Alexia

Alexia –

Alexia
Arg: EITB

Alde Zaharrean izan da. Jendea hori egia dela segurtatzera edo sakelakoarekin argazki edo bideo propioa egitera erakartzen duen gauza ezdeus horietako bat da. Terrazak irekitzeko seinalearekin batera atera da robot bat tabernaren atarira. Ustez, langileak laguntzeko. Baina motela da, ez dirudi taberna baten erritmoa jarraitzeko gai denik. Kuxkuxeroak eta komunikabide asko erakartzeko gai da, ordea.

Alexia robot zerbitzari bat da. Pantaila babesle bat ere jarri diote buruan, kutsatzeko arriskurik batere ez badu ere. Baina harrigarriena (edo ez) bere itxura da: gona moduko bat, titiak… emakume gorpuzkeraren tankera eman nahi izan diote.

Unescok iaz egindako ikerketa batean argi ikusi zuen ahots laguntzaileek emakume doinua izaten dutela. Ez beti, autoetan ohikoagoa da gizonarena. Aginduak ematen dituzten robotak gizon, aginduak bete behar dituztenak, emakume. Ahots neutroen alde egiteko gomendatu zuen Unescok, genero binomioa hauste aldera. Egia esan, buruan pantaila babeslea paratzea bezain zentzugabea da robot bati titiak eta gona paratzea.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 12koa]

Alexia

BARDO GORRI NAFARRA