Agurra

Agurra

Laztana:

Sar zaitez Youtuben eta entzunzazu Aitormena kantua. Badakizu zer esan nahi duen honek, ezta? Aspaldi hitz egin genuen gaiaz: eguna iristean, “baina orain, maitia, lehen baino lehen aska gaitezan” esango zuen bietako batek. Eta begiak itxi eta irekitzen diren abiadura berean gertatu da, konturatu gabe eta baita espero gabe ere. Eguna iritsi da, bai: agur esan behar dizut.

Zin egiten dizut inoiz ez dizudala gezurrik esan, eta hau ezin zen ba lehen aldia izan. Banoa norabidea jakin gabe, baina berdin zait, urruntzea da gauza. Ideiak argitzeko beharra daukat, hemen dena nahasturik baitago. Nire bide propioan galdu egin naiz, eta hurrengo pausua ematearen beldur izan naiz beti. Baina ezin dut hola jarraitu, nire burua ezagutu eta nire nortasuna deskubritu behar dut.

Ez dizut minik eman nahi, badakizu maite zaitudala eta zure onura besterik ez dudala bilatzen. Horregatik egingo dut alde, ez naizelako egokia zuretzat. Zuk ere garbi duzu zure buru argian, bihotz handi horrek ikustea debekatu dizun arren. Norbait maite izatea eta maitemindurik egotea ez dira gauza bera. Denboraren poderioz sentimenduak txikiak egiten doaz, izugarri handiak izan ostean. Poxpoluekin gertatzen den bezala: bat pizten duzu, beroa eta pasioa sortzen dizkizu, baina gutxinaka, sua eta berarekin batera dagoen zoriona itzaltzen doaz. Horrela, bizipenak joan eta etortzen dira, kaxa osoa amaitzen dugun arte. Eta hutsik dagoen kaxak ezer gutxirako balio du.

Eta hori da maitasuna, hain zuzen, poxpolu kaxa bat. Besterik ez. Baina benetan zerbait zoragarria dela ondotxo dakigu biok. Horrenbeste momentu izugarriekin gure poxpulu guztiak erre ditugu, eta kaxa hustu egin zaigu. Barkamena eskatu behar dizut, ez baitiot zentzurik ikusten berriz betetzeari. Amaierak onartu eta superatu behar ditugu, gauza onekin geratu eta zoriontsu izaten jarraitu, ez baitu merezi malkorik isuritzeak. Zure irribarrea, batez ere, zoratzen duen zerbait da. Neri gertatu zitzaidan. Eta ziur naiz beste norbaiti ere gertatuko zaiola.

Ezin dugu jakin zer dagoen gure zain, ez, ez dakigu non dagoen hoberena, eta agian hobe da, sorpresa izugarriak ekartzen dituelako etorkizunak. Zure bizitzaren onena izan naizela badakit, zu ere hala izan zara niretzat, baina orain arteko gauza izan da soilik. Azkenean harreman arrunta bilakatu da gure artekoa, eta elkar ahaztea ezinezkoa egingo zaigun arren, auskalo noiz, beste poxpolu kaxa bat erosteko gai izango gara, istorio berriak eraikitzeko, bizitza eder honen atal berri bat hasteko.

Besterik gabe, koldar hutsa izanda ere barkatuko nauzulakoan,

Munduko besarkada eta muxu handienak zuretzat, merezi dituzulako.

Espero dut zoriontsu izatea.

Marina

Tunnel of Love Railway (Ukrania)

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...