AHORA! Gabonetako Mezua

ahora
AHORA! Gabonetako mezua

Atxuek AHORA!
Xanpain kopa eskuan eta euskara ahoan dutela atxuek modernitatera jauzi egin eta txin-txin mediatikoa zintzilikatu dute Kilometroak-en sare sozialak baliatuz. Gabonetan ere, euskara ahora!

AHORA!
2013an Tolosan ospatuko den Kilometroak abian da. Datorren urteko jaialdia Laskorain Ikastolak antolatuko du eta xede nagusia Tolosaldean euskararen erabilera piztea izango da. Hortaz, leloak dioen moduan, Euskara AHORA!

Ikastolaren gidaritzapean lantaldeek hilabeteak daramatzate antolaketa lanetan eta egindakoaren lehen fruituak azaroaren 23an eman ziren aurkezpen ekitaldietan ikusi genituen. Saio arrakastatsu bezain ikusgarrietan jaialdiaren irudia, leloa eta arropa plazaratu ziren. Ikuskizun hauetan ikasle eta irakasleak izan ziren modelo, dantzari, musikari edota aktore moduan partehartu zutenak. Txalo eta algara artean egindako lanaren maila ona azpimarratu zuten bertaratutako ikusleek. Zorionak!

Aurkezpenaren ondoren sortutako irudiaren zabalkundea egiteko garaia iritsi da eta lehen urratsa erropa eta jantzien salmentarako Tolosako Korreo kalean kokatua dagoen KMK13 denda ireki da. Eginkizun berbera dute herriz herri eta festaz-festa materiala saltzen dabiltzan koadrilak, jada kilometroak egiten hasiak direnak.

Facebook-en, Twitter-en, eta Tuenti-n ere hainbat ekintza burutzen hasi dira jendea kitzikatu eta atxikimenduak pilatzeko. Bertara igotzen ari diren edukiek jendearen arreta erakartzea lortu dute eta sare sozial ezberdinetan AHORA! jarraitzen dutenen kopurua gora eta gora doa. Publikatu direnak ikusteko loturak jarraitzea besterik ez duzu:
http://www.facebook.com/kmk13tolosa
https://twitter.com/KMK13tolosa

Orain, gabonak gainean ditugun honetan garaikoak diren ohiko asmo on guztien artean euskara ahora eramatearena sartzea nahiko genuke. Laskorain Ikastolaren eta Kilometroak familia osatzen dugun guztion izenean, urte berri on!

2013an Euskara AHORA!

 

2 pentsamendu “AHORA! Gabonetako Mezua”-ri buruz