Abian da Supermintzalagunen 20. promozioa

Gaur goizean 2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu ditugu Euskaltzaleen Topaguneak eta Bagera euskaltzaleen elkarteak Donostian. Koldo Mitxelena Kulturunean izan da izen emate kanpainaren aurkezpena, eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, eta Aitziber Gurutzeaga Donostiako Bagera elkarteko kideak hartu dute parte.

SUPERMINTZALAGUNAK

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi ditu aurtengo kanpainak”. Izan ere, Mendizabalen hitzetan ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan.

Duela 20 urte sortu ziren lehen mintzalagun taldeak Donostian. Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak azaldu duenez, “orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten”. Hasiera batean dozena bat bagerakide euskara ikasle banarekin elkartzen zen euskaraz mintzapraktika egiteko. Lehenengo urratsak ematen hasi eta Mintzalagun egitasmoahezurmamitzen joan zen, gaur egun hartu duen hedapeneraino.

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostia, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo ingurua). Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Aitziber Gurutzeagak adierazi duenez, Donostian 230 lagun inguru aritzen dira egitasmoan. “Asteroko zitan jariotasuna eta ohitura lortu ahala, mintza taldeetatik kanpo gero eta gehiago erabiltzen dute euskara beraien ingurunean, lanean, lagun giroan, zein familian”.

Parte hartzaileen gorakadan eragin handia izan du azken 6 urteetan Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlanak.

Izen emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait mintzalagunekin batera. Aurten, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, eta inoizko bateratuena izan da. Ondoko herrietan zabalduko da, baina esan bezala, egitasmoa Euskal Herri ia osoan hedatuta dago: Arabako Errioxa, Arrasate, Baztan/Bortziri/ Malerreka, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hondarribia, Igorre – Dima, Iruñerria, Lasarte, Lizarraldea, Arabako Mendialdea, Ordizia, Orereta, Soraluze, Tolosa, Villabona – Zizurkil.

Azkenik, prentsaurrekoan izan diren mintzalagunek egitasmoan parte hartzeko deia luzatu diete gainontzeko euskaltzaleei, hitz egiteko jariotasuna lortu nahi dutenei zein hizkuntzaren aldeko alea jarri nahi dutenei.

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke.

Supermintzalagun izan nahi? Elkartu gurekin!

euskara, mintzalaguna, topagunea

4 pentsamendu “Abian da Supermintzalagunen 20. promozioa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude