Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da

Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da –

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik Hezkuntza Akordioaren inguruan irakurketa ezkorra egiten dugu, ez duelako jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunea eta lehentasuna izatearen beharra. Gure zeregina ez da legebiltzarreko eginkizunari kritika egitera mugatzen, hezkuntza ponentzia sortu baino lehen Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatu ginen, eta orain ere bide horretan irmoki jarraitzeko asmoa dugu. Iragarri duten legearen eraketari begira, arretaz jarraituko ditugu emango diren urrats guztiak. Prentsaurreko honetan, gure iritzia plazaratzeaz gain, akordioaren garapenean eta lege bihurtzean kontuan hartu beharrekoak aipatuko ditugu.

Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da
Raul Bogajo / FOKU.

1. Ikastetxeen jabetza, “Zerbitzu publikoa”:

“Euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoa ikastetxe publiko eta itunpekoak medio emango da“, esaten du Akordioak. Publikoaren kontzeptua birdefinitzen saiatzen da akordio hau, titularitatea gutxiena balitz bezala, baina gure hezkuntza sistemak duen ezaugarririk nabarmenena eta segregazioaren iturri handiena da, hain zuzen ere, ikastetxe pribatuei ematen zaien tratamendu abantailatsua. Bide horretan jarraitzeak desoreka eta diskriminazio handiagoa baino ez luke ekarriko, eta ez luke inola ere beteko Akordioak berak aipatzen duen segregazioarekin amaitzeko helburua. Jabetza, titularitatea, eta kudeaketa  pribatua duten ikastetxeak ezin dira publikotzat hartu. Diru publikoa guztion zerbitzura jarri behar da: interes partikularrak gailentzen direnean, gehienok galtzaile ateratzen gara, sektore zaurgarrienak bereziki. (Publiko-pribatu ustezko lankidetza horretan kokatzen dugu ere Hezkuntza Sailak Google-rekin sinatu berri duen akordioa, zeinek gauzatuko duen enpresa horrekiko mendekotasuna, musutruk).

2. Finantzazioa:

Akordioak doakotasuna bermatzen omen du itunpeko sarean, baina ez du aurreikusten eskola publikoarentzako finantzaketa planik.

Irakaskuntza publikoak Inbertsio Plana behar du (ikastetxe publiko berriak sortzea, egun ditugun azpiegiturak hobetzea, euskara indartzeko plana, hezkuntza ez formala doakoa, ….). Honi eman behar zaio lehentasuna. Hori egin beharrean, Akordioak sare pribatuaren kostua aztertzeko konpromezua jaso du, ustez, kuotekin amaitzeko. Sare pribatuko patronalek esan ohi dute finantzazio ez-nahikoan datzala kuotak kobratzea; baina 6. ordu lektiboa zein zerbitzuen eta jardueren prezio libreak dituzte. Hezkuntzagatiko derrigorrezko doakotasuna ondo baino hobeto jasota dago egungo lege-araudian, baita horren finantzazio osoa, langileen soldatak nahiz instalazioetako obrak barne. Bidegabekeriak gaur amaitzeko beste legezko tresnak badaude baina Administrazioak inoiz ez ditu aplikatu. Beraz, Akordioaren sinatzaileek bide bat edo bestea hartu beharko dute: kuotekin amaitu edo ez, hor dago gakoa, eta ez zenbat diru gehiago bideratuko duten esku pribatuetara.

3. Eskola-segregazioa:

Akordio honek ez du bukatuko eskola-segregazioarekin, arazo estrukturalari eusten ez diolako. Ez dugu nahi “gustuko ez ditugun ikasleak” banatzea, sare publikoan ez baitago inor soberan: gure proiektua sare publiko unibertsala da, guztiona eta guztiontzat, haur guztien eskubideak bermatzen dituen bakarra. Ikastetxe bakoitzak, gizarte-kohesioa eta berdintasuna hobetze aldera, erantzukizuna hartu behar du bere gain, bereizketa saihesteko. Benetako aukera-berdintasuna ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko benetako aukera izatean datza, ikastetxe bakoitzak aniztasunari erantzuteko behar dituen bitartekoak ziurtatuz.

4. Planifikazioa

Akordioak honela dio: “Sistema horretako protagonismoa eskola publikoari dagokio” “…ikastetxe publikoen perimetroa handitzea sustatuko du”, eta antzekoak, baina une honetan ikastetxe pribatuetan martxan dauden ikas-talde kopuruak kontzertatuta daude gutxienez datozen 3 urtetarako. Beraz, Akordioak esaten duenean “gain eskaintzarekin amaituko dela”, sinatzaileek zehaztu beharko dute non murriztuko diren plazak, eta oso adi jarraituko ditugu erabaki horiek.

Egungo egoera zein den jakinda, guk hauxe proposatzen dugu: eskola eta plaza publiko berriak sortzea, nahi duten familia guztiek eskola publikoan ikasteko aukera izan dezaten. Honekin batera, itunpeko ikastetxeen gehiegizko eskaintzarekin amaitzea eskatzen dugu eta ikasposturik ez ituntzea plaza publiko hutsak egonez gero. 

5. Euskara :

DBH amaieran lortu beharreko mailaren formulazioa gaurkotu da Akordioan. B2a agertzea ondo badago ere, euskara, gaztelania eta beste hizkuntza bat aipatzen dira, eta “Horiek guztiek ikaskuntzak bideratuko dituzte, eraginkortasuna areagotzeko” zehazten dute. Hortik ondorio asko atera daitezke, aldarrikatzen dugun murgiltze sistemaren kontrakoak, eta euskararen ezagutzarako oso kaltegarriak izan daitezkeenak. Arlo horretan ere, erabaki gardenak hartu beharko dituzte. 

Euskara biziberritzeko proiektua aldarrikatzen dugu, egungo errealitateak planteatzen dizkigun erronkei arrakastaz aurre egiteko. 

6. Laikotasuna:  

Akordioak honako baieztapen paradoxikoa egiten du: “…lege organikoak ezarritako gutxienekoa ikastetxeek Erlijio irakasgaiari eskain diezaioketen gehienekoa izango da eta doktrinamendurik ez dagoela bermatuko dute. Hezkuntza laikoa da”. Baia hori ezinezkoa da, erlijio ikasgaiaren helburua, hain zuzen ere, doktrinamendua baita. Topagunearen ustez, ikastetxe konfesionalak ez lirateke diru publikoz mantendu behar.

Aipatutako guztiagatik diogu akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar dela, eta lan mardula dagoela eskola publikoaren aldeko hitzak egi bihurtzeko. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean horren alde ekiteko prest gaude. 

Ikastetxe publikoak familien eta langileen eguneroko esfortzuak mantentzen ditu, milaka ordu inbertitzen dira musutruk elkarteak bizirik irauteko edota eskolaz kanpoko ekintzak sustatzeko; ezberdinen arteko bizikidetza jorratzen dugu egunero jolastokietan eta geletan, baldintza zailetan euskalduntzen ari dira etxean euskararen arrastorik ezagutu ez duten haurrak… Ezin dugu altxor horrekiko mesprezua onartu. 

Ekainaren 5ean eta datorren udazkenean, kalera aterako gara mobilizatzera eta  bitartean asanbladak eta hitzaldiak antolatzen jarraituko dugu, ikastetxeetan, auzoetan eta herrietan, guztion ondarea den hezkuntza publikoaren inguruan hausnarketa bultzatzeko.

Ekainaren 5ean Bastidan izango den Euskal Eskola Publikoaren jaian parte hartzera dei egiten dugu mundu guztia. Bertan, gure stand bat egongo da eta gure mezua ozen entzungo da:  13.00etan eta Bastidako Barajuela kalean hasita, EH 11 Kolorekoekin batera, kalejira aldarrikatzailea egingo dugu.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA

Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da