Abizenak

Eta esango dute abertzaleak abizen kontuen inguruan jiraka dabiltzala. Eta esango dute abertzaleek lehen abizen euskalduna daukanari lehentasuna ematen diotela. Eta esango dute, abertzaleen iritziz, euskal abizenak dauzkana “jatorragoa” dela. Eta nork esaten du hori hain ozenki? Lehen abizena gaztelaniaz daukala, EHUko errektorea izan zen Manu Monterok.

Batzuek daukaten konplexua itzela da. Abizenen kontua etengabe ateratzen dutenaz ari naiz, afera honekin bueltaka dabiltzan bakarrak baitira. Jakina denez, badira abizen erdaldunak dituzten buruzagi abertzaleak, esaterako Aitor Esteban jeltzalea, Txelui Moreno sortzailea edota Rafa Larreina EAko diputatua. Ez hori bakarrik, baina kanpoan jaiotako kide abertzaleak ere datozkit burura: Katalunian jaiotako Gorka Knorr edo Kolonbian jaiotako Diana Urrea.

Zerrenda luzea da, beraz, ez jolastu horrekin, izan ere, nik ere nire arbaso “maketoak” ditut eta inork ez dit inoiz ezer aurpegiratu. Ezta “lagun abertzaleak” ere.

Nemok egina// CC http://pixabay.com/p-23903/?no_redirect

 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.