Herritarren euskaraz bizitzeko nahia indartuz doa

Euskararen jatorria 

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza-politikari buruzko urtekaria aurkeztu du Bilbon. Lehen aldia da Kontseiluak lan hau egiten duena. Urtekariarekin batera, hizkuntza-politikaz sortu duen bloga (www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika) ere aurkeztu du Kontseiluak. Ondorioen beri eman du Paul Bilbao idazkari nagusiak: “Administrazioen jardunari dagokionez, nabaria da ez dituztela euskararen normalizazioari dagokionez beharrekoak diren urratsak eman. Are gehiago, zenbait kasutan atzerapausotzat har daitezkeen neurriak hartu direla ere esan dezakegu, normalizazio prozesua are gehiago geldotzen duten neurriak, hain zuzen ere”

 

Hezkuntza alorrean, administrazio publikoan, alor sozio-ekonomikoan, helduen euskalduntzean, hedabideen alorrean… Euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraginkortu eta azkartzea eskatzen duen testuinguruan Administrazio ezberdinek ez dute aurrerapausoak ematearen aldeko apustua egin Bilbaok azaldu duenez. “Eta zenbait kasutan gainera atzera egin da. Atzera diogu, bi arrazoi desberdinengatik; alde batetik, neurririk hartu ez den kasuetan, honen ondorioz egoera betikotu egiten delako, baina are larriagoa dena, kasu batzuetan administrazio batzuek atzera egin dute” esan du idazkari nagusiak.

Administrazioen jarrerarekin alderatuz, berriz, herritarrek agertutakoa oso bestelakoa izan dela esan du Bilbaok; “herritarrek euskaraz bizitzeko beren borondatea inoiz baino argiago eta indartsuago erakutsi dutelako. Eskerrak, beste behin ere, errealitate latz honen aurrean herritarrek indar berriz ekin dioten euskararen aldeko aldarrikapenari. Are gehiago, herritarren aldetik nolabaiteko jarrera aldaketa bat gertatzen ari dela esan daiteke. Horren lekuko, 2009 bukaeran Ipar Euskal Herrian egindako Deiadarra eta 2010eko maiatzean Nafarroan egindako manifestazio erraldoia aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak.. Hori da iaz hizkuntza-politikarekin lotutako neurri, adierazpen edota gertakari garrantzitsuenak aztertu ondoren ondorioztatzen dena”.

Alorrez alor aztertu du Kontseiluak 2010eko hizkuntza-politika. Hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren hiru eleko esperientzia aipatu du Bilbaok, “Hezkuntza sailak, urte hauetan guztietako esperientziak erakutsitakoari muzin egin dio eta esperimentazioari heldu dio, esperientzia pilotuak ezarriz”. Nafarroako TIL ereduaren kasua aipatu du Bilbaok, zeinaren bitartez ingelesaren irakaskuntza euskararen gainetik jartzen den. “Ipar Euskal Herrian, oraindik ez da belaunaldi berriak osorik euskalduntzea ahalbidetuko duen politikarik abian jarri eta Administrazioak euskarazko ereduen beharrei entzungor egiten jarraitzen du”, esan du Bilbaok.

Administrazioaren euskalduntzeari dagokionez, EAEn “administrazioaren euskalduntzea eragozten edo galgatzen duten elementuek indarrean darraite eta zenbait kasutan atzerapausoak ere eman dira”, azaldu du Bilbaok eta horren adibide 2010ean egindako lan deialdi ezberdinak aipatu ditu. Nafarroako Foru Komunitatean, administrazioa euskalduntzeko plangintzarik ez dagoela aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, halaber, “Nafarroako Administrazioan lan egiteko euskararen ezagutzari ematen zaion balorazio eskasari muzin egin zion Gobernuak hainbat lan deialditan”. Ipar Euskal Herriari dagokionez, zenbait herriko etxek langileak euskalduntzeko eta zerbitzu batzuk euskaraz emateko ahalegina egiten jarraitu bazuten ere, beste urte bat pasa da Administrazio publikoa euskalduntzeko plangintza orokor eta koherenterik gabe.

Alor sozioekonomikoan Kontseiluari kezka bizia sortu dion aldaketa ezagutu dela aipatu du Bilbaok, “kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko dekretuan funtsezko aldaketa bat gertatu da. Aldaketa horren arabera, aurreikusitako zehapenak ez dira aplikatuko; eta beraz, herritarren eskubideak enpresen borondatearen menpe geratuko dira”, esan du. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, beste urte batez ez dago alor sozioekonomikoan, euskararen normalizazioa lortzeko inolako arau, plangintza edota egitasmo instituzionalik eta ondorioz lan-munduan euskararen presentzia enpresa eta langileen borondatearen araberakoa da.

Helduen euskalduntzearen alorrari dagokionez, Nafarroan bereziki larri da egoera, beste gauza batzuen artean Gobernuak diru-laguntzak aski-ezak direlako. EAEn ere murrizketak eman dira 2010ean. Ipar Euskal Herrian berriz, EEPren iazko diru-laguntza banaketak egonkortasuna eskaini zion sektoreari, hala ere, begi bistakoa da Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntzea hedatzeko baliabide gehiago beharko dela.

Hedabideen sektorean, LTDaren sorrerak, erdarazko kateen ugaltzea ekarri du eta euskarazkoek betiko kopuruetan jarraitu dute EAEn. Nafarroan egoera bereziki kezkagarria da, Bilbaok esan duenez, izan ere, “Lurreko Telebista Digitalaren esleipenean kuota-sistemarik ez jartzeaz gain, tokian tokiko euskarazko hedabideek izugarrizko diru murrizketak izan zituzten 2009. urtean eta horrek zenbait hedabide ixtea edota murriztea ekarri zuen. Bestalde, digitalizazioak ekarri duen sistema aldaketaren eraginez, ez dago LTD bidez euskarazko ETB1 eta ETB3 ikusteko aukerarik eta lehenagoko sistema zaharraren bidez soilik ETB1 ikus daiteke. Era berean, gogoratu behar dugu Euskalerria irratiak, oraindik ere, ez duela emititzeko baimenik”. Ipar Euskal Herrian kuota sistemarik ezarri gabe jarraitzen dute eta hedabide euskaldunak sustatzeko politika EEPren diru-laguntzetara mugatu da.

Hizkuntza bat normalizatzeko diru baliabideak behar dira, ugariak eta ongi inbertitutakoak. Krisiaren aitzakia baliatuta, instituzio desberdinek euskarari edota Euskalgintzari esleitutako diru-bitartekoak nabarmen txikitu dituzte. Aldiz, arrazoi berberarengatik, krisiarengatik alegia, beste sektore batzuetan diru inbertsioak handitu egin dira, sektorea indartu eta krisitik lehenago ateratzeko helburuz (kotxegintzan edo elektrotresnagintzan esate baterako). Adibidez, “Eusko Jaurlaritza: %3,13ko jaitsierak izan zituzten diru-laguntza programek. Nafarroako Gobernuan Euskalgintzak jasotzen duen diru-kopuruak ia %25 egin zuen behera. Ipar Euskal Herria salbuespena izan zen. Ez zen diru-murrizketarik egon, baina, era berean, esan behar da oraindik ere EEPren diru baliabideak aski-ezak direla euskararen normalizazioak Ipar Euskal Herrian dituen beharrak asetzeko”, esan du Bilbaok.

Euskararen estatusari dagokionez, EAEn ez du inolako aldaketarik izan. Nafarroan beste hainbeste gertatzen da, baina arazoa areagotzen da Vascuencearen Legeak zonalde ez euskaldun eta misto bezala definitzen dituen horietan euskara ez delako ofiziala. Ipar Euskal Herrian, frantsesak Frantziako hizkuntza ofizial bakarra izaten jarraitzen du konstituzioaren aginduz eta 2008.eko konstituzio aldaketak ez du ondoriorik izan euskararen estatusean.

Urtekaria egitearen erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu Ildo politiko-instituzionaleko arduradun IƱaki Lasak. “Hizkuntzen normalizazioa prozesu luze eta konplexua den heinean, ezinbestekoa da unean uneko azterketa gainditu eta hizkuntza-politiken jarraipen iraunkorra egitea. Aurrerantzean urtero egingo dugun urtekari hau helburu horrekin egin dugu. Euskalgintzaren esku jartzen dugun bitarteko berri bat da, azken urte hauetan Kontseiluak sortutako Udalen hizkuntza-politiken neurketa edota Hizkuntza-politika orokorren azterketa bezalako tresnen osagarri izan nahi duena”.

Hizkuntza-politikarekin lotutako gertakari garrantzitsuenak idazki bakar batean eta kronologikoki ordenaturik biltzeak, besteak beste, Administrazio ezberdinak garatzen ari diren politiken norabidea argiago ikustea ahalbidetzen duela azaldu du Lasak.

Urtekaria eta baita honen oinarri diren hizkuntza-politikari buruzko aldizkariak, bi hilabetean behin argitaratuko direnak, formatu digitalean egingo direla azaldu du Saioa Rodriguez komunikazio arduradunak. “Hizkuntza-politikari buruzko informazioa biltzea helburu duen bloga ere sortu du Kontseiluak, www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika domeinuan. Bertan, ildo honetako albisteak jasoko dira batetik, Kontseiluak egiten dituen lanak, aldizkaria kasu eta baita hizkuntza-politikak hobetzeko Kontseiluak egiten dituen proposamenak ere”. Izan ere Rodriguezek azaldu duenez, Kontseiluak ez du kritika soilik egiten, dauden hutsuneak gainditzeko proposamenak eskaintzen ditu. Bestalde, urtekaria eragile sozial eta politikoei helaraziko die Kontseiluak, komunikazio arduradunak esan duenez.

Hauteskunde garaian bete-betean gauden une honetan, deialdi bat ere egin du Kontseiluak. “Alderdi politikoei, hizkuntza-politikaz egindako azterketa aintzat hartzea eta hurrengo legegintzaldian hau errotik aldatzeko neurriak har ditzaten eskatu nahi die Kontseiluak”, esan du Bilbaok. Kontseiluak badu hizkuntza politika eragingarria egiteko proposamena eta hori guztion eskura jarri du Kontseiluak. Herritarroi, bestalde, euskaraz bizitzeko egin duten hautuarekin aurrera egin dezaten eta une zehatz honetan, euren bozka erabakitzeko orduan hori kontuan izan dezaten eskatu die.

euskara, kontseilua, urtekaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude