Alfredo Dufur: "Euskararen aurkakoak daude. Aldekoak gaude. Indiferenteak dira gakoa"

Alfredo Dufur –

Lizarraldeko euskalgintzaren erreferenteetako bat da Alfredo Dufur (Lizarra, 1980). Ikasketaz informatikaria, euskara izan du aspaldiko urteetan militantzia eremu eta ogibide. Egun Irantzu Mankomunitateko euskara teknikaria da, eta berekin aritu gara solasean Nafarroako zonalde honetan euskarak azken urteetan bizi izan duen bilakaeraz.

Alfredo Dufur

Uzten dizuten bezainbat bizi zara euskaraz, baina euskararentzat bizi zarela ere esan daiteke…

Gurasoak Pirineotakoak dira, Auritzekoak eta Lusarretakoak, eta Lizarrara etorri ziren lanera. Nire familian euskara presente egon da, gurasoek jakin ez arren (amak gerora ikasi du), familiako azken euskaldun zaharra ezagutzeko aukera izan nuelako, birramatxi. Familiako belaunaldi berriok euskara berreskuratu dugu. Gurasoek euskararekiko gogoa transmititu didate, eta euskaldunekin euskaraz egitera animatu. Nahi zuten guk euskara izatea, ez trofeo baten gisan baizik eta erabiltzeko.

Euskaraz bizi naiz uzten didaten bezainbeste, baina nik aukerak bilatzen ditut eta nire inguruaren zati handi bat horren arabera dago eraikia. Gainera, nire ibilbidea dela eta inguruko jendeak zuzenean lotzen nau euskararekin, eta, honela, joera dute niregana euskaraz hurbiltzeko, bestela agian egingo ez zutenean.

Noiz hasi zinen euskalgintzan zure ekarpena egiten?

Esango nuke lehenik ekarpen inkontzientea egiten nuela. Hau da, beti izan dut euskararekiko atxikimendua eta joera hitz egiteko, eta horrekin bada ere, euskarari, honen komunitateari eta, ondorioz, euskalgintzari ekarpena egiten diozu. Ondoren, AEKn hasi nintzenean, eskarmentua hartu eta era kontziente batean hasi nintzen ekarpena egiten.

2008an sartu zinen AEKn. Ze egoerarekin egin zenuen topo?

Oroitzen naiz orduan heldutan euskara ikastearen kontuarekin eszeptiko samarra nintzela, eta zorionez, berehala ohartu nintzen erabat oker nenbilela. Euskaraz bizi nahi zuen komunitate batekin egin nuen topo, ez soilik haurrei begira, baizik eta jende helduz osatua. Ikasle tipologiari erreparatuz gero, gutxi ziren lan arrazoiengatik zeudenak; orain, pixkanaka, hori ere aldatzen ari da. Orduan (eta egun ere) asko gurasoak ziren, amak batik-bat. Beste batzuk, aldiz, gaztetako arantza hori ateratzera joandako helduak. Beste profil bat A edo G ereduk zetozen gazteak ziren, goi mailako ikasketak (lanbide heziketa, unibertsitatea) amaitu eta euskara ikasteko gogoz hurbiltzen zirenak.

Alfredo DufurZenbait gauzetan testuinguru ezberdina bizi zuen orduan euskalgintzak…

Garai hartan udal zein foru gobernuen aldetik espero zenezakeen onena zen ezer ez egitea. Ordutik hona zeinbat gauza aldatu dira, D ereduak zabaldu izana, haurren garraio eta jantoki eskubidea, diru-laguntzak jasotzea… batzuk aipatzearren. Gizarteari dagokionez, esango nuke jarrerak ez direla hainbeste aldatu ordutik hona. Uste dut 2000. urte arte euskara sustatzearen aldekotasuna handituz joan zela, baina orduan eremu politikotik euskararen kontrako mezuak asko gogortu ziren eta ordutik uste dut ez atzera ez aurrera ibili dela jarrera hori.

Beste gauzak batzuk hobera egin dute, euskalduntze prozesuak aurrera jarraitzen du. Azken hamar urteetan jauzi kualitatiboak eman dira: D eredua eskola askotara zabaldu da, eta garraio eta jantoki zerbitzuak lortu dira. Euskara zerbitzu batzuk zabaldu dira, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera hobea izan da azken urteetan, Euskarabidea institutua indartu da, dirulaguntzak handitu dituzte, prestigiozko kargu askotan arduradun euskaldunak izan dira eta euskara ikustarazi dute (alkateak, lehendakaria)…

Vascuencearen legeak ezarritako zonifikazioak Lizarraldea zatitzen du. Aiegin, duela urtebete eta erreferendum bidez, “zonalde ez vascofonoan” mantentzea erabaki zuten, “zonalde mistora” pasa gabe.

Niri, adibidez, gertuagotik tokatu zitzaidan Oteitzako kasua, hitzaldi bat eman nuen gai horren bueltan. Bertan ere kontsulta bat egin zen, eta baiezkoak irabazi zuen nabarmen. Uste dut, ez Oteitzan soilik baizik eta orokorrean, zenbaitengankrispazio handia zegoela kontu honen bueltan. Kontrako mezuek aurkitu zuten non errotu… diskurtso hori gehiengoarena da? Ez. Gutxiengo hori handitu da? Ez dakit esaten, baina presente dago. Aldekoak ere badauzkagu, noski, eta horrek balantza orekatzen du. Baina erdian, neurri batean, indiferenteak direnak daude, edo epelak, eta hor dago gakoa. Kontrakoak konbentzitzea nahiko zaila da, gure aldetik ahalegin berezia merezi du erdian dagoen jende multzo horrek. Konbentzitu behar ditugu, esan merezi duela euskararekin aurrera egiteak eta arrazoi sendoak daudela horretarako.

Esango nuke euskaldunak mundu bitar batean bizi garela, euskara eta erderekin. Gu ohituta gaude batetik bestera jauzi egiten, ez digu aparteko arazorik sortzen, bietatik edaten dugu eta biekin bizi gara. Baina mundu bitar edo aniztar batean bizi ez denak, elebakarrak, agian pentsa dezake bata edo bestea izan behar duela? Hortik abiatuta ezin ulertzea etor liteke, euskararen alde egitea bere aurka egitea pertzibitu baitezake.

Eta zer diote datuek euskalduntze prozesuari buruz?

Tamalez, eskualdeari begira, azken datu zehatzak 2001ekoak dira. Hortik aurrera badaude datuak, baina eremu zabalago batean. Azken hauei erreparatuta, esan daiteke euskaraz arazo gabe mintzo garenak %15a inguru izango garela Lizarraldean, eta beste hainbeste ulermen mailaren bat dutenak. Hau da, biztanleriaren laurdena pasak euskara uler dezakeela esan daiteke. Hori bezain interesgarria da adin banaketa, %25 hori ez baitago adin guztietan berdin banatua, eta zorionez, piramideak gure alde jotzen du, gaztarorantz. Hemen badirudi ulermen maila %50era iristen dela gazteen artean, Lizarraldean orohar.

Merindadean ere aurrerapausoak nabarmenak dira. 1991ko inkestan ikus zitekeen euskaldunen %75a Lizarran bizi zela, eta 2000. urterako jada euskaldunen erdia zen; ez Lizarran gutxitu zirelako, inguruko herrietan ugaldu zirelako baizik. Erabilera %5 inguruan ibiliko da. Badugu ibilbidea egiteko.

Alfredo Dufur

Praka bete lan dabil Garean euskara elkartea, beraz…

2007an sortu zen elkartea, oso sendo. Denborarekin Garean gisa eragiteko indarra galdu du, baina proiektu asko sortu ditu eta proiektu horiek osasuntsu daude. Jende berria sartzen da, eta egitasmo batek indarra galtzen duen tokian beste bat ateratzen da. Gareanen helburu nagusia erabilera da, euskaldunek euskaraz egiteko proiektuak bultzatzen ditugu, eta une honetan helburua dagoena mantentzea da, eta odol gaztea lortzea. Inoiz bileraren batetik burumakur atera gara, baina ondoren herrian eta inguruan euskaraz egiten diren gauza guztiak zerrendatzen ditugu, eta orduan jabetzen gara hemen daukaguna ez dagoela leku guztietan.

Horretaz gain, euskara elkarte bezala, auzolana eta neurri bateko profesionalizazioa uztartu nahi ditugu. Hau da, kontratatzen diren ikuskizunak ordaindu egin behar dira, baina kudeaketak ere behar luke profesionalizazioa. Ez erabatekoa, zeren eta bestela zerbitzu batean bilakatuko ginateke, erakundeek zuzenean egiten ez dituzten hainbat gauza Gareanen bidez egiteko tresna.

Uste dut gauza batzuk udalaren bidez egin beharko liratekeela, bereziki 3 eta 16 urte arteko gazteei bideratutako aisialdi eskaintza jarraitu eta osatu bat euskaraz; eta ez gaur egun bezala, udaletik kanpoko euskaltzaleok ahal duguna eginez. Zerbitzu bilakatzeak badauka gabezia handi bat, eta da euskara elkartea ez dela dedikatzen jendearen iritzietan eragitera; agian beste aktore batek egin behar luke hori (Euskal Herrian Euskarazek, nik uste), baina talde hori ez badago, eginkizun hori euskalgintzari dagokio; adibidez, eta besteak beste, euskara elkarteari. Eragin udalean, herritarrengan, kontrakotasunak leundu, aldekotasunak zabaldu…

Proiektu komunikatibo bat ere baduzue eskuartean: Kotarro.

Gareanen proiektua da, eta urteetan lau aldizkari argitaratzetik zortzi argitaratzera pasako gara orain. Gainera, auzolanari profesionalizazio apur bat ere gehitu diogu oraingoan. Interneten ere hutsune bat bete dugu, bai webgunearen eta bai sare sozialen bitartez. Potentzial handiko tresna da, baina kalitatea hobetu behar du; horretarako jende gehiago behar dugu inguruan.

Duela bi urte egindako elkarrizketa batean Paul Bilbaok honakoa zioen: Hizkuntza bat normalizatzeko lau zutabe daude: corpus juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa. Uste dut Nafarroan oraindik ez dagoela corpus juridiko egokirik, eta bertan kokatuko nuke lehentasuna”. Nola ikusten duzu zuk?

Plangintzak eta baliabideak ere corpus juridikoaren barnean egon daitezke neurri batean… Baina herri gogoa ez dago hor. Bat lehenestean oiloaren eta arrautzaren eztabaidan sartzen garela iruditzen zait. Corpus juridikoa behartu dezakezu. Aurreko legegintzaldian alderdiren batek planto egiten bazuen lor zitekeen corpusean apur bat gehiago aurrera egitea, baina corpus hori desegin digute Iruñeko Udalean eta agian ere Nafarroako Gobernuan …

Politikari asko ez dira ausardiaz mugituko herri gogoak ez baditu babesten, edo behartzen, eta nik ez dut azken urteetan herri gogo sendo bat ikusi. Nafarroan beste gai batzuekin bai ikusi dudala, baina euskararekin ez. Dena den gauzak apurka aldatzen doaz, eta geroz eta jende gehiagok jakin euskaraz geroz eta jende gehiagok sumatzen du gertuago. Batzuk boterea geroz eta urrutiago ikusi oldarkorrago joko dute gure aurka, baina azkenean hori haien kalterako izango dela sinetsita nago, baikorra naiz epe luzera begira. Motelduko gaituzte, kaltetuko gaituzte, baina ez gaituzte geldituko.

Labur bada ere, gai al zara euskarak Lizarraldean bizi duen AMIA bat egiteko? Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak, Ahuleziak.

  • Indargune bat, biztanleria-piramidea.
  • Ahulezia bat, euskaldunen dentsitatea eta, neurri batean, hortik eratorritako erabilera.
  • Mehatxua, zenbaitek euskara mehatxu gisa hartzea.
  • Aukera, euskal komunitatearen kontzientziazioa: jarrerak, eskubideak, berdintasuna…
Alfredo Dufur
Alfredo Dufur  Alfredo Dufur
Alfredo Dufur  Alfredo Dufur  Alfredo Dufur  Alfredo Dufur  Alfredo Dufur

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude