Afari-Solasaldia Floren Aoizekin Pasai Antxon

MjM3NA==

Basari Foroa hurrengo ikasturtearekin batera abiatuko bada ere, interesgarria iruditu zaigu politikoki trinkoak izan diren hilabete hauek patxadaz errepasatzeko aukera bat eskaintzea. Bide batez, ekimen berri honen aurkezpen gisa ere baliatuko dugu hitzordua.

Euskal Herriko egoera politikoan hilabeteak eman ditzakegu, itxuraz, aldaketa handirik jazo gabe. Bukatzear dagoen ikasturte honetan bezalakoetan ordea, bata bestearen atzetik datoz olatuak eta ia ez dugu burua ateratzeko tarterik aurkitzen, non gauden eta nora goazen ikusteko. Horretarako, zer hobeto afari  baten bueltan esertzea baino, batez ere, mahaikideen artean lehen mailako analista bat baldin badugu. Hau ez da ordea, hodeietatik, ongia eta gaizkiaren gainetik dena ikusi eta dena dakiten horietakoa, hizpide dituen gertaerekin konprimitutako analista baizik. Hori egiaztatzeko, azken hilabeteetako argazki nagusiak errepasatzea besterik ez dago. Horregatik ez dute nahi Euskadi Irratiko tertulietan eta horregatik nahi dugu gurea artean.

Altsasuko adierazpena. Independentistak. Zutik Euskal Herria. Herri aktibazioa. Aberri Eguna. Bruselako adierazpena. Iruñeako adierazpena. ETA. Gerra Zikina. Atxiloketak. Mobilizazioak. Nabai. Hamaika Bil Gaitezen. Hedabideak. Estatuak. Mobilizazioak. Adierazi EH. Eskubide zibil eta politikoen defentsa. Indar metaketa…

Zer da Basari Foroa?

Basari Elkartea beti saiatu izan da garrantzia ematen hausnarketari eta eztabaidari, Euskal Herriko egoera aztertzeari, inguruko eta herriko errealitatean eragiteari… elkartzeko, eztabaidatzeko, ikasteko eta lan egiteko aukerak eta espazioak eskainiz.

Gizartea ziztu bizian aldatzen ari da eta nor bere kabuz gaitza suertatzen da errealitateaz jabetu, hausnartu eta bere aurrean sendo kokatzea. Edozein borrokarako oinarri-oinarrizko baldintzak higatzen ari dira eta oinarri-oinarrizko proposamen batekin gatoz zuregana: elkartu, entzun, hitz egin: Basari Foroa.

Hurrengo ikasturtearekin hasita  “Euskal Herria ezkerretik eraikiz”  leloak barruan daramatzan hamaika kolore ekimen desberdinetan islatu nahi ditugu: hondakinen kudeaketatik memoria historikora, Iparralde ezagutzetik Bilgune Feministara, egoera politikotik euskaraz bizitzera, krisialditik AHTra… Guzti horiek eta bururatzen zaizkizunak hizpide izan nahi ditugu, hausnarketa eta eztabaidarako gune atseginak sortuz. Izango dira, noski, hitzaldiak; baina guztiz irekiak gatoz formatuei dagokionez ere. Gazteen ideia freskoak eta ez hain gazteen esperientzia, biak ala biak behar ditugu.

Pentsatzea kolektiboan gozatu beharreko plazera delako, gonbidatua zaude lagun.

Irudia | Afari-Solasaldia Floren Aoizekin Pasai Antxon | Basari Foroa | Creative Commons By SA