Aldeko haizea behingoagatik, poziktibity!

Aldeko haizea behingoagatik, poziktibity!

Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, ‘Poziktibityproiektua aurkeztu zuten atzo Bilbon.
Ekitaldian EiTB-ko zuzendari Maite Iturbek, Errealeko Imanol Agirretxek eta Athletic-eko Aritz Adurizek hartu zuten parte ere, besteek beste.
Bazen garaia, behar gorria genuen eta
, “Munduoro euskaraz” aurreko legegintzaldiko kanpaina txupiguai-absurduaren ostean, Erroman, eta Pekinen, Donostian “bezala” euskaraz bizitzeko mugarik ez zegoela proposatzen zigun hura.
Poziktibity-k, beraren gainean gauza handirik ez badakigu ere, itxura ona dauka.
Abiatzeko aukeratu duten espota, Aduriz eta Agirretxe futbolarien eskutik datorrena, indartsua da, baikorra, gaztea, harrotasuna dariona… Horiexek biltzen ditu, behar beharrezkoak ditugun ezaugarriak. Ea hurrengo iragarkiak ere (iragarki serie bat omen da), aipatutakoa bezain indartsuak diren!

Horra Baztarrikak eta Uriartek aurkezpenean esandakoetatik zertzelada batzuk:
Poziktibity jarrera bat da, tonu bat, balore batzuk, … Gero eta ‘Poziktibity’ diren pertsona gehiago izan, orduan eta bizitasun gehiago izango du euskarak… Helburua, beraz, jendea euskaraz hitz egitera animatzea da, lotsak, beldurrak eta segurtasunik ezak alde batera utziz”.
“Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean gora joan. Eta honetan eragin nahi du Poziktibityk… Helburu honetarako, gizartean erreferente diren pertsonek sortutako elkarrizketez baliatu da ‘Poziktibity’. Pertsona hauek bere jarduera profesionalarengatik dira erreferente, ez euskararekiko izan dezaketen erlazioagatik. Euskaldunak dira eta euskara egunero erabiltzen dute.”
“Euskaraz mintzatzeko gogoa piztu nahi du egitasmo honek. Jendea, giro positibo batean, animatzea bilatzen du. Eta honetan berdin du asko edo gutxi jakin. Denak behar ditugu. Oso ondo dakitenak eta hain ondo moldatzen ez direnak. Denak. Konplexurik gabe. Beldur eta lotsarik gabe”
“Euskararik txarrena egiten ez dena da, eta egiten diren euskara guztiak dira onak. Bikain edo ez hain bikain, suelto-suelto edo baldar xamar, baina hitzetik hortzera erabiltzen dena da euskararik onena. Guk erabili edo ez erabili: hor dago gakoa”

“Euskara EITB sortzeko arrazoietako bat da. Arrazoi nagusia, esango nuke nik…” (Iturbek)
“Gogorra egiten zait euskaraz hobeto manejatzen den ume bat nigana autografo eske hurbiltzen denean gaztelania erabiltzea. Horrek arrazoi sinple bat dauka: Ume horrek gaztelerarekin lotzen nau komunikabideetan batez ere gazteleraz ikusi nauelako…” (Agirretxek)
“Zentzu honetan nik egin dudan ekarpenak euskararen erabilera bultzatzeko balio badu, ongi etorri izan dadila. Egia esan, proiektua hobeto ezagututa, oraingoz harroago nago proiektu honetan parte hartzeagatik…” (Adurizek)

Ekimen interesgarria da eta oso beharrezkoa, poziktibity. Lehenago behar zuen, baina tira, ongi etorria eta bide luze bezain arrakastatsua izan dezala.
Hala ere, ondo legoke gogoraraztea “bakoitzaren beldurrak eta konplexuak gainditzeko” oso-oso lagungarria izango litzatekeela agintariek eta erakunde publikoek baldintza egokiak bermatzea, euskaldunak eta erdaldunak berdintasunez artatuak izatea, edonoren aurrean (ertzainen, medikuen, epaileen eta beste askoren aurrean adibidez) lasai eta patxadaz euskaraz hitz egin ahal izango dugula jakitea, euskarazko kultur eta aisialdiko eskaintza nahikoak eta kalitatezkoak edukitzea eskura, edota ETB1eko programazioan orain arte baino askoz gehiago eta hobeto inbertitzea. ETB2-k daukana bezain programazio duin eta koherentea edukitzea gutxienez.
Neurri horiek eta beste batzuk hartuta, eta Poziktibity bezalako ekimenen laguntzaz, beldurrak eta konplexuak gaindituko ditugu euskaldun askok eta askok.
Ziur gainera.

Aldeko haizea behingoagatik, poziktibity!

21 pentsamendu “Aldeko haizea behingoagatik, poziktibity!”-ri buruz

  • Euskaldunek ez dugu euskaraz egiten lotsatiak eta beldurtiak garelako? Ala Jaurlaritzak ez duelako bere lana arduraz betetzen?
    Noizko tratu duina euskarari EiTBn? Noizko tratu duina Ertzaintzak? Noizko erdaldunek dauzkaten eskubide berberak euskaldunentzat?
    Kanpaina bat baino askoz gehiago behar da Menpekotasunetik irteteko.

    • Olatz Peñagarikano

      Bat nator Ibanekin. Aspalditik dakigu Euskal Herrian ezin dela euskaraz duintasunez bizi, eta askotan urratzen zaizkigu hizkuntza eskubideak. Azkena eta zarata dexente atera duena Renferen kasua da. Lotsagarria da hain erabilia den zerbitzu publiko batean euskarazko arretarik ez jasotzea, eta are okerrago, hori aldatzeko imintziorik ere ez egitea. Euskararen aldeko kanpaina guztiak izango dira ongietorriak, baina hori baino zerbait gehiago behar da euskararen kontzientzia sustatzeko. Eta nik uste dut betiko euskaldunak ere euskarazko ohitura gutxi ditugula. Zenbat jendek irakurtzen du literatura euskaraz? Zenbatek ikusten dute maiztasunez ETB1? Uste dut arazoa ez dagoela edukietan soilik; nik eleberri eder askoak irakurri ditut euskaraz, eta ETB1eko programak ere irentsgarriak dira, orain aukera eta kalitate hobea dugula esango nuke. Agian guk ere kanpokoari gutxiago begiratu beharko genioke eta alderaketak alde batera utzi, behingoz gureari merezi duen arreta eskaintzeko.

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 12:52

    Asko gustatu zait sarrera, Itzain.
    Euskaldunok gure ardurak gure gain hartuta irabazteko asko daukagu, jadanik dauzkagun baldintzekin. Nik, behintzat, erabileran dezente hobetu dezaket; ehuneko portzentaian puntu asko dauzkat igotzeko, Jaurlaritzaren esperoan egon behar izan gabe.
    Gainera, euskararen erabilera sustatzea Jaurlaritzaren arduretako bat da, euskaldunon eskubideak bermatzearekin batera eta euskarari dagozkion kalte-ordain eta lehentasunezko tratua ematearekin batera.
    Hurrengo urratsa izan dadila gure eskubideen bermea, horrela erabilera are gehiago igotzeko aukera izango dugu eta!

  • Eskertuta dago, Eneko.
    Dena den, nik uste dut kanpaina abiarazi aurretik behar zuela gure eskubideen bermea, eta hori, neurri handi batean Jaurlaritzaren ardurakoa da, baina ez du betetzen. Eta betetzen ez duenez, euskaraz jardun ahal izatea asko zailtzen da. Eta etsipena zabaltzen da aise. Oso jarrera aktiboa eta sarritan ausarta behar da euskaraz jarduteko Euskal Herriko lekurik gehienetan.
    Heregun gertatutako adibide soil bat jarriko dizut: osasun-elkarte bateko bilera Tolosan. Guztiak euskotarrak, eta gehienak euskaldunak. Bilera erdara hutsez doa, ofkurs. Halako batean koordinatzaileari galdera egin diot euskaraz, nahi bazuen erdaraz erantzuteko gehituta. Esaldia bukatu orduko bilerakidetako bik, erdaldun eskubideguztidunak biak, lepora salto, erdaraz egiteko” eta ez dutela ulertzen!, eta halakoak, edukazioa eta errespetua etxean (Bilbo aldean) ahaztuta nonbait.
    Honakoa esan nahi dut: batetik, euskaldunoi inork ez badigu (Euskal Herrian) euskaraz noizahi hitz egiteko eskubidea bermatzen. Eta bestetik erdaldunei inork ez badie esaten euskaldunok eurak bezain pertsona garela eta hizkuntz eskubide bertsuak dauzkagula (gezurra izan arren), oso ariketa zaila gertatzen da euskaraz naturaltasunez eta eroso hitz egin ahal izatea Urola-kostatik, Lea-Artibaitik edo Deba bailaratik kanpo, eta poziktibity bezalako kanpainek, beharrezkoak eta poziktiboak izanagatik, erabat erren eta antzu jaiotzen dira, neurri estrukturalak hartu ezean.

    • Josu Larrea 2014-05-27 14:05

      Oso ona, Itzain, eskerrik asko.
      Jaurlaritzaren mezutik honekin geratuko nintzateke: “Euskararik txarrena egiten ez dena da, eta egiten diren euskara guztiak dira onak. Bikain edo ez hain bikain, suelto-suelto edo baldar xamar, baina hitzetik hortzera erabiltzen dena da euskararik onena. Guk erabili edo ez erabili: hor dago gakoa”.

      Izan ere, iEAJk bere esku dituen instituzioetatik egin den kanpainarik onena BFAren “Euskararik onena, zeurea” izan delakoan nago, erabileran aurreratzeko eragin eremu hurbilena, handiena eta emankorrena euskaldun gaiena baita nire iritziz.

      Baina kanpaina honi arazo bi azpimarratuko nioke:
      – Zeuk botatakoaren ildotik: euskaldunak euskaraz ez egitearen arrazoi nagusia aurrean duenaren erreakzioari beldurra izatea (babesgabetasun ikasia) delakoan nago. Hortaz, hobe luke EJk bere funtzionario samaldaren gain jartzea pisua, eta ez horiexek hainbeste aldiz txarto tratatutako euskaldunongan baino, emankorragoa litzateke.
      (Irakurri http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-04-23/006/001/ondolehendakarijaunaarigara_hurbiltzen.htm)
      – “Poziktibity” ondo dago, baina hau ez da Aliziaren mundu marabilosoa, hortaz, argi utzi beharko litzateke euskaldunak kontrako jarrera aurkitzen duenean bere haserrea (ondo) bideratzeko eskubidea eta beharra, hasteko duintasunez jokatuz (edozein eremutan edozien kontsumitzailek egin dezakenaren ildotik), eta jarraian, dagokion kexa bideratuz, Behatokira zein Elebidera (azken honetara EAEko administrazioa tartean denean).
      Pentsatu baino gehiago eragin dezakegu hortik, eta mezu alaiegiak (mingarriak zenbaitetan) malgutuko genituzke horrela, ardura nagusia duenari baloia itzuliz, eta hori bai, gu pozik geratuz.

  • Ados. Neurri eraginkorrak hartzeko lagungarri izan dadila poziktibity, eta ez ardurak gainetik kendu eta herritarrei egozteko, hor konpon marianton erara…

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 14:36

    Josu eta Itzain, ados nago diozuenarekin. Ardurak denok dauzkagu: bai instituzioek, bai geuk. Sustapenari dagokionez, nire iritziz administrazioarena da ardura guztia, eta alde horretatik kanpainak behar ditugu. Erabilerari dagokionez, ardura konpartitua da: administrazioak, erabiltzeaz gain, eskubideak bermatu behar ditu; baina, azken batean, jendeak erabiltzea gutako bakoitzaren ardura da.
    Alegia, administrazioen utzikeria ez dadila izan gutako bakoitzaren utzikeria estaltzeko aitzakia.
    Nik aitortu dut: egungo baldintzekin, erabileran hobetu dezaket. Zuek topea jo duzue?
    Nire ustez, administrazioek bere ardurak bete ditzaten, gakoa guregan dago.

  • Ni topean nabil, Eneko, eta susmoa daukat, ezagutzen dudanagatik, Josu ere antzerako dabilela, topean bainoago, topeka. Eta topean nabilelako, eta norbere ekimenaren mugak non dauden ikusi dudalako, horregatik insistitzen dut agintarien arduran. Eta agintariez ari naizenean, berdin zait Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia edo Altsasuko udala… Ez dute maila ematen. Are gehiago, euren ardura estaltzen dute, batzuek besteek baino gehiago, bai, baina denek ere.
    Jaurlaritzako langilea naiz. Etxe honetan, Euskararen Legea onartu zenetik 32 urte igarota ere, erdaraz egiten da lan zerbitzu gehien-gehienetan; euskarazko zerbitzua jasotzea (barruko zerbitzuez ari naiz) oso zaila gertatzen da; oraindik ere ez dago hizkuntzen erabilera irizpiderik; langileentzako prestakuntzaren %80 erdaraz da; euskara teknikariak normalizazio lanetan baino askoz gehiago, itzultzaile lanetan aritzen dira; ezagutu dugun azken sentsibilizazio kanpainak, oraindik etxe honetako ormetatik begiratzen gaituenak, euskara erabiltzeko mugarik ez dagoela eta Parisen, Hong-Kong-en edota Bilbon, euskaraz egitea gure aukera dela diosku (ez da txantxa); langileen arteko euskararen erabilera sustatzeko ekimen orokorrik ez dago (esaten dute sail batzuetako unitate batzuetan badirela saiakera batzuk)…
    Eusko Jaurlaritzan euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Gure zerbitzura etorri ohi dira zerbitzua ematera tarteka, euskaraz egin nahi izan ez duten langile elebidunak, pentsa zein den batzuen jarrera, inongo ondoriorik ez duena.
    Etxe honetan euskaraz egiten duenak, oso jarrera aldekoa eta aktiboa daukalako egiten du. Inertziak erdarara eramaten zaitu bestela, bai ala bai. Besteak beste, agintariek, oro har, erdaraz egiten dutelako, eta lana erdaraz eskatzen dutelako… askok euskaraz jakin arren.
    Esan nahi dut, agintariek ezin dietela eskatu herritarrei lotsa eta beldurrak gaindi ditzaten, eurek horretarako baldintzak bermatzen ez badituzte. Eta hurrengo post batean, baldintzez hitz egingo dugu nahi baduzu. Uste dut badela garaia non eta nola bizi garen argi uzteko.
    Besarkada bat.

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 15:36

    Eutsi ba, Itzain, temati eta espaloitik jaitsi gabe. Bistan da etengabeko lana eta borroka egin behar dugula, ezer aldatu nahi badugu.

  • Aitor Kaltzakorta
    Aitor Kaltzakorta 2014-05-27 15:57

    Ertzain erdaldun elebakarra haserre etortzen zaidanean poziktibity osoz erantzuten badiot izango al du poziktibity apurrik nire jarrerarekiko. Saiatuko zait euskaraz erantzuten? Desobedientzia leporatu eta isuna jarriko dit (Euskal Selekzioaren azken partidan halaxe egin zion lesakar bati euskal poliziktiby erdaldun elebakar batek) akaso? Poziktibity es mucho (pedir) administrazio baskongadoko arlo askotan, oraindik.

    Sarkasmoa erabiltzen ari zinela iruditu zait irakurtaldi ia osoan. Enekoren erantzua ere ironiatik idatzita zegoela uste nuen. Sorpresa. Ez nuen espero, egia esatera. Halaz ere pozten nau mezu honekiko zuen optimismoak (neuretzat nahiko nuke).

    Erosiko nuke HPStik saldu nahi didaten produktua, nondik gatozen jakin ez eta nora goazen (edo nora eraman nahi gaituzten egitasmoaren sustatzaileek) jakingo banu. Ez da hala, inondik inora.

    Gutxienez, ez luke hain iruzur iraingarria, disimulurik bako zurikeria ariketa nardagarria emango baldin eta beste diskurtso guztiaren hastapenean halako zerbait aipatuko balute: “Bai. Badakigu. Gu gara kudeatzen ditugun administrazioetan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu ez eta gugana poziktibityarekin zatozenean berau ukatzen dizuegun lehenak. Lan asko dugu egiteko oraindik, baina gure ardurak betetzeari zain egoteke zuen aldetik ere urratsak ematera animatu nahi zaituztegu, gu egiten ari garen gisa berean”.

    Gutxieneko autokritikarik balego nonbait…. Euskal hiztunari behin eta berriro (30 urteren buruan bere eskubideak bermatzeko gai izan ez den administrazioatik) jartzen zaion zama arintzeko lerro bakar bat balego behintzat… Aipamenik ere ez.

    “Aurrekoaren hizkuntza aukera errespetatzen badugu, pertsona bezala errespetatuko dugu ere” esan zuen atzo Baztarrikak egitasmoaren aurkezpenean. Ondorioa: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio nagusiak ez nau pertsona gisa errespetatzen, ez dit uzten euskara normaltasunez erabiltzen eta errua neuri soilik botatzeaz gain akonplejatu deitzen nau.

    Poziktibity delakoa sobera dut nik (datozen lekutik datozen halako faltsukeriek haserraktibity apur bat eragiten didaten arren) , administrazio baztertzaile horren etenik gabeko erasoaren aurrean herri mugimenduak eta bertan urteetan egindakoak erakutsi baitit gakoa gugan dagoela. Aukeran, nahiago dut hedabide honetantxe bertan eskegi zuten beste egitasmo baten oinarriko mezua. Ni behintzat HPSko beste honek baino askoz gehiago asetu eta ordezkatzen nau (ez dago zuen iruzkinik bertan, ez dakit ezagutzen zenuten ezta ere nola baloratzen duzuen): https://zuzeu.eus/2014/05/12/muga-guztien-gainetik-euskaraz/

    Azkenik, Eneko, neu ere bat nator Itzainekin: kanpaina honek sinesgarritasun minimo bat izateko, berau abian jarri aurretik ezinbestekoa litzake aipatu eskubideen bermea (edo berau egikaritzeko programa ebaluagarri, serio eta epeetan inplementatutakoa).

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 16:27

      Aupa, Aitor:
      Ezagutzen nian, bai, EHEren larrungo ekimena. Bikaina. Are gehiago, EHEren mezu guztiak iruditzen zaizkidak bikainak. Zer esanik ez, “Ez gara espaloitik jaitsiko” leloa.
      Niri dagokidanez, Itzaini animoa ematearren hasi nauk sarrera honetan erantzunak idazten. Iruditzen zaidak askotan, ia beti, gehiegitan, haserrea adierazteko idazten dugula euskararen inguruan. Ez diat esango horretarako arrazoirik ez daukagunik. Bai esango diat, ordea, ez dudala uste horrek jendea gure kausara erakartzen duenik. Horregatik, Itzainek sarrera tonu baikor eta era berean kritiko batekin idatzi duenean, erantzun baikorra eman nahi izan zioat.
      Zer nahi duk esatea, Aitor. Askotan iruditzen zaidak jentilarena egiten dugula: “Kixmi badator! Lurpera dezagun gure burua harkaitzpean!”. Eta sartzen zaidak ikaragarrizko apatia; borrokatzeko gogo guztia joaten zaidak. Hik uste duk jendeak kopiatuko duela beti marmarka dabilen norbaiten jokamoldea? Nik uste diat ezetz; kopiatuko dik borrokak bizipoza ematen dionaren jokamoldea. Eta niri borrokak bizipoza ematen zidak (badakik frustrazio handi batek borrokatik at utzi nauela urtetan eta urtetan).
      Gauzak ez dituk egun batetik bestera aldatzen, eta ez dituk aldatuko. Nik nahiago diat errealitatea den bezalakoa onartu, eta aldatzeko lan eta borroka egin. Iraultza ez duk egun batean etorriko; admnistrazioak ez dituk goizetik gauera aldatuko. Iraultza iraunkorra behar diagu, borroka gure bizitzaren parte egin, gure bizipozaren iturri bihurtu. Eta haserretzen baldin bagara, seinale txarra. Seinale ez dakigula zein errealitatetan bizi garen. Seinale ez dakigula gure ezinegon eta borrokak bideratzen.
      Eusko Jaurlaritzak bi poz txiki eman zizkidak azken bi asteotan: ertzainei euskaraz egiteko eta eurek guri euskaraz egiteko dugun eskubidea aitortu dik, gure borrokari zilegitasuna eta indarra emanez (Ordiziakoaz ari nauk); eta sustapen kanpaina bat abiatu dik. Hori positiboa duk, eta kitto. Nahiz eta bere burua zuritzeko egin.
      Jakina, beste guztia egiteke dik, eta guk badiagu galtza bete lan eginarazten.
      Beraz, segi dezagun gurea tinko aldarrikatzen, eta gainera jendeak ikusten badu gure jokamoldeakbizipoza ematen digula, gure borrokak zoriontsu egiten gaituela, eta gure garaipenak baloratzen badakigula, ba, bikain. Ez zaik iruditzen?

      • Kaixo
        Euskera ama hizkuntza ez dutenak ze ehunekotan ikasi dute Euskaldunen “bizipozarengatik” ta zenbat behartu dituztelako (eskola, lana, entornuaren jarrera…)?
        Ez hemen ezta inun, jendea ez du ikasten bizipoza horregatik, behartzen ditutzelako baizik, berdin zait txikitatik edo lana izateko,edo baztertuta ez sentitzeko.

        Euskaldunak gazteleraduneki gaudenean gehiena euskaraz eingo bagenu (beraiei zuzentzen geranean kenduta), nahiz ta haserretu, ikasten saiatuko ziran, behartutak sentituko zirelako.
        Baina hain gara adeitsuak.

        Gure bizipoza bada aldaraziko dituna, jai daukagu.
        Nere iritzi xumea da besterik ez.
        Ongi izan.

  • Aitor Kaltzakorta
    Aitor Kaltzakorta 2014-05-27 16:04

    EHEk maiatzaren 10ean zabaldutako mezuarekin erantzun zion ekimen honi, berau ezagutu gabe,noski:

    Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!

    “Euskaraz bizi!” esaten dizuegu, bokatiboan. “Bizi zaitezte euskaraz”, alegia, eta ez hori bakarrik. Euskaraz bizi garela ere esaten dizuegu bi hitz horiekin, edo nahi dugula, edo ahal dugun neurrian euskaraz bizitzeko hautua egin egiten dugula eta saiatu saiatzen garela bederen (euskaraz bizi ezin bagara ez dela euskaraz bizi nahi dugunon arduragabekeria kontua). Euskaraz egiten jarraitzen dugulako segitzen dugula herri gisa bizirik helarazten dizuegu ere hala, eta euskarak ere ematen digula bizia; eta euskaraz biziko den herrirantz ari garela ematen pausoak bizi-bizi, ziztu bizian ez bada ere. Hori guzti hori adierazi nahi dizuegu bi hitz horiekin, eta ez hori bakarrik.

    Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak. Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, lagunak egiteko edo ligatzeko balioko digulako. Zuk aukeratu euskaraz bizitzeko zure motibazioa. Guk badugu geurea, eta nik neurea. Zuek aukeratu zuenak, eta zerorrek zeurea, berak ez bazaitu zerori aukeratu ja.

    Esanda eta esan gabe doa, guk badugu, baditugu geureak. Euskararen eta euskaldunon aurkako sorgin ehizari aurre egitea da bat, beste askoren artean. “Nola? ‘Sorgin ehiza’… kar-kar!” esango du hemen batek edota han besteak: “inoiz baino euskaldun gehiago dago-eta! Euskararen aldeko legeak ditugu baina… Ze sorgin ehiza?”. “Aspaldian aspaldiko eraso erdaltzaleenak gaur bertan pairatzera garamatzana, zein bestela?” da gure erantzuna. Bai, noski, duela 150 urtez gaindi sortu zuten gaur bertan Hendaia, Beskoitze eta abarreko ikastolen proiektuak geldiarazteko mehatxua ekarri digun Falloux legea. Eta hori bezala, beste asko. Ala posible al da, gaur eta hemen, euskaraz ikastea? Posible da, gaur eta hemen, ogasuneko inspektorearekin, pediatrarekin zein erizainarekin, atariko segurtasunekoarekin, ofiziozko abokatuarekin edo epailearekin, kiroldegiko monitorearekin, eskolako liburutegiko zaindariarekin, edozein herri lanetan dabilen obrako buruarekin, isuna jartzera edo zerbaitetan laguntzera datorren poliziarekin eta abar guztiekin euskaraz egitea, aritzea eta bizitzea? Bada, kasurik onenetan, segun eta non, agian.

    Luzetik dator euskararen kate hautsia. Luzarotik baita, euskarari jarritako kate hautsiak. Herritarrok, garaian garaiko euskal hiztun komunitateak, herri euskaldunak eman baitio euskarari arnasa; oztopoak, erasoak eta mugak muga. Ez dira gutxi izan orain artean, eta ez dira gutxi izango etorkizunean hizkuntza ordezkapenaren bidez herri hau azpiratzeko, mendean hartzeko egindako saiakerak, hartuko diren neurriak. Helburua garbia da: euskara inoiz ez normalizatzea. Betirako izatea hizkuntza gutxitua. Hala, euskara eta euskaldunok beti izango baikara normalak ez garenak, gutxiengo gutxitu eta gutxietsia.

    Zientzia fikzioa da oraindik euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea. Are fikzio groteskoagoa euskararen etorkizuna euskaldunon esku dagoela esan, euskararen erabilera urria berau erabiltzen ez dugun euskaldunoi leporatu eta euskara ofizial ei den administrazioetan euskara erabiltzen uzten ez digutenen kasuan.
    Alta, horiek, lotsarik izan ez arren badute arrazoi puntua: herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea osatzen dugun norbanakoongan, gure baitan dago giltza. Baina ez errua. Gure esku dago txipa aldatuz burujabe jokatu eta norberarenarekin batera ingurukoen jarrerak aldatzea. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera dagoen jauzian, euskaraz bizitzeko hautu pertsonal eta kolektiboan hasten da dena.

    Botere politiko eta administratiboak euskararen normalizaziorako paus egokiak emateko prest ez egotea ez da aitzakia euskaraz biziko den herriranzko bidean urratsik ez egiteko. Gure oinetan hasten baita bidea.
    Horretarako etorri gara gaurkoan Larrun gainera. Ez gatoz euskararen eta euskaldunon aldeko neurri konkretu bat irabaztera. Ez gatoz inorekin lehiatzera. Ez gatoz ezer eraiki edo haustera. Gure aldetik jarri ezkero bide luze, latz eta malkartsuen gainetik euskararen aldeko urratsak egin ditzakegula erakustera gatoz. Euskararen alde egoteaz harago horren alde egiteko eta ekiteko prest gaudela adieraztera gatoz Larrun mendiko tontorrera. Euskal Herria zatitu nahi duten mugak desagertzearekin batera Euskal Herri osoko tontor eta ortzi-mugak azaleratzen diren muinera gatoz, oztopo eta sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe jokatuz, malda eta muga guztien gainetik euskaraz biziko den herria irudikatzera.

    Europako Hauteskundeak ditugu gainean. Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna fresko-fresko atzean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen garrantzitsuak epe motzean. Zer garen eta zer izan nahi dugun adierazi eta erabakitzeko uneak dira denak. Halarik ere, esan bezala, lehen erabakia hartzea norberari dagokigu, eta, zentzu horretan, egunero da D eguna.”

  • Aitor Kaltzakorta
    Aitor Kaltzakorta 2014-05-27 16:12

    ‘Poziktibina’ Osakidetzak ordainduko dit? Renfekoak baino gehiago arduratzen nau iragan asteko Zumaiako anbulatorioko kasuak: “Osakidetzan mediku euskalduna erdaldunarekin ordezkatzen ari dira”>> http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1400648335
    Ukan birusak ez gaitzala harrapatu sikiera…

  • Ni neu ados zeurekin eta ekaritako testuarekin. Biribil-biribila iruditzen zait honako pasarte hau, adibidez:

    “Zientzia fikzioa da oraindik euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea. Are fikzio groteskoagoa euskararen etorkizuna euskaldunon esku dagoela esan, euskararen erabilera urria berau erabiltzen ez dugun euskaldunoi leporatu eta euskara ofizial ei den administrazioetan euskara erabiltzen uzten ez digutenen kasuan.
    Alta, …badute arrazoi puntua: herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea osatzen dugun norbanakoongan, gure baitan dago giltza. Baina ez errua.
    Gure esku dago txipa aldatuz burujabe jokatu eta norberarenarekin batera ingurukoen jarrerak aldatzea. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera dagoen jauzian, euskaraz bizitzeko hautu pertsonal eta kolektiboan hasten da dena.”
    Giltza bai, errua ez, inondik ere.
    Eskari xume bakar bat EHEkoei. Zorrotzago joka dezatela ezker abertzaleko zenbait udalekin ere. Etxetik hasi behar izaten da eta.

  • Aholku eske nator…
    Gaur bertan, palaziyo-jaurlaritza honetantxe gertatua:
    Nire lankide bat joan da zeregin batera beste zerbitzu batera, (demagun Hirigoien dela),… Zerbitzu hartako langile erdaldun “kosmopolita askoak”, Hirigoyen idatzi eta idatzi.
    Nire lankideak i-rekin idazten dela, eta ez y-rekin…
    Bada, langile erdaldunkosmopolitak, honakoa erantzun omen dio:
    “Cada uno le da la importancia que le da a las cosas”

    Langile erdaldunkosmopolitei zuzendutako kanpainarik ez ote luke Jaurlaritazk abiarazi beharko?
    Zer dinostazue?

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 17:02

      Aupa, Itzain. Pena ez dakidala nor zaren, bestela, honezkero, lagunzaharrak!
      Ni Hirigoien banintz, eta eraso horrek aldarte egokian harrapatu banindu, ez nintzateke mutu geldituko, ez haserretuko. Horrelaxe erantzungo nioke: “Arrazoia duzu; eta abizena nirea denez, eta nik garrantzia ematen diodanez, Hirigoien idatziko duzu, edo bestela oraintxe bertan zure nagusiarekin hitz egingo dut”. Nagusia beste ergel bat balitz, bada, gorago. Eta horrela.

  • Erantzun aukerakoa! Halaxe pasako diot…

  • Gaurko euskal gazteria ezagututa, kirolari (hau da, errealeko eta athleticeko jokalari) euskaldunek euskararen alde egiteko duten potentziala ez aprobetxatzea krimena litzateke.

  • Martin Rezola 2014-05-28 09:40

    Ni ez naiz Itzain. Badaezpada diot, zeren jada behin baino gehiagotan galdetu izan didate lagunek: “Hi, Martin, hi haiz Zuzeun idazten duen Itzain hori, ezta? Ba ez. (Nahi nuke, bai, gizon edo emakume horrek duen indarra eta kemena!) Gainera, foroetan-eta ezizenak erabiltzearen aurka nago.
    Dena den, esan beharrean nago ados nagoela Itzainek Administrazioari egiten dion kritika gordinarekin. Eta ados nago poziktibity kanpainaren balorazio positiboarekin ere. Niri ere hori atera zait barrutik: «Bazen garaia»! Behingoagatik euskara, euskalduna, leialtasun linguistikoa ardatz duen kanpaina bat, ez aurreko batzuk bezala. Aduritz eta Agirretxe eredu ona dira, eta horiek bezalakoak zabalduko beharko genituzke, hasi erabilera-esparru intimo eta hurbilenekotik, eta goi-politikagintzaren esparruetaraino. Munduoro eta horrelakoak (edo Oscar Terol eta “famoso” erdaldunak amu gisa darabiltzatenak) lorategian landaturiko margaritak dira, kaletik pasa direnak liluratzeko pentsatuak, eta bitartean etxe barruan sukaldea jarri gabe, etxeko sua atzenduta. Eskaparatismo kanpoederra. Euskaldun komunitatea gustura, indartsu, bere buruarekin pozik, ikusten dutenean, orduantxe bai erakarriko erdaldunak.
    Beste ñabardura bat: ez dut gustuko Jaurlaritzak agerraldietan, Administrazioaren erabilera planetan, Euskara 21ean…erabiltzen duen estilo hanpatu, gurasokeria usaineko hori (HPS Marka?) Gure koefiziente intelektuala gutxiesten dutela iruditzen zait, homilia aire halako bat hartzen diot, mezatan nagoela sentiarazten didate. Koldo Izagirrek zer edo zer idatzi zuela horretaz uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude