Ahuldade politikoaren gatibu

Ahuldade politikoaren gatibu –

Beti da mesedegarri norberak baino gehiago ikasitakoak “oraindik” jorratzeko dagoen bide luzean argi pixka bat jartzeak. Eskerrak horrelako jakintsuei, bestela nola arraio konponduko ginen “menditik” etorri berriak garenok, nola? Dena dela, ni  -gaizto samarra naizenez-  horrelako mezulariei “sakristia usaina” ere sumatzen diot, beti daude Jainkoaren eskuinean, nola ez ba?

Egia da, badira  beti ingurukoen gainetik begiratzen dutenak, agian horregatik, -beste inork ez bezala-  beraien eginkizunak, besteei bidea erakusten jardun behar horrek, berea nondik  doan jakin gabe bizi dira. Ze pena.

Behar bada horregatik,  egun indarrean dagoen espainiar gobernuaren azken boladako urratsak  ez dituzte hausnartzen, itxuraz ez dakarte ezer “berririk”, baina egia beste bat da. Duela hamarkada gutxi batzuk, Europan gertatutakoa agertzen gaitu mahai gainera.

Garai haietan -ez daude hain urrun- Eki Europako prozesuan emandakoak, Mendebaldeko Europako nazioetan eragin baikorrak izan zituzten. Lehenik, bi jarrera hautsi zituzten, bata NBEk mantendua eta bestea Helsinkiko Konferentziako Estatuek erabakitakoa.

Lehenaren hastapena autodeterminazioak Hirugarren Munduko herri kolonizatuarentzat bakarrik balio zuela esaten zuena. NBEk “ur gatzatuaren” teoria mantentzen zuen, hau da; independentziarako eskubidea izateko kolonia izan behar zuen, beraz, geografikoki metropolitik urrun egon behar zuen. Mendebaldeko Europako nazioak at utziz.

Bigarrenik 1975ean Helsinkiko Konferentziak zioen, Mundu osoko ordenua mantentzeko, ezinbestekoa zela Europako mugak bere horretan geratzea.

Baina Eki Europako gertakariak, erabat hautsi zituzten bi hastapen hauek. Beraz, badira arrazoi objektiboak Mendebaldeko Europako gutxiengoen aldarrikapen nazionalen aldeko jarrera ontzat hartzeko.

Norbaitzuk, gertaera hauek garunean “izoztuta” dituzte, baina orain artekoak egiak badira, eta horrela dira,  ez da gezurra politikan estolda sistema oso zabala eta zikina dela. Honek argitzen digu politikan betidanik, eskubide aitortza eta gauzatzearen arteko tartea oso zabala izan daitekeela, eta horrela da.

Europatik datozen esperientziatik abiatuta, eta -Bruselan indar orekarik ez dagoenez- ez dut uste, zoritxarrez,  hemengo egoera aldatzeko, laguntza askorik etorriko denik. Dena hemen dugu, arazoa, errepresioa, borroka, etsaia eta gu, denak aurrez aurre. Bai hemen bai Madrilen, batzuei hortzak erakutsiz, besteak gureganatuz. Ez dugu beste biderik.

Baina ez da dena zelaia izango, badakigu, Madrilen eta Madrilekin bat egiten dutenek, askatasun bidean “jo eta su” ari diren euskal abertzalearekin daramaten konfrontazio politikoa indartuz, -bere burua agintean ikusi nahian-, bide horretan sakontzeko behar adina indar metatzen  dabiltzala.

Ez da harritzekoa, aurrez aurre, etsai diren indarrak negoziatu nahi dutenean, indar harremanen egoerak baldintzatzen du negoziazioaren oinarria eta edukia. Termino hauetan ikusiz, bata  irabazten ari denean, bestea galdua sentitzen da, eta errenditzeko kondizioak negoziatzen dira. Errendizioetan, printzipioak garaitutzat jotzen dituzte, eta galtzaileen kondizio pertsonalak besterik ez dira negoziatzen. Ez da hori –asko kostata bada ere- lortu dugun egoera.

Beraz, irtenbiderik ikusten ez den egoeretan, eta guk bakea nahi dugula agertuz, bide horretan urrats berriak eman ditugunean, besteak –adibidez, Mariano Rajoy eta bere gobernua-,  gero eta gogorragoko jarreretan amiltzen dira, arrazoibide guztietatik at, “agian” bere ahuldade politikoaren gatibu.

Heldu da, “ekarri” egin dute etxera, Iruñera, Andaluzian sistema espainiarrak erahil duen azken euskal preso politikoa. Egun beltzak dira horrelakoak, espainiartasun ezari gogor heldu izanaren emaitzak.

Ahuldade politikoaren gatibu
Puerto I. Arg: Beñat Hach Embarek (ZuZeu)

Horregatik, gaur, ahal dan neurriak isilik egon, txapela kendu eta burua makurtzeak ez du balio, ez da aski. Euskal preso politikoak urruntzeko bidea bultzatu zutenentzat ez da aski. Gogorarazi nahi dizuet, zuek zarete “oraindik” bide luze bat egin beharrean daudenak.

Tristea da, oso tristea, baina bidea lantzen jarraitu beharra dago, ezin dugu besteen eskuetan utzi gero eta okerrago dauden euskaldunen sufrimenduen kudeaketa. Osasuna, langabezia eta goseari neurriko erantzuna eman beharrean gaude, baino baita espetxean ditugun euskal presoari ere.

Aurrera begira, eta inor engainatzeko asmorik gabe, gauza asko dira kontuan hartzekoak eta zoritxarrez, gehienak norbaitzuk uste baino gogorragoak. Askoz gogorragoak eta gogorrenetarikoa, gizarte espainiarrean komunikabideak eta politikariak, betidanik, -baina gaur bertan ere bai- ereintzen ari diren  mezu pozoitsu  eta ankerraren   inertzia luzea.

Gaur egun erbestean, espetxeetan edo klandestinitatean daudenak, -ETAko kideak hala ez- guztiz legalki beharko dira izan, beraiek aukeratutako lurraldean. Baita alderdi abertzaleetan, administrazioan, baita hautetsien artean ere, kargu publikoak jabetzeko inongo oztoporik gabe.

Horretarako borondate politikoaz gain, adimen sendoa ere beharrezkoa izango da, batez ere, gauzak aurrera doazen neurrian eta aipatutako guztien etxeratzearen  susmoa gizarteratzen denean, tentsio sakonak sortuko baitira.

Ustez “hor bertan” gaude, baina ez hainbeste. Hamarkadak doaz bat bestearen ondotik, eta nahiz eguneroko politikan hainbat “adituei”  esaldi  politak  entzun, sakoneko politikak, negoziaketa du helburu. Bai batzuen, bai besteen aldetik.

Egiteke dagoen historiak, ezin du norabide lema politikari hauen zabarkerian gatibu mantendu. Abian dugun sistema honen  dinamika politikoak, sufrimendua, lana, denbora, dirua, jakinduria eta ilusioa, neurririk gabe galdu arazten gaitu. Baina gezurra dirudi arren, hori da bere tresnarik emankorrena. Horregatik aldaketaren beharra aldarrikatzen den une oro, sutan ditugu borrokatzeko prest ezer aldatu ez dadin.

Hain ergelak  ez dira, ez batzuk ez besteak, ez espainiarrak ezta “dibortziorik” nahi ez dutenak ere.  Askatasun bidean “jo eta su” ari diren euskal abertzaleak menderatzeko, errepresio-autonomia binomioak porrot egin duela badakite.

Aski ongi dakite errepresio-erresistentziaren arteko dialektikak urte askotan iraun duela,  eta  zezakeela. Baina hala ere ez dute aldaketarik nahi, batez ere orain arte bezala, “sistemak” mahai gainekoak eta ez “erortzen direnak” jateko aukera bermatzen diotenean.

Gu, gero eta gehiago gara, egia da, eta ez gara berriak. Lehen ere, poliki, poliki, lana eta sufrimendu askoren emaitzaz, atarian egonak  gara. Badakigu, indarraren jokoa da. Horregatik, indarra, gehiengoen indarra  behar dugu. Saiatu gaitezen.

Ahuldade politikoaren gatibu Ahuldade politikoaren gatibu Ahuldade politikoaren gatibu

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.