Abolizionismoa makilatuta

Abolizionismoa makilatuta 

abolizionismoaLagunak askotan biltzen gara elkartean, neguan bereziki. Batzuetan bertsoak betetzen ditu orduak, besteetan hitz aspertuak; eta noizbehinka, mahai jokoek ere. Azken hauen artean Trivial da preziatuena, eta nire esparru indartsuenak lauki urdinak eta horiak izan ohi dira. Geografia eta Historia. Duela gutxi laukitxo hori batera eraman ninduen dadoak, eta dozenaka fitxen artetik esku inuzente batek artikulu hau idazteko izan dudan txinparta atera zuen. Galdera honakoa zen: “Zergatik piztu zen Estatu Batuetako sezesio gerra?” Txartelak hiru aukera ematen zizkidan, eta hirurak entzun ondoren erantzun agerikoena aukeratu nuen: “Batzuk esklabotza mantendu eta bestek abolitu nahi zutelako”. Asmatu nuen.

Baina kontua da badakigula Historia, orokorrean eta ez kasu honetan bakarrik, desitxuratuta jasotzen dugula maiz. Horrekin ez dut esan nahi hona ekarri dudan adibidean erantzuna zuzena ez denik. Bai, batzuk esklabotza mantendu nahi zuten, eta besteek abolitu, egia. Baina baieztapen hori pixka bat jantzi behar da, bestela badirudi munstro esklabisten eta askatasunaren maitaleen arteko gatazka bat izan zela. Abolizionismoa makilatuta.

abolizionismoaSezesio gerrak (1861-1865) hainbat elementu berri ekarri zituen mundu zikin honetara, tamalez. Esaterako, metrailadorea 1862an plazaratu zen; idazteko makina 1868an. Mafalda irakurri duzuenok oroituko zareten bezala, gizakiok lehenago asmatu edo sozializatu dugu nola hil azkarrago, azkarrago nola idatzi baino. Bestalde, trena, bapore ontzia edota telegrafoa aipatu behar dira, baita itsaspekoak ere. Egunkarietan jarraipen iraunkorra eduki zuen lehen gerra izan zen, eta argazki bidez jasotako lehenbizikoa ere bai. Arma ekoizpena eta erabilpena garai hartako handiena izan zen. Zergatik datu hauek? Gatazkaren gakoa elementu guzti horiek posible bihurtu zituen faktorean dagoelako: industrian.

Esklabotzaren babesle eta aurkarien arteko gerra bat izan zela esaten zaigu, eta aitortu bezala, egia da. Baina oinarrian bi ekoizpen ereduen arteko talka izan zen: batetik, indargunea kotoiaren gainean eraikitako monolaborantza esklabistan zeukana, lur jabe handien eskuetan; bestetik, kapitalismoa eta industria, burgesen menpe.

Botere politikoa arrazoietako bat da. Iparraldean desegingo ez zen Estatu bat eraiki nahi zuten, Washingtonen zentralizatua, eta Konfederazioko estatuek Batasun hori edozein unetan uzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Baina sustraia ekonomian zegoen.

abolizionismoaKonfederazioko latifundistentzat esklabotza lan harreman eraginkorra zen. Gizon emakumeek ezeren truk egiten zuten lan, mantenua merkea zen, eta kasu askotan, gainera, haien burua elikatzeko gai ziren, plantazioetan lan egiteaz gain, euren etxeetarako produktuak lantzeko aukera izan ohi zutelako. Lehengaia esportatu eta jabeak aberastu egiten ziren, ondoren diru horrekin haien beharrak eta nahiak ase ahal izateko.

Baina iparraldean, yankee delakoen Batasunean, beste lan harreman bat garatu zen, beste ekonomia eredu bat: industria eta kapitalismoa. Batasuna ikaragarri hazi zen, etorkin asko iritsi ziren industriak eskaini zezakeen bizi berri hobe baten bila. Komeni da une historiko honetan kokatzea Irlandan eman zen “patataren gosetea”, XIX. mende erdialdean; sarean aurkitu ditudan informazio ezberdinen arabera, 700.000 eta 2.500.000 lagun artean hil ziren gosez, eta heriotzatik ihesi beste hainbeste irlandar iritsi ziren Atlantikoaren beste aldera. Industria eta demografia ikaragarrizko hazkundean zeuden.

Enpresari yankeeei ez zitzaizkien (ez zaizkie) batere axola giza eskubideak eta independentzia aldarrikapeneko eskaera humanistak. Argi eta garbi, esklaboak proletarizatu nahi zituzten, eta Konfederazioko ekonomia parametro kapitalistetan kokatu.

Esklaboek ez daukate soldatarik. Eroste ahalmenik ez daukan pertsonak ezin ditu industriak ekoizten dituen produktu eta ahalbidetzen dituen zerbitzuak kontsumitu. Kapitalismoak esklabo bihurtzen gaituela aldarrikatzen dugu maiz, eta zentzu askotan egia da; baina literalenean ez. Ez badago erosteko gaitasunik, norentzat ekoitzi? Abolizionismoa humanista izan balitz, eta ez klase interesen menpekoa, esklabotza ezabatzearekin batera beltzen aurkako bazterkeria eta jazarpen oro alboratuko zen. Dakigun bezala, hori oraindik ere ez da gertatu, Baltimore edo Fergusoneko iskanbilak lekuko.

Kapitalismoaren ernamuinean emakumeekin gertatu dena ere parametro berdinetan kokatu daiteke. Emakumeak, esklaboak, 0 sektoreko langileak, ez zeukaten soldatarik euren lanaren truk, beraz ez zeukaten eroste ahalmenik; emakumeak proletarizazio prozesu bat jasan zuten, eta lan produktiboan sartzen hasi ziren ekoizpenari eta erosketei sekulako gorakada emanez. Hori bai, hau aurrerapen ederra eta zilegia balitz, lan erreproduktiboaren banaketa emango zen, eta dakigun bezala, hori oraindik ez da gertatu. Patriarkatua, dakigun bezala, berean mantentzen da, Euskal Herria lekuko, .

Baina lana egin arren, soldata bat jaso arren, ez dago bermatuta hilean beharrezko ditugun produktu eta zerbitzuak erosteko ahalmena. Baieztapen batzuk jantzi egin behar direla nioen hasieran, bestela ez dutelako ulertzera ematen atzetik dakarten guztia. Berdina gertatzen da langabezia jaitsi egin dela esaten digutenean. Egia izango da, bai, langabezia jaitsiko zen beharbada, baina langile profil zehatza dakarkigu berarekin: langilea eta prekarioa.

Abolizionismoa makilatutaOngizate estatua badoa, ez daukalako mehatxu antikapitalista esanguratsurik neutralizatzeko beharrik. Soldatapekoak izango gara, justu bizirauteko, lan egin eta gure gorputza hurrengo goizean lanera itzultzeko bezainbesteko indarrez mantentzeko neurrian; baina horreraino. Hegoaldeko esklaboak “askatu” zituzten enpresarien oinordekoen eskutik, beste “itun askatzaile” bat dator gure buruen gainera: TTIP, edo Merkataritza Askeko Itun Transatlantikoa. Bizi dugun ekonomia ereduan sakontzeko eta guri bizitza dezente gehiago izorratzeko diseinatua. Baina beno, horrek aise eman dezake beste idatzi baterako.

Abolizionismoa makilatuta

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Abolizionismoa makilatuta”-ri buruz

  • Inn Luzuriaga 2016-02-18 14:57

    Hey Beñat, artikulu txukuna inondik ere. Tamalez, lehenengo eskutik, Estatu Batuetan, zenbait unibertsitate-ikasle beltzek artean uste dute Gerra Zibila esklabotzari buruzkoa zela. Gerra Zibilean galdu egin zen betiko Estatu Batuak estatuen atxikipen libreko federazio bat izateko aukera, hori zen koxka nagusietako bat, Hego Karolinarekin zabaldutako krisiaren ondoren.

    Demokratak (“gobernu txikia”ren aldekoak) kinka batean zeuden, botere- eta aberastasun-metaketaren kontra eta (zurien) herri-subiranotasunaren alde aritu ziren, Andrew Jackson adibidez (esklaboak zituena), baina Europa kolonialistari aurre egin ziezaiokeen nazioa izan nahi zuten. Estatu Batuen iparraldeko burgesia, berriz, garapen kapitalistaren alde zegoen, inbertsio handien alde, estatua eta korporazioak elkartzearen alde (“gobernu handia”), eta Europako finantzen eta handiki kapitalisten jokoan sartzearen alde.

    Gobernu federalak (“errepublikarra”, industria bidezko botere metaketaren aldekoa), orduan, mugako zergak (tariffs) areagotzeko legeak ezarri zituen, Hego Karolinak onartuko ez zituenak, eta itsasontziak bidali zituen Hegoaldeko portuak blokatzera. Gerra piztu zen, eta estatu-zor federala izugarri hasi zen handitzen.

    Rockefeller handiki kapitalista esklabotzaren KONTRAKOA zen. Rockefeller ez da gizalegearen eredu justu, nahiz eta ingelesezko erreferentzietan “philantropist” deitzen zaion, beste hainbat aberaskilori bezala! (Bai, bai, fundazioak, eta unibertsitateak… sortu zituzten)