eta datu “ofizialak” dira, gehienetan errealitatearen gordintasuna ezkutatzen dutenak, alegia.

“Heldu da eguerdiko informatiboa ikusteko garaia eta jarri naiz telebista aurrean. Sinetsi iezadazue, ez dut neure bideoa ezagutu”

Editoreak kamera bat hartu eta kaleko jendeari iritzia galdetzeko ere “proposatu” dit. Neure golkorako pentsatu dut datuok interpretatzen lagunduko didan aditu bati galdetzea hobe nuela agian. Baina tira! Hola nahi badute, holaxe.

Egin ditut galderak, topatu ditut artxiboan irudi batzuk eta egin dut testua. Bideoa, gorpuztuta.

Emititu aurretik berriro deitu dit editoreak. Irudiak gogorregiak omen dira. Badakizue, itotako umeen gorputz puztuak, hilkutxak zerrendan jarriak eta horrelakoak.

Gainera, luze xamarra atera omen zait eta laburtuko banu eskertuko omen lukete. “Jakina! –pentsatu dut– Bestela ez zaie derrigorrez sartu beharreko informazioa sartuko.” Badakizue…

Hori gutxi ez, eta testuan galderak ez omen dira komenigarri. Nork duen ardura politikoa galdetzea, edota nazioarteko erakundeek hitz potoloak aireratzeaz gain migrazioaren aferan duten erantzukizunaz galdetzea, ez omen da “komunikatiboa” “gure” informatiboetan.

Eta bata dela eta bestea dela, heldu da eguerdiko informatiboa ikusteko garaia eta jarri naiz telebista aurrean. Sinetsi iezadazue, ez dut neure bideoa ezagutu. Datuak leunduta, gaiak behar duen denborarik gabe, adituen argirik eta galdera deserosorik gabe… Merkantzia bihurtutako langilea sentitu naiz.

Gaur ere, barruak lokaztu gabe etxera.

Alienazioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude