Aldi baterako lan poltsak zabaltzeko deialdia egin du Jaurlaritzak, berriz ere

Aldi baterako lan poltsak zabaltzeko deialdia egin du Jaurlaritzak, berriz ere

EAEko Administrazio orokorrean ordezkapenak egiteko zazpi lan-poltsa zabaltzeko deialdia egin berri du Eusko Jaurlaritzak.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi duenez:
lan-poltsen deialdi hau, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin duen konpromisotik sortu da… Eusko Jaurlaritzak lan-aukerak eskaini nahi dizkie gazteei, eta, aldi berean, Euskadiko herri-administrazioko langileen batez besteko adina gaztetu nahi du…  Hori da 2017 honetan Eusko Jaurlaritzak egingo duen Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren helburuetako bat… deialdi honi esker, arinago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira“.

Hitz hanpatu horien itzulpena egin beharra dagoela uste dugu.

EUSKO JAURLARITZAK ENPLEGU PUBLIKOAREKIN DUEN KONPROMISOAZ hiruzpalau datu:

Azken urteotan 21.000 lanpostu suntsitu dira EAEko Administrazio publikoan.

Aldi baterako lan poltsak zabaltzeko deialdia egin du Jaurlaritzak, berriz ereHiru lanpostutik bat aldi baterako da EAEko Administrazioan, EZ-egonkortasuna sustatuz. Ganorazko oposiziorik deitu gabe darama hamabost urte inguru.

Jaurlaritzak EZ ditu hartutako konpromisoak betetzen. 2010ean sindikatuokin adostutako lan hitzarmeneko atalik garrantzitsuenak sistematikoki bete gabe daude.

Jaurlaritza da langileak okerren tratatzen dituen administrazio publikoa, besteak beste, murrizketak atzera botatzen azken administrazioa izaten ari da esaterako (pentsio planetara ekarpenak, 2012ko abenduko apartekoa, baja osagarriak…). EAEko eta Nafarroako Foru aldundiek eta udalek baino askoz okerrago. Espainiako gobernuaren langileak baino okerrago ere!

EUSKO JAURLARITZAK GAZTEEI ESKAINI NAHI DIZKIEN LAN AUKERAK direla eta:

Aldi baterako lanpostuak eskaintzen dizkie Jaurlaritzak gazteei, gaixotasun bajak, amatasun bajak, estzedentziak, eta kasurik onenean, jubilazioak betetzekoak. Oposizioak deitu eta lanpostu finkoak eskaini baino, nahiago dute lanpostu prekarioak eskaini, sustatu eta kronifikatu.

Administrazioa gaztetuko da ezinbestean, langileen bataz besteko adina altua baita, eta jubilatzen diren heinean lan poltsetako gazte prekarioez beteko baitutu Jaurlaritzak hutsune hauek.

PLAN ESTRATEGIKOEKIN ESTALI OHI DU JAURLARITZAK EKIMENIK EZA

Euskara Normalizatzeko Plana, edo Berdintasun plana dira esandakoaren adibide argiak.

Propaganda egiteko, eta ezereza estaltzeko erabili ohi dira planen iragarpenak Jaurlaritzan. Sarri, ez ekimen zehatzik, ez baliabiderik, ez arduradun jakinik izaten ez duten planak baitira.

Oraingoan ere, idatzi gabe dagoen balizko plan estrategiko* batekin lotu dute lanpoltsen deialdi hau, deialdia egiteko arrazoi bakarra, indarrean dauden poltsak agortuta daudela delarik.

PUBLIZITATE, BERDINTASUN, MERITU ETA GAITASUN” PRINTZIPIOAK EUSKO JAURLARITZAN

Publizitatea bai. Hainbestekoa ze, jende askok oposizio deialdi bat dela ulertu baitu.

Berdintasuna? Batetik, jende askok gorriak igaroko ditu ikasgaiak eskuratzeko, Jaurlaritzak ez baititu eskueran jartzen. Gaiak eskuratzeko aukerek ezarriko dituzte lehen aldeak izangaien artean. Bestetik, hainbat erreklamazio, helegite eta eskaera izan dira beharrezko presaka eta propaganda hutsera begira egindako deialdiaren “akatsak” zuzentzeko:  hasierako deialdian ontzat ematen ez ziren zenbait gradu-ikasketa onartu eta eskaerak egiteko epea luzatu behar izan du Jaurlaritzak zenbait lanpoltsetan.

Euskaldunak ez gara “hain berdinak”. Ikasgai batzuk euskarara itzulita badaude, beste asko españolez baizik ez daude. Gero, jendeak ez dituela azterketak euskaraz egiten esango dute.

Meritua baino ez da euskararen ezagutza lanpoltsarik garrantzitsuenetan (abokatu, mediku, goi-mailako teknikari eta lan aholkulari). Aldiz,  espainiera guztietan da ezinbestekoa, inon aipatzen ez bada ere… aipatu beharrik ez dagoelako.

Gaitasuna? Ikasgaiak eskura dauzkanak “gaitasun” handiagoa erakutsi ahalko du, oraindik eskura ez dauzkanak baino. Bestalde, ikasketak españolez burutu dituenak, “gaitasun” handiagoa erakutsi ahal izango du euskaraz ikasi duenak baino, ikasgai gehienak españolez baizik ez daudelako eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzak, lehengo lepotik burua, (guri ordainarazitako) propagandak propaganda.

Aldi baterako lan poltsak Aldi baterako lan poltsak Aldi baterako lan poltsak Aldi baterako lan poltsak

EAEko administrazio orokorreko ELAren arduraduna

5 pentsamendu “Aldi baterako lan poltsak zabaltzeko deialdia egin du Jaurlaritzak, berriz ere”-ri buruz

  • Eusko propagandaritza, edo kea saltzen S.L.

  • Hau da hau! Iruzur hutsa da guztia. Ez meritu, ez berdintasun, ez ezer.
    Eta euskaldunak beti bezala azkenputz.

  • Antza, 20.000 lagun baino gehiagok eman dute izena lan-poltsetan. Gallifanteek jendearen ilusioarekin eta beharrizanekin jolasten dute ardura barik.

  • Euskara jakiteko beharra kentzen dute eta horrela PSE-PSOEk eta enparauek inguruko probintzietako jendea ere erakarri ahalko dute, eta espainarrei erakakutsi zein zintzoak eta konstituziozaleak diren.
    Jakina, hori guztia PNVren bedeinkapenarekin (abertzaleak? Bai, zera!)

  • Lanpoltsa guztien azterketak egun bererako ez dituzte ba iragarri?
    Eta zer egin behar dute lanpoltsa bat baino gehiagotan izena eman dutenek?