ACAB dioten hormak pladurrezkoak direnean

ACAB dioten hormak pladurrezkoak direnean – 

Garazi Navarrok Gedar langile kazetan.

Gazteria langilearengan esku hartzea da etorkizuneko gizartearen zimenduak ezartzeko modurik eraginkorrena. Gazte langileen artean zabaltzen ari diren joera kulturalak uneko baldintza materialen eta bertan egiten den esku-hartze kulturalaren ondorio dira. Proletarizazio prozesuak eragin du gure artean, oro har, etsipena, amorrua eta itxaropenik eza sentsazio orokor bihurtzea; eta horrekin mdlr bezala identifikatzen den kaleko kultura, non nagusitzen diren biolentzia, politikarekiko mesfidantza, unekoaz haratago pentsatzeko ezintasuna, drogaren kontsumoa… horrez gain, badaude dekadentzian den bizi-maila bati eutsi ahal izango diotenaren ameskeriaz bizi diren klase ertaineko seme-alabak ere, beren burua nolabait alderdi instituzionalen programetan errepresentatuta ikus dezaketenak, justiziaren eta moralaren zentzu burgesa guztiz asimilatuta; eta horrekin identitate-politiken gorakada izugarri bat eta alternatibismoa.

ACAB dioten hormak pladurrezkoak direneanNahaspila horretan batek pentsa dezake gazteen artean badela dagoenarekin hausteko borondate bat. Pentsa dezake denok gaudela nazkatuta eta modu eraginkorrean bideratuz eta antolatuz gero potentzialitate handia duten intuizioak existitzen direla, esaterako, hurkoaren defentsa, politika profesionalari errefusa, aberatsei nazka edo poliziari gorrotoa. Azken horri tiraka, baina, zaplasteko bat ematen dio aurpegian gazteen artean egoten ari den poliziaren normalizazioak. Polizia izatea lanbide bat gehiago balitz bezala, “batzuetan gehiegikeriak egiten dituzten arren”. Une honetan Arkauten zipaio izateko formazioa jasotzen ari diren 706 ikasleetatik %83,5 dira 24 eta 33 urte bitartekoak. Ez da kasualitatea. Pandemia hasi zen unetik poliziaren propaganda egiten dihardute komunikabideetan, errepresio sistematikoaren bidez dominazioaren bermatzaile diren burgesiaren borradun lekaioak heroismoz, adorez eta gizatasunez jantzitako langile moduan irudikatuta. Kapitalaren alderdia osatzen duten kolore guztietako alderdi politikoek izugarrizko aurrekontuak onartu dituzte indar polizialetarako. Behin eta berriro azpimarratu dute agintariek “delitu-forma berriei aurre egiteko” gazteak indar polizialetan sartzeko beharra. Inbertsio serioa ari dira egiten.

Askok ditugu kuadrilan, familian edo inguruan, eta gero eta gehiago dira beren lanbide posibleen artean ikusten dutenak langileriaren errepresio-agente izatearena. Mutrikuko Malen jaietan egondako iskanbilak eman digu kezkatzeko arrazoirik proletalgoaren askapen unibertsala helburu dugunoi, baina hein batean, gazte langileen artean poliziaren normalizazioa zein puntutara iritsi den hurbiletik ikusteko balio izan du. Zentzu komunean dagoen aniztasunaren eta askatasunaren ideiak polizia bat herri bazkari batean egotea arazorik gabe onartzeak borroka ideologikoaren garrantziaz jabetzeko balio bahar digu. ‘Aniztasunak’ ondokoaren zapaltzaile izateko eskubidea esan nahi badu eta ‘askatasunak’ bakoitzak nahi duena egiteko hautu librea esan nahi badu, gure marko ideologikoa dominazio-sistema baten mugen baitan ezarri delako da. Aniztasunaren ideiak ezin du gutxiengo batek gehiengoaren gainean ezarritako boterearen berme izan. Ezkerreko alderdi sozialdemokratek zentzu komun hori erreproduzitzen eta barnebiltzen dute beren programa antikomunistan. Ez dutelako behar aniztasuna errealki posible egingo duen askatasun unibertsalerako proiekturik, eta are gehiago, hori beren programa populista eta interklasistarekin kontraesanean dagoelako.

Eta ez. Kontua ez da polizia eredu bat ala bestea, bortizkeria maila bat edo bestea. Poliziak sistema kapitalistan betetzen duen funtzio sozialaz ari gara, proletalgoa politikoki ezgaiturik eta otzan mantentzeko duen funtzioaz, botere burgesaren aurkako proletalgoaren adierazpenak deuseztatzeko funtzioaz. Askatasun unibertsalaz ari bagara, eraitsi beharreko funtzioaz. Bitartean ACAB diote kaleetako hormek eta poliziari ihes egiten diote gazteek larunbat gauetan. Intuizio bat uneko interes pertsonalek gidatzen badute eta politikoki antolatzen ez bada edonork buka lezake poliziari eskua ematen. Horma sendorik eraiki ezean alperrik dira apaingarriak.

ACAB dioten hormak pladurrezkoak direnean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

8 pentsamendu “ACAB dioten hormak pladurrezkoak direnean”-ri buruz

  • Zuen estatu sozialista horretan, nola egingo liokete aurre eman daitezkeen delikuentzia egoerei??? Edo, hain da perfektua, non delinkuentzia zipitzik ere ez dela izango????

  • Esperientzia badagu sistema sozialistek nola funtzionatu duten eta bertan polizuek izan duten jokaera. Horiekin alderatuta, mendebalde kapitalistako poliziak santu batzuk dira.

  • Irrigarria da mendebaldeko polizia salbatu nahi izatea SESBekoa “okerragoa” zelakoan. Iñigo Cabacas hil zuten inolako arrazoi gabe (beno bai, herriko taberna baten aurrean zegoen, bekatu larriagorik!), baina “zeinen maltzurra SESBeko polizia, eh?” esan eta dena libre, dena barkatua.
    Polizia polizia da, deitu Guardia Civil, deitu Ertzaintza edo deitu Militsiya.
    Eta poliziek gurean errespetu apur bat lortu nahi badute, disolba dezatela behingoz “beltzen” unitatea, hori baita beste guztiei bereziki fama txarra ematen diena. Polizia frankistaren eredutik oinordetzan jasotako unitateak dira, deus ere pintatzen ez dutenak 2022an.
    Erresuma Batuak (65 milioi biztanle) horietako 800 agente ditu (TSG) . EAEn (2’2 milioi biztanle) 450 “beltz” ditugu. Eta ez etorri ETAren aitzakiarekin, Erresuma Batuan IRA izan dute eta.
    Beste egunen baterako utziko dugu “beltzen” artean irabazten duten sindikatuen pelaje ideologikoa. EAJoteroak ere beldurtu beharko lirateke. Begiratu ezazue zer den SIPE, “ertzaintzaren sindikatu profesionala”. JUSAPOL. Naziak.
    Baina hemen ez da deus pasatzen, ertzaintzan naziak laugarren indarra, baina jasotzen dugunak betikoak gara, eta guk bai, guk badugu bekatu originala. Hatxebitak gara. “Ciervos”, beren jergan.
    Jakin badakit, iturri zuzenetatik, EAJotero batzuk kezkatuta daudela ertzaintzaren deribarekin. EAJk ere badaki ertzaintza “galtzen” ari dela. Rodolfo Aresek oso lan txukuna egin zuen, eta Erkoreka politikari abila da, baina ez du ematen nahikoa ertzaintza kate motzean lotzeko. Pandemian izandako karga batzuekin (berriro ere “beltzak” tarteko) argi ikusi zen EAJko goi kide askoren ezinegona.
    Hemen arazoa ez dugu soilik ertzaintzarekin fidatzen ez garen eta kariñorik batere ez diegun HBroek. Eta arazoa handituz joango da, katalunian bezala, guardia zibil eta nazionalak ertzaintzara gero eta gehiago sartzen direnean.
    Azken kontua: noizko ertzaintza euskalduntzeko plan serioak? %8ak daki euskaraz.

  • Ertzaintzaren Brigada Movila epaitzeko orduan, nik be zuk ikusten duzun hori, argi eta garbi ikusten dut. Baina hemen ez gaude Beltzak epaitzen, baizik eta poliziek gaur egungo gizarteetan daukaten funtzioa. Eta horretan, GKSko gazteei, ea ze eredu polizial planteatzen duten galdetu nahiko nieke, horrek benetako ezjakintasuna sortarazten didalako. Edo baten batek uste al du, gizarte sozialisten poliziek boreal beharrean lore sortak daramatzatela????

  • Edo baten batek uste al du, gizarte sozialistetan poliziek borrak beharrean lore sortak daramatzatela?????

  • Borren ordez loreak ez, hauen poliziak iraultza sozialistaren etsaiak (kapitalistak, zuriak, kristauak, jende normala, alderditik kanpo dagoena, alfer eta gaizkinak… edonor) eta euren familiak zuzenean fusilatuko lituzkete eta fusilamenduaren kostua gertuko familiarrari kobratu.

    Hori da ezker muturraren funtzioa. Sistema ultrakapitalista eta inperialistaren alternatiba bakarra estatu eredurik okerrena izatea, alternatibarik egon ez dadin. Elkar konplementatzen dira.

  • Hemen aurkari ideologikoak hil dituen polizia Ertzaintza da, Batik bi. Zure fantasia bero horiek ez dezatela errealitatea ezkutatu.

  • Polizi ereduari buruz gabiltza. Hemen galdera hauxe da; poliziarik nahi dugu? Polizia beharrezkoa da? Euskal Herriko gizartea polizia gabe funtzionatzeko gai da???
    Erantzuna ezezkoa bada, kitto eztabaida. Baina baiezkoa bada, ze eredu nahi dugu?