Administrazioetan euskararen eguna: Nafarroako Gobernuari eskaerak

NDkzNA==

NAFARROAKO GOBERNUAREN ERREGISTROAN UTZITAKO IDAZKIA, ADMINISTRAZIOETAN EUSKARAREN EGUNA DELA ETA.

Laster beteko dira 25 urte Nafar Gobernuak 18/1986 Euskararen Foru Legea onartu zuenetik. Oso eskasa eta murritza zen eta hala adierazi genuen nafarrok une hartan.              

Gaur egun Gobernuak ez du lege hori betetzen, ezta herritarrekiko harremanetan ere. Besteak beste, artikulu hauetan jasotzen dena egiteko agindua dauka:              

6. artikulua: Aitortu egiten da herritar guztiek Administrazio Publikoekiko harremanetan gaztelera nahiz euskara erabiltzeko eskubidea dutela, ondorengo kapituluetan ezarritako eran.              

Gaur egun Administrazioak ez dio herritarrari hizkuntza-eremuen araberako eskubidea bermatzen, ez zonalde batean ezta bestean ere (inprimakiak, errotulazioa, etab., gaztelera hutsean daude, oro har).        

7. artikulua: Nafarroako Aldizkari Ofiziala eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz emanen dira argitara, aldibereko edizio bananduetan.              

Gaur egun, Aldizkari Ofizialak ez dira guztiz euskaraz argitaratzen, hainbat atal gaztelaniaz argitaratzen dira egunero.              

9. artikulua: Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko unitate administratiboa sortuko du.              

Gaur egun, Iruñean ez dago holakorik. Administrazioetako zerbitzuetan, euskara eskakizuna duen lanpostu bakarra dago eta ezin zaio euskaraz erantzun hala eskatzen duen orori.              

10. artikulua: 1. Herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.              

Gaur egun, baita eremu euskalduneko eskubideei ere muzin egiten zaie, ez dira legeak dioen neurri egokiak hartzen: Web orri ofizialen “euskara” klikatu eta izenburuak euskaraz badaude ere, edukia ikusterakoan gaztelaniazko atalera eramaten du alor gehienetan; zer esanik ez Departamentuetako zerbitzuetako harrera inprimakiak, eskabide orriak, oro har inprimaki ofizialak soilik gaztelaniaz aurki daitezke.              

Eta Administrazioko langileak garen heinean, ezin dugu ahaztu gaztelania hutsean jasotzen ditugula gure lan-esparruko web tresnak, intranetak, gure nominaren jakinarazpenak, laneko gorabehera guztietarako inprimaki, ebazpen eta errotuluetako informazioa.              

Beraz, Nafarroako Gobernuari eta bere Administrazioari, hauxe exijitzen diogu:  

–          Nafar guztion eskubideak betetzeko neurriak har ditzala erabiltzen diren inprimakietan, eskabide-orrietan, ordain-agirietan, argitalpenetan, web orrian, errotuluetan eta abar, nonahi eta noiznahi.

–          Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko alea, egunerokoa, osotasunean euskaraz izan dadila, horretarako behar diren baliabideak lortzeko neurriak har ditzala.

–          Administrazioko langileok soldata-orriak, mota guztietako eskabide, jakinarazpen eta inprimakiak euskaraz jaso eta betetzeko dugun eskubidea bete dezala, bai paperean, bai web orrietan.

–          Herritar guztion eskubideak bermatzeko Euskara eskakizuna duten lanpostu gehiago sor ditzala eta beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzala.

HAUXE BAITA LEGEZ BETE BEHAR DENA.  

Iruñean, 2011ko apirilaren 8an.  

MARMARI TALDEA.    

Irudia | Nafarroan euskaraz | zz | Creative Commons By SA
Administrazioa., euskara
Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude