Ahal dugu? (Euskal Herriko zingiratik)

Ahal dugu? (Euskal Herriko zingiratik)
Politikaren lapikoa irakiten da Espainia aldean, aldaketa usaina dario guztiari, hemen ez bezalaxe. Podemosen agerpenak eta trantsizioaren aita izandako alderdien gainbeherak, Euskal Herriko ur geldo kasik pozoitsuekin kontraste egiten du. Hemen ez da deus mugitzen; prozesurik ez da, betiko korapiloek hor segitzen dute, eta badirudi lokarria askatzeko eginahalek akituta amore eman duela Paul Riosek. Ez gaude agenda politikoan, Katalunia bai. Rajoyri piper bat inporta dio Ebrotik gora gertatzen den guztiak. Eta jaurlaritzan Iñigo Urkulluk agintzen du, Zaldieroak marraztea lortu ez duen politikari bakarrak. Oposiziorik ez da apenas nabari, eta ustez EHBildu da kilimak egiteko gai izanen den bakarra. Hala ote baina? Gobernu hainbatetan ikusitakoak ez du alternatiba usain handiegirik egiazki.

EAJ eta Ajuria Enearen epela

Erakunde politikan maisu dira jeltzaleak. Urte luzeetako esperientzia dute gobernuan, eta nabari zaie. PSOErekin gobernagarritasun akordio batera iritsi dira, EHBildurekin harremana hobetzeari ekin diote eta PPk domestikatuta darrai, Maria San Gilen garaietatik urrun. UPyD da disidente bakarra, baina, Gorka Maneiro ez du nehork serio hartzen. Ajuria Eneako epelak denak goxatzeko ahalmena du. EAJk beragandik hurbil dena gustura eta komodo sentiarazten du, zentroa da.

EHBildu eta alternatiba?

Ustez koalizio abertzalea da epelkeriatik atera gaitzakeen bakarra. Baina ba ote? Gipuzkoan Martin Garitanok, eta EHBilduk, ez dute asmatu kudeaketan. Fiskalitatean aldaketa nabarmenak egin badira ere, oposizioak zulatu egin du barkua eta hondoratu egingo denaren itxura guztia du. Udaletako kudeaketa zaborraren eztabaidak lokaztu du, eta azken txanpako erabaki handirik ezean, zaborraren legegintzaldi bezala gogoratua izango da honakoa.

Kutxako aferak zirudien errenta ateratzeko moduko, baina, borrokak borroka, argudioak argudio, EAJk eta bere aliatuak berearekin irten dira. Honetan ere kale!

PSE eta ‘birsortzea’

Eta lamiak eta olentzero. ‘Birsortze’ deitu diote pertsona berek kareta ezberdin bat jartzeari. Espainian bezala zahar usaina dario PSE-EEri ere. Jesus Egiguren atzeko atetik ostiko batekin eta pare bat hitz moñoñorekin bota dute, eta joan da, Paul Rios joan den era berean. Gascok agintzen du Donostian. Arriolak Gipuzkoan. Mendiak (Lopezek) EAEn. Podemosen olatuak aurretik eramango ditu, Nafarroan gertatuko den bezala. Eta hori bai izango dela birsortzea, hauteslego espainiar ezkertiarraren baitan.

Hemendik aurrerakoek ez dute aipamenik merezi. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina Euskal Herriko zingira ispilu bat bezalakoa da. Ez da deus mugitzen. Eta euskaldunok ilusiorik gabe gaude, #horihalada.

Ahal dugu? (Euskal Herriko zingiratik)

8 pentsamendu “Ahal dugu? (Euskal Herriko zingiratik)”-ri buruz

  • Aupa Nakor, animo motel, etsiak jota ikuste haut eta.
    Nik oraindik badaukat ilusioa… Gipuzkoan orain lau urte baino kontzientzia handiagoa dago naturarekiko, egitura fiskal justuagoa daukagu, eta alderdi bakoitzaren interesak karetarik gabe ikusteko parada izan dugu. Eta onena, Reyes Pradosek euskaldun zahar erdal-hiztunei lezioa eman die. Zer gehiago nahi duzu? 😉

  • Amonamantangorri 2014-10-14 16:54

    Ulertu dizudanez, Nakor, iruditzen zaizu Gipuzkoan EHBilduk orain arte pilatu duen botere instituzionala oposizioko alderdiek aurki kendu eginen diotela, egindako kudeaketa txarrarengatik.

    Ni ez naiz gipuzkoarra eta, agian ez naiz ohartzen aldundiaren politikek gipuzkoarren eguneroko bizitzan duten ondorioez eta sortzen duten ezinegonaz, baina uzten badidazu, ikus ditzagun aipatutako bi alorrak:

    – Zaborrak: Esan bezala, ez naiz gipuzkoarra eta igual ez naiz jabetzen honengatik jendearen arteko haserre eta ezin ikusi absurdo eta neurriz kanpokoak noraino iritsi diren, baina… Noizbait, ez al da konturatuko jendea zaborrak gaika jasotzea hainbesterako problema ez dela?

    – Confebaskek eta oposizioak iragarritako Apokalipsi ekonomikoa, aldundiaren politika fiskal berriak direla eta: oraindik zain nago, noiz hasiko diren Gipuzkoako enpresariak karabanan ihesi A8an barna. Oraingoz, Gipuzkoako ogasunak inoiz baino sos gehiago bildu du, hain zuzen, EAJ eta PPren irudikoz antzua, demagogikoa eta desfasatua den zerga-mota berri bati esker. Apokalipsirik ez da inondik ageri, oraindik.

    EHBilduren indarra higatu daiteke, gobernatzen ari baita, baina oposizioko alderdiak ere ez daude egoera onean.

  • Gipuzkuan ez dutela asmatu kudeaketan? Zergatik? Gehiengo oso gabe besteak gauz batzuk egin deaten galarazi dutelako?
    Bhear ez degun errautsgailua ez eraikitzea ehundaka milioi ez gastatuz ez da eer lortzea?
    Nahiz ta beste guztiak kontra izan 3 urteetan birziklatze tasa hainbeste haunditu izana ez da kudeaketa ona?
    Zabortegira bideratzen den material asko jada ez bideratzea ere ez omen da kudeaketa ona.

    Erreforma fiskala atzera bota zuten (espero bezala) ta? Hori kudeaketa ona egin ez dutela da?
    Zenbat ta nundik jasotzen biltzen ari du Gipuzkoako ogazunak dirua?
    Iruzur fiskalarengatik lehengo urtean Bildutakoa, lehen zegon gobernua bildutakoa baino %50a (buruz ari naiz) hazi danean?
    Zaharren egoitzetan lortutakoa Bilduren sostenguarekin ere ez omen da ezer izan.
    Ta autobus geltokia Donostian? 20 urte ta gero eraikiko da, hori bai leku txarrenean oposizio guztia batu zelako Bilduk aukeratutako lekua atzera botatzeko (leku hoberena diferentziarekin).
    Peajeko tarifa laua suposatzen dut oposizioak egin dula ta baita Metro ta autobusen tiketen batuketa.

    Ta D-bus hobetzeko kontuan hartu dituzten 4 mila aholku (biztanleriak emandak) ere kudeaketa txarra omen.
    Aldundi nahikotan zerbitzuak murriztu gabe amortizatu ta gutxitu duten zorra ere ez da ezer.

    Ta euskarari buruz, bere akats guztiekin, Aldundiak agintzen duen lekuetara juten naizenean Euskaraz egin dezaket guztiekin ia ia, duela 3 urte ezta %50akin.

    Ta gaizki ere egin dituzte gauzak baina kudeatu besteak baino askoz hobeto, gauza da beste guztiak batzen badira bere aurka, beraiek guztien kontra egiteko indarrik ez izatea.
    Kutxarena iruzurra izan da, jada ez da denak beraien aurka batu izana, legea urratu dute ta berdin du.
    Urratu zuten Kutxaren batzarra behar zenean ez aldatuz, urratu zuten bozketetan lehendakariak boz bikoitza izanez, legeak hori esaten ez duenean, urratu zuten Kutxako kandidatura bat ezabatuz suplentea 70 urte zuelako, baina adin hori zun titular bat zuen zerrenda ez.

    Bilduk 3 urteetan besteak 20 urtetan egin ez dutena egin dute, baina kudeaketa txarr omen.

  • Ahaztu zait, atez atekoa ezarrita errautskailuarekin sortuko zian lanpostuak bider 100 sortu daitezke, langabeiza jaitsiz,jendeak behar duen laguntzak murriztuz, diru gehio bildu zergetan…. ta merkeago ateratzen dira azkenean.
    Baina kudeaketa txarra omen.
    Kritikatzeko asko, baina zero zabor helburuak, lana barra barra sortzeaz gain, mekeagoa da ta planetarentzako hobeagoa, ta leku askotan konturatu ta gehiagotan konturatzen ari dira.

  • ‘Euskal Herria’ eta ‘euskaldunok’ baino, hobe zenuke ‘EAE’, ‘Araba, Bizkai, Gipuzkoa’ edo halakoak erabiltzea, bertzerik ez baitituzu aipatu. Nafarroan ilusioa badago urte luzetan lehenbiziko aldiz UPN botatzeko aukera bat bederen sumatzen delako, eta Iparraldeko hiru probintzietan ere espero dut hainbertzean ibiliko direla, altxaferorik bota gabe, baina tira, egitura propioaren kontsentsua hor dago eta abertzaleek lehenbiziko aldiz 5.000 biztanletik goitiko udal bat daukate

  • Peru Dulantz 2014-10-14 19:26

    Ez nago batere ados Gipuzkoako kudeaketaz egiten duzun irakurketa ezkorrarekin. Gai berberei buruz ikuspegi eta emaitza positiboagoak eman litezke, nondik begiratzen den, eta hori guztia gehiengorik izan gabe eta eragile garrantzitsuak (Confebask, hedabideak…) guztiz aurka edukita. Ez dut uste Bilduk arazorik izango duenik Gipuzkoan duen ordezkaritza-mailari eusteko.

  • Ez nago guztiz ados EH Bilduko kudeaketaz egiten duzun irakurketarekin. Egia da akatsaren bat egin dutela (Donostia 2016 besteak beste) baina bestetik uste dut erakutsi dutela zenbait kontutan politika ezberdinak ezartzeko gai izan direla: politika fiskala, hondakinak, zahar egoitzen gatazkan izandako jarrera, lan publikoetan Gipuzkoako hitzarmen kolektiboa aplikatzeko foru araua etabar. Eta uste dut, hurrengo hauteskundeetan Gipuzkoan berriro irabaziko dutela, nahiz eta ziuraski EAJrekin tartea murriztuko den.

    Bestetik, aldaketa politiko guztiak ez daude soilik alderdien esku. Herri mugimenduen esku ere badago. Eta nago Espainian eta Euskal Herrian mobilizazio ziklo desberdinetan gaudela. Horren arrazoietako batzuk: hemen izan ditugun zenbait porrotek sortutako etsipena (AHT, Boroa…), azken urtetotan mobilizazio gaitasun handienetakoa izan duen sektore politiko baten birkokatze estrategikoa eta egoera sozioekonomikoa (langabezi tasa besteak beste) ez dela Espainiakoa bezain latza. Hala ere, baikor egoteko arrazoiak badaudela pentsatzen dut. Izan ere, asteburu honetan LOMCEren aurkako mobilizazio jendetsuak ikusi ditugu hiriburuetan, Deustun aske gunea antolatu zen eta Nafarroan azken urteotan mobilizazio ziklo jendetsua gauzatzen ari delakoan nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude