Agur eta Ohore Mixel

Agur eta Ohore Mixel –

Agur eta Ohore Mixel! Horra burura etorri zaizkidan hitzak aurreskua dantzatu dizutelarik ehorzketetan. Agur eta Ohore Mixel, zure ibilbide militantean Euskal Herriari egin diozun ekarpena itzela izan baita. Mugimendu abertzalearen bilakaeraren baitan hainbatzuk gure “itzulipurdiak” eman ditugu. Nik bereziki azken urte hauetan militantzia momentu batzuk hurbilagotik partekatzeko aukera izan dut Mixelekin. Bere kalitateak ezagunak dira: argitasuna, umiltasuna, gizatasuna…

Agur eta Ohore Mixel

Neri bi sentimendu heldu zaizkit hari pentsatuz: errespetu ikaragarria eta, bitxiki, harridura. Harridura nagusitu zitzaidan lehenik, Luhusoko ekimenarekin erakutsi zuen ardura hartze mailarengatik. Ez nuen dudatzen Mixelek laborantxaren bitartez borroka “sektorial” soil bat ez zuela eramaten, baizik eta gure Herriaren biziraupenarendako gakoa den eremu baten aldeko engaiamendua. Baina borroka armatuaren bukaeraz eta konponbidearen beharrari begira zuen arrangura errealitatean konstatatzeak harritu ninduen. Ikuspegi orokor batetik Mixelek gure Herriaren geroari begira senditzen zuen ardurak eta bere gain hartzen zuen erantzukizun mailak harritu ninduten. Harritu ninduten ere, Herriarengan izaiten ahal zuen konfiantxak eta hurbiltasunak. Luhusoko ekintza, eta bere biharamunak gaurko testuinguruaren araberako begiradarekin aztertzeak ez du ainitz argitzen. Gauzak baikorki bukatu ziren azkenean, baina ekimen honen ondorioak bestelakoak izan zitezkeen bere eramaileentzat. Ikaragarriko ausardia behar zen hortan parte-hartzeko. Baina baita ere, Herriarengan ikaragarriko konfiantza, zeren, gauzatu zen herritarren mobilizazioa gabe, nork daki afera hori nola bukatuko zen?

Ausardia eta zuhurtzia

Ausardia, eta aldi berean zuhurtzia handia sumatu izan diot Mixeli berekin partekatu ditudan bilkuretan, eztabaidetan. Gauzak nola adierazi? Pedagogia nola egin? Zer ulertuko dute jendeek? Galdera horiek ainitzetan itzulikatzen zituela iduritzen zait, urrats ausartak eta determinatuak emateko disposizioa eta gaitasunarekin batera, Herriarekilako konplizitatea eta sintonia ez galtzearen kezka handia zuela. Harritu naute azkenik, bere eritasunak eta bere heriotzak. Hegoaldean erraiten den bezala : “zur eta lur” utzi naute.

Ororen buru, hortan da finkatzen nere harridura: Mixelek Herri honekiko zuen loturaren intentsitatea. Bere ibilbidea Herrian eta Herriarekin hain errotua eta lotua izatea: Herrian sortua, Herriaren alde bizitu, eta azken hatsa arte, Herri honen geroari begirako arrangura eta kezka gogoan atxiki. Ehorzketen bukaeran Eñaut Etxamendi gurutzatu dut. Harek egun oso tristea genuela azpimarratu, baina ohartarazi ere Herri honek Mixel bezalako pertsonaiak ernaltzen ahal dituela egiaztatzeak kontsolamendurako motiboa eskaini behar digula. Nahiz eta Eñaut biziki maite dudan, bere hitzek ez naute kontsolatu.

Baina egia, azkenean, gure Historiari begira, dituen alde miresgarri eta dramatikoekin, Mixel pertsonai “mitiko” bat bezala geldituko da alor sindikal eta politikoan, Xalbador baten gisara bertsolaritzan. Mixelen ehorzketen eguna egun biziki iluna izan da, halere, Gamartetik lekutzeko momentuan kantu baten hitzak hasi zaizkit itzulika buruan : “ez gero nigarrik egin erortzen banaiz gau ilunean, izar berri bat piztutzera noa Euskal Herriko zeru gainean”.

Milesker Mixel, eta ez adiorik

Xabi Larralde

Agur eta Ohore Mixel Agur eta Ohore Mixel

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.