Abstentzioa II

Abstentzioa II –

Abstentzio kontuez aritu nintzen azken zutabean, oker ez banago, eta ez nuen horretarako itzultzeko asmo berezirik baina, ño, asuntoa emankorra da.

Abstentzioa II
Samaniego

Abstentzioaren aldeko arrazoien xerkan aritu eta gero, beste arrazoibide batzuk agertu zaizkit, lagunek aipaturikoak, esate baterako, … lagun batek demerituak izendaturikoak, hau da, “ez diot alderdi honi botorik emango ezen eta gai horretan izan zuen jarrera ez baitiot barkatuko, edota zerrendan doazen Urlia eta Belandia zinez ez-dakit-zer-baitira, …”.

Beno, norberak jakiten du zein garrantzi ematen dion gertaera edo pasadizo edo, bale, inkluso akats larri bakoitzari (bidenabar: demerituen langa, gero, koherentziaz erabiltzea eskertzekoa litzateke). Horrekin batera, beste aldaera bat ba omen dago: abstentziora jo ez baizik eta alderdi bat –benga, argi mintza gaitezen, EHB– zigortzeko edo, bestelako boz aukera lehenstea. Eta EHB zigortzeko delakoan nago, bestela ez baitut ulertzen nola abertzale batek ematen ahal dion boza, martxoan, … Podemos-i, … edo azken europarretan Puigdemont-en hautagaitzari, azken kasu honetan Catalunyako prozesuari buruz asko dakitenek jakinen dute arrazoitzen.

Baina, utikan hau. Aurreko egunekora itzultzen naiz, eta Araba baldin badugu hizpide, ea. Ez al da plazer hutsa PP Guardian zein Bastidan oposizio gorrira bidaltzea? Ez al da zoragarria Errioxan, Ezker Abertzalearen historian, estreinakoz alkatetza bat lortu izana (Samaniego)? Txiripaz joan zaizkigu Amurrio, Agurain, Iruraiz-Gauna, eta are txiripagoaz Kuartango. Ez al zaigu pozgarria Nazional I.etik behera ere abiatzen garela konstatatzea? Ebro aldera goaz, Arabari kolore bizia emanez. Eta Gasteizen 6 zinegotzi mantentzea, hirugarren aldiz, ez al da zerbaiten –zerbait estrukturalaren– isla? Eta PP berriro katakonbetara igortzeari, udaletxe gehien-gehienetan zein Batzar Nagusietan, ez al diogu balio politikorik ikusten?

Nire buruak ez banau engainatzen, PP (eta gainontzeko gehienak) erakundeetatik bizi dira, eta hortik at euren etorkizuna latza da. Latza. Jendartea irauli nahi dugunok badakigu jakin kalean dugula birsortzeko habitat hobe ezina (eta ez bagara horretaz konturatzen, agur), baina gainontzekoak erakundeetatik bizi dira, eta botere-kuota horiek guk ebastea letala zaie. Ahanzturara doaz, ziztu bizian, eta bidaia hori azkartzen badugu, askoz hobeki. Bai, badakit horrek batez ere EAJri egiten diola mesede, eta hor izango dugula hurrengo erronka. Etorriko da. Baina, unez, ez dugu ikusten “Gora Gasteiz”en bezalako prozesu bat (diferentzia guztiekin, jakina) bilakaera edo ordezkatze-prozesu historiko honetan guztian? Zortzi urtez botere instituzionalik gabe eta PP desagertuko da (Ciudadanos eta Vox.ekin batera, bide batez). Eta bitxia zait.

Niri satisfakzio izugarria sortzen dit eskuin espainola zabortegi politikorako bidean ikusteak (PSE, unez, salbatzen da, EAJren makiavelismo politikoak erabaki duelako oraindik PSE bizirik jarraitzea), eta satisfakzio handia ere ezkerreko abertzaletasuna txakurtzuloan ere presente egoteak, eta ez modu marjinalean, indar handiz…

Nola sentitzen dira abstentzioaren alde egin duten lagunak, burkideak, etxekoak, deskribatu dudan honen aurrean? Misterio.

Abstentzioa II

Abstentzioa