Ahotsa altxatzera

Famatu egin zaigu Gartxot. Azken aldian nonahi proiektatu dute Itzaltzuko koblakariari buruzko filma. Ez nau harritzen, pelikula ederra baita; zinez hunkigarria. Gure hizkuntzak jasaten duen asimilazio prozesua argi eta garbi erakusten du filmak. Orduan, gaur egun bezala, hezkuntza izan zen hizkuntza ordezkapenerako tresna nagusietako bat. Latina, gaztelania, frantsesa… “katalanak espainiartzea” azken finean. Baina ez naiz Gartxoten istorioa kontatzen hasiko, ezagutuko zenuten lehenagotik ere. Zuzeuko irakurleek ikusiko zenuten Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren filma, edota bigarrenak egindako komikiak irakurri, eta egonen da Arturo Campionen liburua leituko zuenik ere.

Film horretako pertsonaia nagusia bardoa da. Herriko istorioak zabaldu eta gordetzeko arduraduna zen bardoa, kondairak hedatu eta kantu zaharrak ahoz aho transmititzen zituen koblakaria. Pertsonaia zinez inportanteak, eta gaur egun kasik ahantzirik ditugunak. Pertsona hauen lanak liluraturik, sarera abiatu naiz haien inguruko informazio apur bat lortzeko asmoz. Bardo tibetarrarekin topatu naiz orduan. Antza denez, “erdibideko egoera” edo “trantsizio egoera” esan nahi du hitz horrek tibetarrendako. Normalean heriotza eta berraragiztatze prozesuen arteko egoera horri egiten dio erreferentzia, baina bestelako trantsizioetarako ere erabili genezake. Adibidez, bizitzaren bardoa, iraganaren eta etorkizunaren arteko erdibideko egoera litzateke.

Orduan konturatu naiz, ni nahiko bardo banaizela. Gartxoten garaiko asimilazio prozesua aurrera eramateko saiakera horretan zatitutako Nafarroan bardo bat naiz. Nire herria kokaturik dagoen lur zatiari eremu misto deitzen diote agintariek. Izan ere, eremu euskaldun eta ez-euskaldun deitzen dituzten bi zatiren arteko erdibidea da. Erdibidean gaude beraz iruindarrak, eta pentsa genezake bardoak garela.

Baina, bardoaren adiera hori tibetarrek erabiltzen dutenez, nahiago izan dut Europako bardo hitzaren esanahia ulertu. Eta hara! Horrela dio Wikipediak: “Bardo hitza Proto-Zeltiar hizkuntzatik dator, eta “ahotsa altxatzea” edo “otoitz egin” esan nahi du”. Eliz kontuetan ez naiz batere jaioa, beraz, otoitza alde batera utzi eta lehenbiziko adierarekin geratuko naiz. Ahotsa altxatzea. Hitz ederra da bardoa. Eta ni, horretara nator Zuzeuko leiho tiki honetara, ahotsa altxatzera. Iruñetik, Nafarroako erdibidetik, nire begiek ikusten dutena lau haizeetara zabaltzera, ozen. Gartxot eta bardo guzien izenean basoa ardoz bete, altxa eta topa egitera. Hemen da bardo gorri nafarra.

“The Scream”, Peter Trimming in Geograph (CC)

 

BARDO GORRI NAFARRA