Administrazioko behargin guztientzat Lanbide Karrera lortzearen erronka

Lanbide Karrera –

Foru Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, 1999tik dago indarrean Lanbide Karrera; izan ere, urte hartan onartu baitzuten Osasunbideko medikuntzako langileentzat (langile finkoentzat bakarrik). 2008an, negoziazio gai izan zen berriz ere, baina UPN/PP/PSN alderdietako Gobernuak eta beren sokako sindikatuek erizaintzako unibertsitate diplomadunentzat mugatu zuten (kasu honetan ere, langile finkoentzat bakarrik). Urteekin, Lanbide Karrera/Garapeneko proiektu horiek beste departamentu eta erakunde batzuetan (NOPLOI…) antzeko lanpostuetan aritzen diren langileentzat ere zabaldu dira, baina mugapen berberekin.

Lanbide Karrera

Azken urteotan, ia sindikatu guztien plataformetan ageri da Lanbide Karrera/Garapenaren eskakizuna. Tamalez, sindikatu bakoitzak ezaugarri ezberdinekin erreklamatzen du: sindikatu korporatiboek beren osasun-estamentuarentzat baizik ez dute erreklamatzen; “klaseko” beste sindikatu batzuek osasun arloko estamentu guztientzat, baina, betiere, osasun arlokoak ez diren langileak eta aldi baterako langileak beste fase baterako utziz.

LABen, ordea, modu integralean heldu genion lanari, eta eztabaida prozesu bat ireki genuen gure afiliatuen artean zehazteko zein zen Foru Administrazioan aplikatzeko Lanbide Karreraren/Garapenaren eredurik egokiena.

Gaia lantzen hilabete batzuk eman ondoren, lege proposamen bat prestatu dugu, LABentzat ezinbestekoak diren alderdiak jasotzen dituena:

  • Lanbide Garapenaren/Karreraren aplikazio esparrua: Foru Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzen diren langile guztiak, finkoak zein aldi baterakoak.
  • Lanbide Karreran/Garapenean gora egiteko modua: lanpostu bakoitzerako etengabeko prestakuntzan, unitateak hobetzeko planetan eta talde lanaren sustapenean oinarritutako sistema.

Lanpostu bakoitzerako prestakuntza ibilbide bat garatzea proposatzen dugu, langilearen gaitasunak eta eginkizunak eguneratzeari lotua. Prestakuntza hori Administrazioak berak eskainiko du, lan bizitza osoan zehar eginen da (lan orduetan) eta ezinbestekoa izanen da Lanbide Garapenaren/Karreraren maila batetik bestera igotzeko. Hobekuntza planetan unitate eta zerbitzu bakoitzaren helburuak jasoko dira, efizienteagoak eta eraginkorragoak izateko. Eta azkenik, talde lana sustatuko da.

  • Lanbide Garapen/Karrera honek bost maila izanen ditu (gaur egun daudenen antzekoak), eta batetik bestera igotzeko beharrezkoa izanen da lanbidearen arloan eguneratzea (borondatezkoa izanen dena) eta unitatearen helburu kolektiboak betetzea (helburu horiek hobekuntza planetan jasoko dira).
  • Lanbide Garapen/Karrera horretako ordainsariei dagokienez, gaur egun dauden ordainsari-sistema berak erabiliko dira, modu proportzionalean banatuta.

Lanbide Karrerari/Garapenari buruzko legearen proposamen hau Foru Administrazioko Negoziazio Mahai Orokorrera eta talde parlamentario guztiei igorri diegu, hurrengo legegintzaldian aplikatzeko konpromisoa har dezaten.

….

Isabel Artieda eta Txomin Gonzalez
LABen ordezkariak Nafarroako administrazioan
Lanbide Karrera

Nafarroako Administrazio arduraduna, LAB