Aldundia ala “diputación”?

Aldundia ala “diputación”? –

Nola da posible Euskal Herriko herrialde euskaldunenean Aldundiko Ogasun Sailak errenta aitorpena lehen aldiz egin behar duten gipuzkoar guztiei bere proposamena gaztelania hutsez bidaltzea? Aldundiko Euskara arduradunek ez al dute kontrolik ala  utzikeria hutsa da?

Aldundia ala "diputación"?

Euskarak marketinerako arma hutsa dirudi Gipuzkoako Aldundiaren eskuetan. Izan ere, Gipuzkoako Ogasunak ondorengo hiru urteetan euskara 100.000 zergadunen hizkuntza aukera izatea helburutzat duen marketin kanpaina egin du aurten, baina une berean bere esku dagoen lehen ekimena gaztelania hutsez bideratu du.

Hori bai, Ogasun eta Finantzako foru diputatuak azaldu duenez, “Errenta kanpaina herritarren kontzientziak astintzeko abagune ona da”. Arduradunak esan duenez, “Gipuzkoa Euskal Herriko herrialderik euskaldunena da eta, horregatik, eredugarriak izan behar dugu, gure hizkuntzaren erabilera sustatzerako orduan”. Baina hori esan eta bere proposamena gaztelania hutsez bidaltzea ulertezina da. Horretan datza Gipuzkoako Foru Aldundiaren marketinaren eta errealitatearen, aldea euskararen alorrean.

LABen ustez, herritarrei eginiko hamaikagarren adar jotzearen aurrean gaude. Lotsagarria, salagarria eta onartezina da. Larrañagak berak aitortu duenez, “gizarteak, erakunde publikoek eta norbanakoek urtetan egindako ahaleginaren ondorioz, 2016an Gipuzkoan 16 urtetik gorako biztanleetatik 306.000 inguru euskaldunak ziren (% 50,6). Hizkuntza berdintasunaren aldeko ahalegin horren ondorio gisa, gaur egun Gipuzkoan 78.000 herritar inguruk dagoeneko aukeratu du euskara Ogasunarekin duen harremanetarako hizkuntza moduan”. Eta, hori esan ondoren gaztelania hutsez banatzeko proposamena? Izugarria!

Diputatuaren hitzetan, foru Ogasuna prest omen dago herritar ororen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta ohi duen kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. “Edozein dela ere zerga arloari buruzko zalantza edo kezka, Gipuzkoako foru Ogasuna gai da euskaraz erantzuteko”, azaldu du. Horregatik, dei egin die herritarrei pausua eman eta euskararen aldeko hautua egiteko, baina Ogasunak gaztelania hutsez egin du.

LABek Gipuzkoako Foru Aldundiari, bertako Ogasunari eta Larrañaga jaunari gogorarazi nahi die, herritar euskaldun orok duela eskubidea euskararen lurraldeko edozein administraziorekin harremana euskaraz izateko, ahoz zein idatziz. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 10/1982 Legeak dio euskara bertako berezko hizkuntza dela, eta ofiziala, gaztelaniarekin batera.

Hala, euskal herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, bai eta lanbide-jarduerak euskaraz egiteko eskubidea ere. Horrela, Herri-aginteek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin beren jarduera zaindu behar dutela, horretarako neurri egokiak hartuz (4. artikulua). Ez da hori Aldundiak egin duena.

Bestetik, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legearen 38. artikuluan adierazten denez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek, kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute, eta ondorioz, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko gertu egon behar dute, horien hizkuntza ofiziala edozein dela ere. Eta hori ere ez du bete Gipuzkoako Aldundiak.

Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko LAB sindikatuak Ogasun Saila Hizkuntza Eskubideen Behatokian zein Elebiden salatu duela jakinarazi nahi du, etorkizunean Gipuzkoako Aldundiak euskararen aldeko diskurtsoa eta marketina ezezik, praktika eta politika egokiak ere gara ditzan.

 

Koldobike Muniain Agote

Iñaki Mariskurrena Diez

Nadet Arrizabalaga Urbieta

Aldundiako LABen ordezkariak

Aldundia ala “diputación”?

LAB sindikatua, Gipuzkoako Foru Aldundia