Alderdien gutunak ikuspegi komunikatibotik

Alderdien gutunak ikuspegi komunikatibotik aztertzen saiatuko naiz. Ez komunikazio kontuetan aditua naizelako, ezta gutxiago ere. Alderdiek dirutza gastatzen dute milioika gutun bidaltzen herritarrei, eta ideologia politikoen bagaje guztia (edo gehiena) alde batera utzita, zer komunikatu didaten konpartitu nahi nuke zuekin. Zer helarazi didaten. Badakit gaur denok emaitzekin bueltaka ibiliko garela, baina zertarako dago ZUZEU, orain beste nonbaiten aurkituko ez duzuna topatzeko ez bada? Goazen ba.

Alderdien gutunakEusko Alderdi Jeltzalea: normalean komunikatiboki oso txukunak direla iruditzen zait. Diseinua eta argazkiak oso zainduta daude, eta triptikoa gustatu zait. Irakurterraza, izenburuak ondo kokatuta, eta 10 puntuen laburpenean asmatu egin dute. Grazi handirik egin ez didana kontraportadako argazkiak islatzen duena da: gizonak euren traje ilunekin politika, emakumeak zaintza. Ez dakit kanpaina erdian ohartu diren usteko hanka sartzeaz, edota herrialdeka ezberdina den. Batzuetan neska bat lehen planoan agertzen da bizikleta tailer batean. Leloa hobea gaztelaniaz euskaraz baino. “Lehenik Euskadi”; “eta ondoren zer lagun?” galdera etortzen zait burura. Erdi eta erdi euskara eta gaztelania.

Ciudadanos: gutun azal baten barruan beharrean, gutuna bera aldamenetik itsatsita bidali dute. Xumetasuna helarazten du. Helbidean ez ditu izen-abizenak jartzen, “Estimados Ciudadanos” baizik. Kanpotik, kolore korporatiboa eta Riveraren argazki bat, tratatuegia nire gusturako. Lema ondo aukeratua sortu berri eta goranzko joeran dagoen alderdi batentzat, “vota con ilusión”; barruan, lehentasunak sinple eta argi adierazita.

gutunakPSOE: iritsi zaidan gutun pertsonalizatuena iruditu zait. Gutun-azala gazteentzako propio egindakoa da, marrazki eta tipografia informalekin. Nire iritziz azalean bertan bi lelo jartzea ez da erabaki ona. Aski da batekin. Sobrea bera gorria da, euren kolore korporatiboa. Barruan Pedro Sanchezen gutun bat dago, euskaraz eta gaztelaniaz, azkena lehenetsita. Goiburua ez zait gustatu. “Botoa eskatzen duen politiko baten beste gutuna”. Ez naiz batere jantzia idazkera kontuetan, baina “beste gutun bat” egokiagoa litzatekeela esango nuke. “Ezerk ez zaizula interesatzen” irakurri dudanean ere Iratiko boli-dorrean norbait haserretuko zela pentsatu dut. Kontua da irakurleari enpatia sortzeko saiakera merke xamarra iruditu zaidala. Amaitzeko, ez dakit zer pasa zaion Photoshopa maneiatzen ari zenari, baina 20 urte gehiago jarri dizkio Sanchezi.

PP: ez dute alderdiaren sinboloa jarri ere egin gutun-azalean, bestela hiru laurdenak paperontzira joango zirelako zuzenean (diñot). Gutuna gaztelera hutsean eta adreilu xamarra; atzean lau lehentasun azpimarratuta agertzen dira, horietako bat lurraldekoa. Rajoyren argazkia goran eta eskuinean dago, eta eskuinera begira ari da; horrek argazkigintzaren oinarrizko lege bat hausten duela iruditzen zait, ez baita gutuna begiratzen ari baizik eta markotik kanpora, guk ikusten ez dugun toki batera. Leloa (“España en serio”) eta “20-D”-rekin egin duten diseinu sinpleak egokiak dira haien intereserako.

Podemos: Ez zait iritsi.

UP: ez zait iritsi.

Alderdien gutunak

Euskal Herria Bildu: gutun-azala nire bizilagunek jarri dute postontzian, eta ez korreo zerbitzuak; horrek abiapuntutik balio erantsi nabarmena ematen dio. EH Bilduk kolore gama zabala erabiltzen du bere komunikazioan, eta banatu duten esku-orriak bizitasuna helarazten du. Kanpainan oinetakoak erabili dituzte tresna komunikatibo bezala, eta badute presentzia. Nire ustez testu gutxiegi dauka, eta leloa, “Bildu erabakira”, lau aldiz errepikatzea soberan dago. Euskara eta gaztelania erdibana. Argazkiak oso txukunak, zerrendaburuena nabarmenduta. Ezkerreko argazkia kalerako erabili diren kartelak dira, etxera bidali duten esku-orriaren diseinu estilo berarekin.

Alderdien gutunak ikuspegi komunikatibotik