Ahoan bilorik gabe

Liburu bat bukatzen dudan bakoitzean, kritikak irakurtzen ditut liburuaren gaineko iritzia osatzeko. Madariaga-ko Iulenek idatzitako Egiari zor liburua amaitu nuenean, ez nuen kritikarik aurkitu eta, Hasier Etxeberriak bere ZuZeuko blogean bezala, neure iritzia ematera agindu nion neure bururari, liburua aipatu gabe gera ez dadin. Hitzaurrean agindu bezala, Madariagak ahoan bilorik gabe kontatzen du bere bizitza. Liburu hau idatzi behar zuela diosku, bere testigantza “dagozen gizakiei eta etorriko diren gizaldiei” “zintzoki eta prestuki” eman eta uzteko asmoz. Hitzaurrean dio “que cada palo aguante su vela”  (8 or). eta 74 orrialdean Madariagak ematen dizkigu ETA sortu zutenen izenak ‘behin betiko zizelkaturik gera daitezen”. Detaile biek erakusten digute ez dela isilduko.

Almirantea eta Zekorra

Egiari Zor - Madariagako IulenLiburuan, bi pertsona bereziki kritikatzen ditu Madariagak: Juan de Ajuriagerra buruzagi jeltzale historikoa (70-74 or) eta Jose Antonio Urrutikoetxea “Zekorra” (sic) ETAren buruzagia. Biekin izan zituen desadostasunak arlo pertsonalera pasatu ziren. Madariagak El almirante deitzen zion jeltzaleari eta pertsona autoritariotzat hatzen zuen. Bere aburuz, Ajuriagerra izan zen EAJrekin elkarlanean aritzeko oztopo nagusia. Hasteko, gipuzkoarrak ikusi nahi ez zituelako. Segitzeko, jelkide fitxatuekin lanera igorri zituelako eta bukatzeko, EKINeko kideen guda- izenak telefonoz ahoskatzen zituelako. Ume batzuk bezala tratatu zituela uste du Madariagak, zeinak EKINen izenean barkamen-gutun bat bidali zion EAJri, Aguirre Lendakariaren aholkuari jarraituz. Esan gabe doa, gutunak ez zuen balio EAJk EKINeko kideak barka zitzan eta 1958an EAJrekin hautsi zuen EKINek: ETA jaio zen.

Urrutikoetxearekin izan zituen desadostasunak ere sonatuak izan ziren. Detaile pertsonaletan ez naiz zentratuko, ze Madariagak xehetasunak ematen ditu Argia aldizkarian Xabier Letonak 1988ko espetexealdiaz galdetezen dionean; baina bai testuinguruan, Madariagak elkarrizketa hartan aipatzen duena Letona bere lehen kritikaz galdezka ari zitzaionean. 80. hamarkadan Madariagak ETAren norabidearen inguruko kezkak plazaratzen ditu Zutabean, laburbilduz bi hauek direnak: poliziaren errepresio kanpaina zela-eta, Euskal Herriko errealitatetik urruntzen ari zen ETA (212 or) eta esparru militarra gaina hartzen ari zitzaion esparru politikoari, “boronte militarra monopolio itxi-itxia bilakatuz”. Yoyesen erailketa eta Hipercorren atentatuak eredu jartzen ditu Madariagak. Bere iritziz, orduko ETAko kideak ez zeuden behar moduan prestatuak, beraz nola jo zezakeen “aintzina” erakundeak “pentsatzen ahal ez badugu?” (213 or).

Aita nolako, seme halako

Madariaga familiaren ibilbidearekin hasten du liburua, egileak esplikatu nahi baitigu zergatik uste duen “abertzale sortu” zela (37 or). Familia abertzale batean jaio zen Madariaga. Bere aita Nicolasek Agirre Lendakariak gidatutako Jaurlaritzaren Babes-ministorian lan egin zuen, gerrak itsasoaren bestaldera joatera derrigortu zituen arte. Iulen Txilen errotu bazen ere, Euskal Herria la terre promise zen Madariagatarren Curicoko etxean eta gurasoek Jon anaia eta biak bueltan bidali zituzten 1946an. Zirrara sentitu zuten anai biek Bilborako itsasontzia hartu orduko, Bilbora iristean itzali zitzaiena. Zuri-beltzezko filma iruditu zitzaion “sarraski ondoko” Bilbo hura Iuleni, gerrak utzitako zauriak zabalik zeudelako; eraikuntza “xehetuak” eta burumakur zebilen jendeak islatzen zituztenak.

Idazkerari dagokionez, mintzaira nahiko berezian idatzita daude Madariagaren testigantzak. Iparraldeko euskara erabiltzen du Madariagak batik bat. Liburuan sarriaskotan “erran”, “bertze” edo “ukan” bezalako hitzak irakur ditzakegu, baita aditz laguntzaileak infinitiboa atzetik dituen esaldiak ere (“Ondoko kapituluetan dugu ikusiko […] arteko zatiketek gaituztela eraman”.) Aipagarriak dira ere frantsesez idatzitako esamolde ugariak, pedante ikutua eman diezaioketeenak testigantzari; ortografia, “y” eta “ph”-z beterik dagoena (“hypokrita”, “mekanographiatu” etabar); eta “ari zion” bezalako moldeak ere erabiltzen ditu, oso zuzenak diren ez dakidanak. Ertz askoz gehiago ditu liburu mamitsu honek, zeini besteen erantzunak besterik ez baitzaizkio falta Madariagaren kontakizuna osatzeko. Egiari zor diote haiek ere.

egiari zor, Julen Madariaga
Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

3 pentsamendu “Ahoan bilorik gabe”-ri buruz

  • Iñaki Galdos Irazabal 2015-08-04 20:00

    Kaixo Jon:
    Aspalditxo irakurri nuen nik liburua eta beraz ez daukat xehetasunetan sartzeko oroimenik. Zahartzaroa agian. Baina zure iruzkinarekin aukera ederra ematen didazu nik neuk ere bizpahiru gauza idatzita uzteko, liburuari berari buruz baino gehiago, zure ekarpenean hizpide izan dituzun gai pare bati buruz.
    Hasteko, esan dezadan liburua gustura irakurri nuela. Gainera, Madariaga berarekin komentatzeko beta ere izan nuen, tertuliakide gisa jarduten nuen ETBko programa baten elkarrizketatu genuelako, liburua labetik atera berritan.
    Berriki, hala ere. Iulenek berak aipatzen dituen zenbait kontakizunetako lekuko zuzenekin basoerdi batzuk hartzeko aukera izan nuen eta oso zorrotz egon ziren hor esaten diren hainbat konturekin. Laburbilduz, fabulazio eta gezurtzat hartzen dituzte bertan idatzitako pasarteren batzuk. Ez noa gehiago luzatzera.
    Ajuriaguerrarena aipatu duzu. Eta ni (ere) harritu egin ninduen Otxandiokoaren kontra Madariagak hain gogor hitz egin izanak. Kasualitarez, Madariagaren liburua irakurri aurtxoan, Jon eta Anne Marie de Recondok (Pepe Michelenaren ilobak) idatzitako liburu astun (900 orrialde inguru) bezain interesgarria (erdia inguru kenduta) irakurri nuen: “A los 75 años de Gernika. Un testimonio”.. Bada, liburu horretan ere sekulako jipoia ematen diote Ajuriaguerrari. Sekulakoa. Bitxia izan zen niretzat, oso gutxitan Ajuriaguerrari buruz gaizki hitz erdi bat entzun edota irakurri gabe nengoenean, bi liburu horietan jarraian hain gauza gogorrak irakurtzea.
    Bestalde, Madariagarenean bezala, nik hizpide dudan liburuan ere benetan bertsio interesgarria ematen da EGI-EKIN-EAJ-ETA aferari buruz. Bartez ere Joxe Murua gabiritarraren bertsioa. orduan protagonista zuzena izan zena. Ez da hau izan EAJren bertsio ofiziala, baina irakurtzea merezi duen kontu bat da. Bide bartez, esan dezadan, Recondotarren liburuan gozaturik handienetakoa Muruaren gauzak irakurtzen hartu nuela, pertsona interesgarria zalzntzarik gabe, Bultzagileak taldeko sortzaileetako bat.
    Horra hor bada, nola elkartu ziren hilabere gutxiren bueltan nire apaletan Madariagaren liburua eta Recondotarrena, Ajuriaguerra eta EAJ-EKIN-ETA kontua hizpide zituztela, ikuspuntu (edo mutur?) ezberdinetatik aztertuak. Biak interesgarriak, biak osagarriak.

  • EUSKALDUN handi bat da Julen Madariaga.

  • Juanma Sarasola

    “(…) Laburbilduz, fabulazio eta gezurtzat hartzen dituzte bertan idatzitako pasarteren batzuk. Ez noa gehiago luzatzera.”, diozu, Iñaki Galdos.

    Ez gaitzazula kirioak dantzan utzi, Iñaki. Madariagaren liburua irakurria dut -arront gustura irakurri ere; gauza batzuekin ados nago eta beste batzuekin ez-, eta gustura ere jasoko nuke bere esanak auzitan jartzen dituzten zuk entzundako “fabulazio” eta “gezur” horien berri.

    Fabulazio eta gezur akusazioak hemen zabaldu bai, baina zergatik ez horiek hemen ere xehe-xehe eman, nork bere iritzia osa dezan?

    Mesedegarria litzateke horiek ere irakurtzeko aukera izatea.

    Agurrak,

    Xaun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude