Akordionismoa

Akordionismoa –

Denok ditugu gogoko batez ere kirolean izaten diren buruz buruko borroka epikoak. Alde batean edo bestean kokatzeko aukera ematen digutenez, munduak duen konplexutasunetik atsedena hartu eta guztia dikotomia baten arabera erabaki daitekeen ilusioa sortzen baitigute.

Akordionismoa

Izate politikoa ulertzeko orduan dikotomia erabatekoekin jokatzeak dogmatismo antzuetara eraman gaitzake; zuri-beltzeko mundua imajinatzera, alegia. Hala ere, balantza erabat alde batera edo bestera eramatearen kalteak behin jakinda, momentu historiko bakoitzean bi ikuskera nagusiren talka gertatzen dela uste dut; statu quoa iraunarazi nahi duen ikuspegia, batetik, eta berau aldatu nahi duena, bestetik. Gaur egungo egoerari erreparatuz gero, izate politikoa deliberazio arrazionalaren esparrura mugatzen duen ikuspegia dugu, alde batetik, eta indar harremanen talka moduan ulertzen duena, bestetik. Habermas genuke lehenengo ikuspegiaren adibide, Foucault bigarrenarena.

Habermasek defendatzen duen ikuspegiaren sustraiak Grezian daude; Sokratesek argudio diferenteen arteko kontrajartzetik egia ezagutzera irits zitekeela uste zuen. Zuzen egindako eztabaidaren amaiera bi aldeek onartuko luketen emaitza litzateke. Beranduago, humanismoak eta ilustrazioak, arrazionaltasuna pertsonon berezitasun nagusia zela baieztatzearekin bat, eztabaida arrazionalaren bidez alde guztiak aseko lituzkeen akordioetara irits gintezkeela seinalatu zuten. Ikuskera hau baliagarria izan zen Elizaren dogmatismoa eraisteko, baina behin eraitsita, nagusitasuna hartzen hasi zen, normalkeria izateraino.

Demokrazia deliberatiboa dugu, izate politikoaren ikuskera arrazionalista bereganatuz, XX. mende bukaeratik gaurdaino erabateko nagusitasuna hartu duen ideologia. Akordioak dira helburua; pertsona arrazionalak garenez akordioa beti izango baita denontzat onena. Politika pertsona taldeek inongo nahitasunik gabe egiten dutela ondorioztatzen da, akordioak neutralak direla, alegia.

Ikuskera honi Foucaultek, besteak beste, egin zion kritika: jendartea ez dela nahitasunik gabeko pertsonez osatzen, norberaren nahiak aurrera atera nahi dituen pertsonez baizik. Jendartearen motorra ez dira akordio arrazionalak, botere harremanak dira. Izate politikoa ulertzeko bi eredu ditugu beraz, deliberatiboa bata eta indar harremanen existentzia azpimarratzen duena bestea.

Foucaultek zioenari tiraka, kontsentsu eta akordioen alde egitea ez da on komunaren alde egitea, momentuko gauzen egoeraren alde egitea da. Akordioak momentuko botere harremanen kristalizazioa dira, ez dute jendarteko indar harremanetan aldaketarik sortzen. Horregatik, akordioak edozein prozesu politikoren hasieran baino, egotekotan, behin prozesua hasitakoan etorriko dira eta, beti ere, leku egokian sortutako konfrontazioak emandako indar posizioa finkatzeko balioko dute.

Hori dela eta, dute Habermas gustuko gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenek, demokrazia deliberatiboaren proposamena statu quoaren makulurik onena baita. Injustizia eta zapalkuntza guztiak estaltzeko eta momentuko indar harremanak betikotzeko aitzakia paregabea da kontsentsua. Kontsentsua da egoera betikotu nahi duenaren ametsa; akordioak, aldiz, amets kontserbatzailearen erreminta.

Gurera begiratuz gero, Estatu berriaren aldeko estrategiaren balantza Habermaserantz gehiegi makurtzen ari dela uste dut. Konfrontatzeko modu bat desagertu behar zela ikustetik, konfrontazio oro desagertu behar dela ondorioztatu du independentismoak. Foucaultetik Habermasera pasatu gara bi hauen izenak zuzen ahoskatzen ikasteko behar dena baino denbora gutxiagoan.

Horrek, akordionismoa dei diezaiokegun fenomeno batera eraman gaitu; estrategia, inongo konfrontaziorik egin gabe, soilik hitzarmenak desiratzera mugatzea. Helburua akordioak dira eta helburu horretara iristeko bitartekoa… akordio horiek berak. Gurpil zoro batean sartzen gaituen estrategia hau, harea mugikorretan bizikleta estatikoan aritzea bezalakoa da; pedalei zenbat eta gehiago eragin orduan eta gehiago ondoratuko baikinateke. Akordionismoa statu quoak gauzak bere horretan mantentzeko indartzen duen ideologia da.

Ideologia akordionistak jendartea alderdi politikoetan zatituta ulertzen du. Honek oso ikuspegi murritza ematen du bai jendartea ulertzeko eta, ondorioz, baita berau aldatzeko estrategiak pentsatzeko ere. Ideologia horrek gehiengo politikoak alderdien baturaren bitartez soilik lor daitezkeela sinestera behartzen gaituenez, derrigorrean, EAJ estrategia independentistaren zentroan jartzera garamatza. Horrek agenda eta erritmo galera izugarria dakar.

Independentismoa jendartera helarazten ari den estrategiaren imajinario berria akordionismoarena da. Herri akordioen ideia, besteak beste, logika honetan bete-betean txertatzen dela uste dut. Ataka honetatik ateratzeko, EAJ zentroan jarri beharrean, Parte Hartuz Ikerketa Taldeak plazaratutako “Euskal Estatua irudikatzen” lanari begiratu beharko genioke. Ikerketa horrek agerian jarri zuen estatu berriaren alde Euskal Herri osoko %40,7k egingo lukeela. Estrategiak %40,7 hori lurzorutzat hartuz pentsatu behar ditu independentismoak, ez EAJri beto eskubidea emanez. Jendartea ez da EH Bilduk erakundeetan egin nahiko lituzkeen akordioak bultzatzeko instrumentua. Akordionismo geldiarazlean erori nahi ez badugu, sekuentziari buelta eman eta alderdiak aktibaturiko jendartearen instrumentutzat hartu behar ditugula uste dut.

Azken 60 urteko borrokak erradikalizatzeko gaitasuna duen jendartea sortu du. Ez Espainian, ez Frantzian, ezta Europako beste inongo lekutan ere ez dagoena. Antolakunde konkretuetatik harago hori da guk dugun altxorra. Horregatik, gakoa ezker abertzalea berritzean baino, ezker abertzaleak sortutako baldintzak aprobetxatzen jakitean dagoela uste dut.

Ezker abertzalea, estrategia independentista moduan ulertuta, 2011ko urriaren 20an bukatu zela uste dut. Alde batera utzitako konfrontaziorako eskema batek sortutako subjektua izaki, eskema hori atzean uztean amaitu zen. Horregatik, prozesu independentista indartzeko modua ez da «ezker abertzale gehiago». Baina akordionismotik pentsatzen jarraitzen badugu, hitzarmenak egiteko subjektua behar dugunez, hilotza berpiztera mugatuko ditugu gure indarrak eta hilotz bat berpizten saiatzeak “frankensteinak” sor ditzake.

Konfrontazioak eratzen ditu subjektuak. Ondorioz, konfrontazioa hil ala bizikoa du estatu berriaren aldeko mugimenduak. Baina konfrontatzeko eskema bat atzean utzi eta berririk sortu ez dugunez, atzean utzitako eskema horrek sortutako antolakundeak ditugu oraindik. Ondorioz, iraganeko eskemarekin (nazionalista, aldebikoa eta partidista, alegia) pentsatzen jarraitzen dugu. Kontua ez da antolakundeak berritzea, konfrontazio berriak sortzea baizik. Baina jakina, horrek ditugun antolakundeak «salbatzea» baino, helburuak lortzeko gaitasuna lukeen subjektuaz galdetzea dakar. Prest gaude? Gaur-gaurkoz badirudi ezetz.

Konfrontatzeko modu berriek emango diote forma Estatu berriaren aldeko subjektuari eta berau antolatzeko moduei. Horrela sortuko da identitate independentista berria. Horregatik, egoki planteaturiko konfrontaziorako eskema berriak dira independentismoari, gaur-gaurkoz, lorrezinak iruditzen zaizkion edo etsaitzat dituen sektoreetara iristeko ezinbesteko baldintza. Esanak esan, ideologia akordionistak konfrontazioa ukatzen duenez, independentismoa momifikatuko luke, ez lioke berritzen eta indartzen utziko.

Prozesua konfrontazioa da; konfrontaziorik ezean, ez dago prozesurik. Baina ez hori bakarrik, prozesurik ezean espazio independentistaren existentziarako arrazoirik ere ez dago. Akordionismoaren beste ondorio bat beraz, espazio independentistari izateko arrazoia kentzea litzateke. Zergatik borrokatzen ez den aukera baten existentzia onartu?

Estatu berriaren aldeko mugimendua ez dago akordioak egiteko momentuan, konfrontazio eskema berria martxan jartzekoan baizik.

Akordionismoa Akordionismoa Akordionismoa Akordionismoa