Akirrok salaketa, Korrika eraikuntza

Korri egin, natural aurreraka egiten da. Korrikak ere, natural, aurreraka egiten du. Horregatik gaur, larunbata 9, xelebrea izan da Beasaindik Ordiziara bitartean gazteak korrika atzeraka egiten ikustea. Akirrok? Zer da hori? Korrika atzerako? Zergatik?

Akirrok Goierriko Gazteen ekimena izan da, Korrikaren aldeko ekimenen baitan antolatutakoa. Ekimen irudimentsua oso, eta aldi berean eduki handikoa. Izan ere, Akirrok hitzarekin (Korrika hitza alderantziz idatzia, jakina) euskarak jasaten dituen erasoen salaketa egin nahi izan dute. Azken urteotan ere ez dira nolanahikoak izan eraso horiek: irakaskuntzan eredu eleanitza bultzatzea D ereduaren eta euskararen  kaltean, ingelesa indartzeko aitzakiarekin;  euskal prentsari laguntzak murriztea; administrazioko lanpostuen eskaintzatan euskararen normalkuntzarako urrats eraginkorrik ez ematea; administrazioa euskalduntzeko plan eraginkorrik ez izatea… Atzerapauso eta eraso horien irudietako bat Jon Juaristi Euskarararen Aholku Batzordeko kide izendatzea izan bada ere, izebergaren punta baino ez da izan hori.

Hala ere, eraso horien guztien gainetik, euskalgintzak beti asmatu du euskararen berreskurapen osoan urratsak ematen, oztopoak gaindituta eraikitzen. AEK horren adibide garbienetako bat. Eta AEKrekin batera baditugu beste hainbat eta hainbat adibide.

Gure herrian salaketa eta eraikuntza, borroka bakarraren bi aurpegi izan ohi dira. Baina horiekin batera, ezin ahaztu festa. Aurtengo Korrikak hiru horietako aukerak ematen ari zaigu. Festa nagusiena hurbil dugu, hain zuzen ere, Korrika bera, asteazkenean pasatuko baita Ordiziatik goizeko 10:00etan. Orduan bai, gogotsu, AEK eta euskararekin batera, aurreraka egingo dugu korrika.

Salaketa eta eraikuntza. Horiek biak izan dira euskararen berreskurapen eta normalkuntzaren bidean bi ardatz nagusienak. Biak beharrezkoak, bai.

NDk0MA==

Irudia | Akirrok | ZZ | Creative Commons By SA