Aieteko intxaurrak

2011ko urriaren 17an jaio zen Aiete. Espektatibak bete ditu? Bost puntuak egin dira? Estatuak ETArekin bilduko dira? Blokeoa betikotu daiteke?

“ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko”.

Hor hasi eta bukatu da Aieteko Nazioarteko Konferentzian onartutako adierazpenetik gauzatutako eskarien zerrenda. Inork zalantzarik bazuen: PPk eta PSOEk ez zeukaten prozesuarekiko konpromisorik, ez letran ez izpirituan, laissez faire politikoa aplikatu zuten. Gaur hain begi bistakoa dena, ez zen hainbeste iaz. Imanol Muruak Konferentziaren biharamunean idatzi zuen: “pentsatzekoa da hitz neurtuekin jositako agiri laburraren atzean adostasun landuagoak, egutegi zehatzagoa eta hainbat konpromiso daudela”. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Berriak abiatu inkestak, argiki utzi du Aietek ez dituela askoren espektatibak bete; %56ak balorazio ona edo oso ona eman dio, %44ak balorazio txarra edo oso txarra.

72 orduan erantzun zuen ETAk. Urtebete beranduago Espainiako eta Frantziako estatuek “baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko” asmorik ez dute (bigarren puntua). Ez diote ba harro ekintza armatuen amaierako ahotsa ere atxilo hartu dutela!

Gainontzeko puntuak, bigarren mailakoak, hala nola doaz aurrera. Hirugarren puntua: Biktima guztien aitortza. PSEren Jaurlaritzak eta ezker abertzaleak egin dituzte tamaina ezberdinetako urratsak. Kontakizunean eta biktima nor den eta nor ez aferan, desadostasuna nagusi. Laugarren puntua: galdeketa batekin amaituko den akordio politikorako mahaia, sine die zain. Bosgarren puntua: “Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu”. Ez dugu oraino halakorik ikusi, nahiz eta etorriko denik ezin baztertu.

Aldebakarrekotasunak etenik ez

Negoziazioekin edo gabe, Aizpeoleak esanak esan, aldebakarreko erabakirik ez da antzematen espetxe politika ankerra soluzio bidean jartzeko, ez bada presoen kolektiboa zatitu eta ad hoc prestatutako baldintzetara makurtzeko. Ezta ETAren disoluzioa ere. Presoen aferaz eta Aieteko adierazpenaz Herrirako kide Jon Garayk Gara egunkarian idatzi du “ez badira mugitzen Euskal Herritik mugituko ditugu, nazioarteko komunitatearen laguntzaz”. Pilotak Euskal Herrian segitzen duela dio Garayk. ETAko bi kidek Pariseko auzitegian esan berri dute “ETAren ordezkaritza bi estatuen ordezkariekin biltzeko zain” dagoela. Pilotaria hor dago, lehiakideari zain, baina harek nahiago du pareta izan.

Aitzitik, ezker abertzaleak abiatu aldebakarreko erabakien balioak arrakasta izan du orain arte. Besteak beste, ezker abertzalearen sinesgarritasuna errekuperatu du lehenbizi, eta herritar askoren konfidantza gero. Iheslariek adierazi berri duten bezala, aldebakartasunak badu oraindik bidea, estatuek negoziatu ezean. Izan ere, aldeanitzeko mugimendurik ez da ageri ortzemugan. Betikoan gaude: geldi egoteak mugitzeak baino kalte gehiago eragiten dionean mugituko dira estatuak. Transatlantikoa mugitzeko indarrik ba ote dago?

“Ez baditugu estatuek konponbide prozesuan parte har dezaten nahikoa presio egiteko baldintzak sortzen, eta, aldiz, aldebikotasun eskaera fasean ezartzen bagara, estatuari eskura emango diogu prozesua impasse eta blokeo egoeran mantentzeko giltza. Oso argi ibili honekin”. Azken elkarrizketa liburuan Arnaldo Otegik argi ohartarazi du, estatuak mugitu ezean, ezin dela luzaroan haien zain egon.

Aieteko adierazpeneko bost puntuak bake eta normalizazio prozesu bat gauzatzeko osagai oinarrizkoak dira. Ez gehiago eta ez gutxiago. Ura, olioa eta gatza. Baina, estatuen Gendarmeriak eta Guardia Zibilak ozpina nahiago. Irlandako Ostiral Santuko akordioa dira azenario, porru eta patatak. Urrun gelditu da gure Loiola izan zitekeena.

 

 

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra