Ainhoa Aizpuru: “Etorkizuneko enplegua oraindik sortu gabeko sektoreetan dago”

Ainhoa Aizpuru: “Etorkizuneko enplegua, oraindik sortu gabeko sektoreetan dago” –

Ekintzailetasuna sormenarekin, ikerketarekin, garapenarekin eta gazteekin oso ondo josten den kontzeptua da. Krisi garaietan esperantzarekin ere ezkontzen dena, bide batez. Erreportaje hau egiteko, ekintzailetasunaren Gipuzkoako hiru katebegi elkarrizketatu ditugu. Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko foru diputatu den Ainhoa Aizpuru, BIC Gipuzkoako zuzendari Marisa Arriola eta Paul Minguez-Olaondo, Akting enpresako kudeatzailea eta zinezko ekintzailea. “Etorkizuneko enpleguak oraindik sortu gabe dauden sektoreetakoak izango dira”, Aizpuru diputatuaren arabera, eta horregatik da berebizikoa ekintzailetasuna sustatzea. Jo ditzagun hiru ateok, eta ea zer kontatzen diguten.

Ekintzaile teknologikoa, etorkizuneko enplegua sortzen

«Ekintzailetasun teknologikoa estrategikotzat hartzen dugu, etorkizuneko enpleguak hortik sortuko direlako»

Ainhoa Aizpuru Murua (1970, Gabiria), Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Foru Diputatua da Gipuzkoako Aldundian. Enpresa Zientzietan lizentziatua, egungo ardurak hartu aurretik urte luzez proiektu zuzendaria izan da BIC Gipuzkoa Berrilanen eta, beraz, badaki zerbait ekintzailetzaz.

Asko entzuten den hitza dugu ekintzailetasuna. Nola definituko zenuke?

Ez da erraza, kontzeptu zabala baita. Esango nuke, bere kabuz ideia bat, egitasmo bat aztertu eta enpresa edo sozietate bezala martxan jartzea erabakitzen duen pertsona edo talde bat dela. Proiektu hori izan daiteke denda txiki bat edo tailer mekanizatu bat, ideia hori atera daiteke jada martxan dagoen enpresa batetik, baita zentru teknologiko edo unibertsitatetik ere. Eta izan daiteke oinarri teknologikodun ideia berritzaile askoz konplexuagoa ere. Ekintzailetza da guzti hori.

Zein pisu du ekintzailetzak gidatzen duzun departamenduan?

Ekintzailetza gure departamentuko lerro estrategikoetako bat da, badu bere pisua. Aurten, 1.500.000 euro inguru bideratuko dira ekintzailetasun programa ezberdinetara. Batetik, Txekin eta Emekin programak ditugu indarrean. Ekintzailetza tradizionala, komertzio edo tailer txikiak, mikroenpresak martxan jartzeko lerroa lehena; eta emakumeek bultzatzen dituzten ideiak martxan jartzeko lerroa bigarrena. Eta aparte, badugu Txekin-tek ere, ideia teknologiko berritzaileak, oinarri teknologikoak dituzten proiektuak bultzatzeko, bai fabrikazio aurreratuan, bai energian, biozientzietan, gastronomian… etorkizunean enpresa berriak emango dituzten sektore horietan.

Ekintzailetzak bere arriskuak ere izango ditu, mugak eta oztopoak?

Ekintzailearekin eseri beharra dago, ideia ezagutu, ikusi nola azaltzen dizun, berak sinesten duen ideia horretan, seriotasuna eta kapazitatea duen… Zehaztasun guztiak ezin dituzu eduki, baina martxan hasteko bideragarritasun plana egiten laguntzen diegu. Ideia ona izanda ere, frogatu beharreko muga batzuk dituzu, eta gerta daiteke aizu, honek ez du aurrera egiten esan beharra ere. Nahiz eta ideia zoragarria izan, lurrera jeitsi beharra dago.

Babes berezia behar dute ekintzaileek?

Proiektu berri bat martxan jartzeak bere zailtasunak ditu, eta horregatik ez du horrenbeste jendek egiten. Guk ematen ditugun laguntzak ideia edo egitasmoen bideragarritasuna aztertzera zuzenduta daude, eta hasteko, badira erantzun beharreko oinarrizko galdera batzuk: Zein zerbitzu (edo produktu) aurkeztu nahi duzu? Zein merkatura zuzendua? Teknologia konkretu bat garatu behar duzu? Finantziazioa behar duzu horretarako? Zein lan talde duzu?…

Egitasmoa berritzailea denean, normalean garatu beharreko teknologia bat duzu, patenteak eskatu, prototipo batzuk egin, pilotu batzuk testatu edo, biozientzien kasuan, entsegu kliniko batzuk egin… horrek diru-laguntza handiagoen beharra suposatzen du, epeak ere luzatu egiten dira, kontzeptu gehiago sartzen dira jokoan eta egitasmoak heltzeko eta bideragarria den jakiteko denbora behar du.

«Arriskuak hartzea beharrezkoa da
berritzaileak izan nahi badugu»

Komenigarria da ekosistema sendo bat izatea ere?

Aldundiak aspalditik egiten du lan ekintzailetzarekin, baina Europatik datozen eta espezializazio adimentsua deitzen den sektore horiek bihurtu dira estrategiko, eta proiektuak gero eta gehiago landu behar dira arriskuak ekiditzeko. Horretan sartzen da ekosistema: baditugu diru-laguntzak, badugu eragilea, BIC, baditugu agenteak, zentru teknologiko eta unibertsitateak, baita enpresa eta ekintzaileak ere; prozesu guztia bermatuko duen ekosistema bat.

BIC Gipuzkoa aipatu duzu. Zein da bere betebeharra?

Aldundiak estrategiak definitzen ditu, eta gero baditu aurrekontu, tresna eta eragile batzuk horiek martxan jarri ahal izateko. Kasu honetan, ekintzailetzan, BIC Gipuzkoa da eragile hori, ekintzaileekin zuzenean lan egingo duena, tutoretza egiten, barnekintzailetasuna bultzatzen, zentru teknologiko edo unibertsitate zein adituekin harremanak egiten…

Azal diezagukezu barnekintzaile kontzeptua?

Dagoeneko martxan diren enpresak ditugu oinarrian (edo ezagutza duten unibertsitateak), baina dibertsifikatu nahi dutenak; sektore kontsolidatuak jorratzen dituztenak eta bideragarriak diren beste batzuk sortu behar dituztenak. Beraz, interesatzen zaie beraiek enpresa berri bat sortzea edo start-up batean partizipazio bat hartzea, horrela enpresa hori azeleratu eta beraientzako zerbitzuak eskaini ditzaten. Adibidez, big-data, monitorizazioan, ziberseguritatean asko gertatzen ari da; hortan dabiltzan start-up-ak beste inork eskaintzen ez dituen zerbitzu berritzaileak eskaintzen dituzte.

Martxan dagoen enpresa batek ezagutzen du merkatua, baditu bezeroak… eta horrelako erabaki bat hartzen duenean dibertsifikatu nahi duelako da. Askoz berme gehiago duzu produktu hori eskaini ahal izateko baduzulako merkatua, izen bat eta bezero batzuk. Beraz, potentea da martxan dagoen enpresa batetik datorren ekintzailetasuna, barnekintzailetasuna.

Ekintzailetasun teknologikoan dago apustirik handiena?

Ekintzailetza estrategikoa dela esaten dugunean, proiektuak martxan jarri, enpresa bilakatu eta enpleguak sortzen direlako da. Hortik haratago, gero eta egitasmo konplexuagoak daude, teknologikoak, eta beraz, bideragarritasun prozesua gero eta hobeto  aztertu behar da, inkognita gehiago landu eta epeak luzeagoak baitira. Arriskuak hartzea beharrezkoa da berritzaileak izan nahi baldin badugu, gure eginbeharra eta ardura da. Oraindik sortu gabe dauden sektore hauek estrategikotzat jotzen baditugu, etorkizuneko enpleguak hortik sortuko direlako da.

Aizpuru diputatuak, agurtu baino lehen, hitz egindakoaren adibide batzuk jarri eta datu batzuk eman dizkigu. Arestian aipatutako Txekin programarako 220.000 euro bideratzen ditu Aldundiak, 350.000 emakumeen proiektuak babesten dituen Emekin programarako, eta 824.000 Txekin-tek egitasmoetarako. “Normalean teknologia eta berrikuntzarekin lotutako proiektuak bultzatzen dira gehien”, egin beharreko lanak ere -patente, prototipo, piloto, feria…- potoloagoak direlako. Guztira, 2016an 486 proiektu babestu ziren, Aizpuruk adierazi digunez.

Foru diputatuaren esanetan, Espainia mailan oinarrizko proiektu gehiago babesten omen dira, ez hain teknologikoak, eta azken hauei dagokionez Alemaniaren bidetik doa EAE. Bi adibide eman dizkigu, barnekintzailetasunarenak biak ala biak. Batetik, prezisioko mekanika lantzen duen Egile taldearen Createch, nazioarterako hortz protesiak diseinatzen duen enpresa. Eta bestetik, Danobat makina erreminta enpresa ezagunaren Savvy, monitorizazio eta big-data zerbitzuak ematen dizkiona. “Balio erantzizko zerbitzu berriak eskaintzen dituzte, merkatua dinamikoa denez azkarra izan beharra dago-eta”.

.

Paul Minguez-Olaondo (Akting): «Hastapenetan genituen gabeziak gainditzen lagundu digu BIC Gipuzkoak»

Miramonen jator hartu du ZuZeu Marisa Arriolak, eta BIC Gipuzkoari buruzko behar beste azalpen eman.

Ekintzaile teknologikoa, etorkizuneko enplegua sortzen
BIC Gipuzkoa, Mikeletegi pasealekua 83, Donostia.

Business Innovation Centre ingelesezko izenari erantzuten dio BIC akronimoak, 250 zentruko Europako sare baten partaide baita. “EAEn 4 ditugu, Araba eta Gipuzkoan bana eta Bizkaian bi”, dio Arriolak. “Zentrua 90eko hamarkadan jaio zen, industri krisi ikaragarri bat zegoenean, garai latzak makina erraminta sektorearentzat”.

Helburua berriro ekintzailetasuna bultzatzea zen, batez ere gazte unibertsitarioena, ikasketa teknikoak izan eta berrikuntzara bideratutako enpresak sortzeko kapazak izango zirenena. “Enpresa abentura konplexuak, sarritan zailak, erronka bat direnak dakarten arriskuengandik, eta aldi berean motibagarriak suerta daitezkeenak”.

Duela hogei urtetik hona enpresa mundua aldatu egin da, eta teknologia garatuz nazioarteko merkatuan negozioa egin daitekeela uste dute orain unibertsitateek. Eta hauxe da BIC Gipuzkoak laguntzen duen ekintzailearen perfila, “35-50 urte bitarteko lizentziatuak edo doktoreak, eskarmentudunak, oinarri zientifiko-teknologikoa eta asmo berritzaileak dituena”. Guztiei laguntza ematen saiatzen da BIC Gipuzkoa, bideragarritasun planak garatu eta enpresak martxan jartzeko laguntzen bidez. “Eskarmentu handia dugu bitartekaritzan”.

Aurrena, hasierako fasean dauden ideiak edo egitasmoak aurkezten dira, hauek balioan nola jarri jakin ez arren -Arriolak eman beharreko pausuak azaltzen dizkigu-. Makina bat bilera egiten dira, talde tekniko baten laguntzarekin, ekintzailea nondik datorren, zein eskarmentu duen, aurkeztu duen egitasmoak aurrera egin dezakeen, zeintzuk arazo edo oztopo sor daitezkeen, teknikariak beharko dituen ala ez aztertzeko. “Ekintzailea eroso sentiaraztea eta ulertzea izaten da, beti ere, lehen helburua”.

Bideragarritasun txosten bat egiten da gero, ibili beharreko bidea zehaztuko duena. Ekintzailearen egitasmoak merezi badu, tutore lana egin eta lehen faserako zenbateko diru-laguntza izango duen zehazten da -proiektu bakoitzak 30-60 mila euro jaso ditzake, Aldundiak eta Jaurlaritzak erdibana emanak-. Ea patenta daitekeen, prototipo edo zirriborrorik beharko duen… balizko bezeroen arreta dei dezakeen, formakuntzarik beharko dueen… kontu asko dira aztertu beharrekoak; “guregana gaitasun teknologiko izugarria izan arren enpresa kudeaketan ezer ez dakiten ekintzaileak ere gerturatzen zaizkigu-eta”.

Marisa Arriolak aipatu duen kasu honetan kokatzen dira orain hamar urte Akting ingenieritza sortu zuten lau ikaskideak. Paul Minguez-Olaondo da egun hamar langile (diseinatzaile bat eta ingeniari informatiko eta telekoak) dituen enpresaren zuzendaria:

“Urteen poderioz, Android eta iOserako aplikazioetan espezializatu den Ingenieritza bat gara”, dio Minguez-Olaondok. Eta aplikazio horiek gaur egungo kontzeptu berri honi, industria 4.0 kontzeptuari zuzenduta doaz askotan; makinak, sistemak eta prozesuak monitorizatzeko eta kontrol panelak eramateko”, azaltzen du.

Minguez-Olaondoren ustez kontzientzia faltatik hasi ohi da bidea. “Ez dakizu zertan ari zaren ere”, dio hastapenak oroituz, “baina, badakizu zerbait sortu nahi duzula”. Hasieran zaila da datu ekonomikoak ezagutzea, ingeniariaren arabera: “Esperientzia falta ikaragarri nabaritzen da. Alde teknikoa menperatzen genuen, baina enpresa kudeatzearena ez, ez baitziguten irakatsi karreran”. BIC Gipuzkoaren eginbeharra da ekintzaileon gabezia horiek gainditzen laguntzea. “Guri lagundu ziguten”.

Ekintzaile teknologikoa, etorkizuneko enplegua sortzenAkting ingenieritzako zuzendariak dio orain etorkizuna ikusten diotela proiektuari, erronka urtez urte enpresa mantentzea dutela onartuta. Dagoeneko 300 proiektutik gora garatu dituzte hamar urtetan, besteak beste Runlock, Behobiako karreran korrikalariak uneoro non dauden erakusten digun aplikazioa.

Enpresa berritzailea izaki eguneratua egotea ezinbestekoa da: “azkenean oso hadi egon beharra dugu, bigilantzia teknologikoa oso presente izan behar duzu” dio Minguez-Olaondok. “Eta programazio partean web plataforma bat sortzen dugunean ere, lenguaia ezberdin guztiak menperatu beharra dugu. Facebookek aldaketa bat egiten badu gu konturatu egin behar gara, gure proiektuetan aplikatu edo ez erabakitzeko”. Komunikazioaren gizartean abiadura handietan lan egitera ohitu behar dira ekintzaile zein enpresa teknologikoak.

«Karrera bukatzerakoan uste duzu norbait etorriko zaizula lana eskaintzen, eta ez da horrela»

Aktingeko arduradunaren aburuz, enpresa kudeaketa hezkuntza programetan sartu beharko litzateke eta txikitatikan landu. “Ikastolatik hasi eta unibertsitateraino. Gainera, gero eta aldakorragoa da merkatua; karrera bukatzen duzunean uste duzu norbait etorriko zaizula zurekin lan egin nahi duela esango dizuna, eta bizitza guztirako gainera. Eta ez da horrela”.

Garaiak asko aldatu direla azpimarratzen du Aktingeko buruak: “Lehen hiru urte betetzera helduz gero enpresa finkatuta zenuela esaten omen zen; guk hamar urte daramatzagu jada eta 11. iristen garenean hurrengo helburua 12. urtera iristea izango da”. BIC Gipuzkoaren papera hasieran laguntzea da, baina momentu batetik aurrera bakarrik zaudela azaltzen du ekintzaileak, “zure bidea bilatu behar duzu, negozio bakoitzak bere berezitasunak ditu-eta”.

Marisa Arriola BICeko zuzendariak oso argi du Gipuzkoan, “bere egitasmoa edozein delarik ere”, ez dagoela laguntzarik izan ez duen ekintzailerik. “Izan Udala, eskualde garapenerako agentzia edo, berritasun teknologikoen kasuan, gu geu, denek jasotzen dute motaren bateko laguntza”.

Euskal Herriko unibertsitateekin elkarlana ezinbestekoa da ekintzailetasuna sustatzeko, “EHUrekin batez ere, Entreprenari programari esker. Nafarroako Tecnun eta, maila apalagoan, Deusto eta Mondragon unibertsitateekin ere lan egiten du BIC GIpuzkoak”. Gainera, Ik4 zentru teknologikoen aliantzarekin ere estua da harremana, eta enpresa gipuzkoarra da hirugarren kidea. Erakundeen arteko sare trinkoa osatu da azken hamarkadan ekintzaileei babesa eman eta ekosistema indartzeko, adituon aburuz.

Zentru teknologikoei buruz, “berritasun eta sorkuntza gune dira, ingurune emankorra, ekintzaileentzako aproposa”, dio Arriolak, “baina sendoak izan eta kalitatezko enplegua sortzen eta mantentzen duten bitartean, ez zaigu asko inporta non kokatzen diren sortzen laguntzen ditugun enpresa berriak” -hasiera batean BIC Gipuzkoa eraikinean bertan dira sortu berrietako batzuk, Miramonen-.

Enpresei dagokionez, “kapital industriala aktibatu eta mugituarazi behar dugu”, esan digu egungo ahulguneak eta etorkizuneko erronkak identifikatuta. BIC Gipuzkoako arduradunak herrialde anglosaxoien pare gabiltzala dio, erakundeetatik apustu handia egin baita Gipuzkoan eta Euskadin, inbertsio handia. “Baina hazi-kapital handiagoa behar dugu, bai publikoa bai pribatua”. Enpresak gehiago inplikatu beharraz mintzo zaigu, ekintzaileak enpresen erronka teknologikoak azkartzeko gai direlako. “Etorkizunean gehiago eragin behar diote elkarri”.

BIC Gipuzkoarekin bukatzeko, datu orokor batzuk eman dizkigu Marisa Arriolak. Urtero berrehun egitasmo inguru jasotzen dituzte, eta ekintzaile bakoitzarekin 12-24 hilabeteko lana egiten dute, egitasmoaren bideragarritasuna erabaki aitzin. “Ekintzaileak esku artean sekulako egitasmoa duela pentsatzen du, eta beti ez da horrela izaten”. Batzuetan ideien ahulguneak azaldu eta ikusarazi behar izaten dizkiote, eta beraz, askok ez du aurrera egiten. “Bideragarritasuna aztertu eta gero %30 ingururi ezetza eman behar izaten diogu”.

Botila erdi betea ikusterik ere badago, eta urtero 60 bat egitasmok aurrera egiten dutela esan. Ekintzailetzan arrisku askori egin behar zaizkie aurre, eta berez hilkortasun tasa handia izaten da. “Baina urtero 25-30 enpresa sortzen dira”, adierazi digu BIC Gipuzkoako zuzendariak, baikor.

Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru Ainhoa Aizpuru

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Ainhoa Aizpuru: “Etorkizuneko enplegua oraindik sortu gabeko sektoreetan dago””-ri buruz