Adituek erabaki dezatela?… Edo euskalgintzak lurralde antolaketaz zeresanik ba ote duen

Adituek erabaki dezatela?… Edo euskalgintzak lurralde antolaketaz zeresanik ba ote duen –

Joan den aste bukaera aldera Beñat Hach Embarekek idatzitakoHirigintza eta euskara: azalean urrun, sustraiean hurbil sarrerari estu-estu lotuta ei dagoen idatzia, bere egile Iker Salabarerria Urkizuren aburuz; Kontseilua.eus atarian argitaratua.

New York-eko Seagram eraikina Mies Van de Rohe arkitektuak diseinatu zuen bere bulegoan. Arkitektura arrazionalistaren erreferentzia bilakatu zen eraikina. Arkitektuak bere erabiltzaileen beharrak asetzeko ahalik eta eraikin efizienteena diseinatu zuen, baina erabiltzaileekin hitz egin gabe. Horrela, erabiltzaileak eraikinean lanean hasitakoan ohartu ziren euren bulegoetako leihoan ezingo zutela landarerik jarri, ez baitzegoen horretarako lekurik. Ohartu ziren ere eguzkiak jotzen zuenerako ezingo zituztela errezelak itxi, leihoek ez baitzuten halakorik; eta bero egiten zuenerako, ezingo zutela leihoa nahi beste zabaldu, erabat irekitzeko edo erdizka irekitzeko aukera soilik baitzuten.

Adituek erabaki dezatela?… Edo euskalgintzak lurralde antolaketaz zeresanik ba ote duenIkuspegi arrazional-ilustratuaren arabera, giza-harremanen arlo batean edo arazo baten aurrean zer egin behar den erabakitzeko, ezagutza-arlo horretan formatutako profesionala edo aditua da pertsona egokiena. Horrela, ikuspegi teknokratikoarekin eta hierarkizatuarekin bat eginez, ‘dakiten’ pertsonak eta ‘ez dakitenak’ leudeke eta horren arabera, erabaki politikoak hartzeko garaian, herritarren parte hartzeak ez luke zentzurik izango.

Zorionez giza-zientziek eta zientzia politikoek aurrera egin dute. Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lekuko ezagutzari, bai eta erabiltzaile/herritarren bizi-esperientzian pilatutako ezagutzari ere. Ekonomiaren eta kapitalaren eremuan ere aspaldi hasiak dira euren salmentak areagotzeko, produktu eta zerbitzuen diseinua ‘adituen’ esku soilik utzi beharrean, erabiltzaile potentzialak prozesu horren hasiera beretik integratzen.

Baten batzuek, ordea, politika publikoak ‘despolitizatu’ eta ‘dakitenen’ esku uztearen ikuspegiari heltzen jarraitzen dute. Dakiten horiek burbuila batean bizi eta gainontzeko herritarren modura, euren ‘motxila kultural/ideologikoa’ gainean ez balekarte bezala. Politika publikoen definizioa, diseinua, inplementazioa eta ebaluazioa, aktore sozio-politikoen hartu emanen eta botere-lehiaren emaitza ez balitz bezala.

Duela zenbait aste aurkeztu ziren Lurralde Antolaketarako Gidalerroak gure gizarte-bizitza zer nola emango den marrazten eta markatzen duten neurrian, euskalgintzatik hizkuntza normalizazioari estuki lotuta zeudela genion. Bien bitartean, lurralde antolaketari buruz dakiten zenbait arkitektu entzun dugu arlo hori euren esparrua dela aldarrikatuz. Lurralde Plangintzako sailburuordeak zioen bezala, ‘ez [omen] da erraza ikustea euskarak lurralde antolamenduarekin duen inplikazioa’. Ez, behintzat, ikusi nahi ez duenarentzat. Edo, ez, etxea, erabiliko dutenekin hitz egin gabe eraiki nahi duenarentzat. Izan, bai baitituzte Kontseiluak eta UEMAk batera horri buruz aurkeztutako argibide eta proposamenak eskura.

Esango dute Gidalerroak definitzeko prozesuan parte hartzeko aukera zabalik izan dela. Prozesu luzea eta gardena izan denik ezin uka. Halere, parte hartzeko prozesua ez da izan diseinua bera eraikitzeko, aitzitik, ‘dakitenek’ eginiko diseinuaren gainean erabiltzaileen iritziak jasotzeko baizik. Adituek eginiko prototipoa bezero potentzialei aurkeztuko baliete bezala, bezeroen interes eta premien araberako prototipoa eraiki beharrean.

Paradoxikoa dirudien arren, Gidalerroetako Parte Hartze Kultura bultzatzeko atalean honela dio (dokumentua gaztelaniaz dagoenez):

‘[…] se ha trasladado la necesidad de disponer de otros foros de encuentro estables que reúnan a instituciones y agentes poniendo como es el caso del Consejo Asesor del Euskera. Sin embargo, el carácter multidisciplinar de la ordenación del territorio, haría difícilmente viable un órgano representativo de todos los sectores implicados por su envergadura y complejidad. Por lo tanto, se considera que los dos órganos [1] existentes son suficientes y adecuados […]’

Iristen zaigun mezua, beraz, horrela ‘itzuli’ genezake: ‘politika publiko horiek hainbat esparrutan eragin nabarmena dutela jakinda ere, ez gaitezen gehiegi konplikatu. Konplexutasunari sinplekeriaz erantzun diezaiogun. Utzi gaia adituen esku, dakitenen esku’.

Gure aldetik, aldiz, mezua argia da: Jabetu gaitezen gaiaren konplexutasunaz, onartu dezagun bide berriak urratzea, jar ditzagun eragindako herritarren interes eta premiak lurralde antolaketan integratzeko bitartekoak. Garai likidoak bizi ditugu, informazio gizarteak bizi gaitu, eta postmodernitatera heldu gara, egokitu gaitezen, bada, garai berrietara, entzun ditzagun eraiki nahi dugun etxeko erabiltzaileak eta ez dezagun jarraitu ilustrazio garaiko politika egiteko moldeekin.

.

[1] Bertan aipatzen diren ‘organoetan’ soilik adiministrazio desberdinetako ordezkarik eta ‘adituek’ parte hartzen dute eta ez dago inongo arloetako gizarte eragilerik ordezkatua.
Adituek erabaki dezatela  Adituek erabaki dezatela Adituek erabaki dezatela

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.