Agedaren bularrak

Agedaren bularrak

Agedaren bularrakAgedaren bularrak. Tradizioetan traizioek izan ohi dute lekurik. Agedari bularrak moztu zizkioten ezetz esan zuelako, bere birjintasuna mantendu nahian bilakatu zen martirio martirizatu. Haren omenez joten ditugu kolpez baserri atariak, dendak zein tabernak. “Dios te salve ongi etorri, jaunak zorion diela”, Agedari titiak moztu eta jaungoikoari kantuan.

Ezetz esan zuen Agedak, eta torturatu egin omen zuten. Birjina virgen bihurtu eta emakumeon babesle izendatu. “Legearekin kunplitzen degu Santa Eskeko eguna”, eskatzea libre da, ez emateak sortzen ditu, oraindik, arazoak.

Angela Davis ekintzaile komunistak eta feministak gogorarazi digu Euskal Herrian egon den honetan, ezetzak gutxi balio duela legeak sortzetik asko eta betetzetik gutxi dituen jendarte batean. “Gobernuek sexu jazarpenak egiten dituzte”, gobernuek bortxatzen gaituzte beraz. Kartzelan dauden emakumeen errealitatearen harira bota zituen zapust baten adierazpen gordinok. Ezetzak isildu egiten dira baietza hain indartsua denean. Jendartearen maketa izan daiteke espetxea; eta han, kalean bezalaxe ez dute, zenbaitek, Agedaren ezetza errespetatzen.

Ezetzak, eskubideak kendu edo eman egin ditzake, askatasuna ukatu ala esleitu. Bularrak kendu zizkioten Agedari, ezetz esan zuen emakume birjinari. Bata kendu ezin izan ziotela-eta bestea ebaki zioten. Ezetza, ezetza dela gogorarazten duen pegatina faltako zitzaion Agedari moztu zizkioten bularretan itsatsita.

Tradizioen tragediatik abiatuta, gogorarazi behar da istorio erlijioso dramatiko batetik haragoko arazoa dela norberak ezarritako marra gorria nahi orok gaindi dezakeela ustea. Ustea ez baita gizartean usteldua dagoen bakarra.

Ezetza ezetza dela ozen aldarrikatu arren barra ertzeko goxoa maiz mikazten da, bularrik moztu beharrik gabe askatasun oro ukatzean. “Dios te salve” abesten dugu, baina jaungoikoaren zain egon gabe aurre hartu beharko genioke geure ezetzak errespetatzeko prest ez dauden eta gure marra gorriak saltatzeko zain dauden horiei. Angela Davisek asteburuko hitz-hartzeetan esan bezalaxe autodefentsa feminista beharrezkoa izango ez den gizarte (kasik utopikora) iritsi arte.

Agedaren bularrak

bortxaketa, Santa Ageda, sexu erasoa, tradizioa

Zer duzu buruan “Agedaren bularrak”-ri buruz

  • Bizkarroi ugari dugu geure gizartean. Horien artean daude feministak. Feminista edo muturrekoak direnak, feminaziak, ez ditu inork autatu, ez ditu inork bozkatu. Hala ere, emakume guztien ordezkari bezala agertu ohi dira, zilegitasuna oso dudakoa den arren.

    Emakume batek jazarpena, erasoa, hilketa, ezbeharra,… jasaten duen bakoitzean, subentzioak gora, unibertsitateko bekak gora, lanpostu publikoak gora… baina ez jazarpena pairatu duenarentzat, elkarte feministarentzat baizik.

    Biktimismo profesionalera hurbiltzen ari dira. AVT gogorarazten dute, gero eta gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude