Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa

Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa

“Estaturik gabeko naziotik naziorik gabeko estatura”. “Abertzaletasunak independentismoa mugatzen du”. “Eztabaida ez da nazio izan edo ez izan, demokrata izan nahi dugun edo ez baizik”. Indar berezia duten esaldiak. Are, bertigoa ematera iristen direnak. Ikusi bestela Joxe Manuel Odriozola (Nazio-identitatea merke-zurrean), Eneko Bidegain (Identitateaz) eta Hasier Etxeberriaren (Abertzaletasunaz eta aeronautikaz) erantzunak. Amildegi ertzetik behera begiratu eta amaierarik ez ikusi; harritxo bat bota eta soinurik ez entzun, haizearen hotsa soilik. Orain arte eusten gintuen zorua utzi eta salto egin?

Ez dut uste Imanol Galfarsoro, Unai Apaolaza eta Jule Goikoetxeak egoera hain dramatikoan jarri nahi gaituztenik. Ni, behintzat, identifikatuta sentitzen naiz diotenarekin, ikusten baitut zer egiten duten Diario de Navarrak eta El Correok sistematikoki: sindikatuak abertzaletasunaren ardatzaren arabera polarizatu (ez gu indartzeko, jakina).

AbertzaletasunaGuk beti azpimarratzen dugu CCOO eta UGTgandik aldentzen gaituena ez dela abertzaletasuna, eredu sindikala baizik: Autofinantzatutako konfrontazio-sindikatua gara gu eta gobernuek finantzatutako kontzertazio-sindikatua beraiek. Baina bost axola, egunkari horietan beti irakurriko duzu “los sindicatos nacionalistas”, langile ez abertzaleek ez dezaten gurekin bat egin; gure hazkundea mugatzeko asmoz hain zuzen ere.

Horregatik jarraitzen dut interes handiz Galfarsoro, Apaolaza eta Olariagak Lapiko Kritikoan eta hAUSnART aldizkarian abiatu zuten lana. Gomendagarriak dira, zentzu horretan, Independentzia Helburu liburua, Apaolazaren Hegemonia eta estrategia independentista eta Bilgarria artikuluak, zein Jule Goikoetxeak Apaolaza berari OTORDUAKen egiten dion elkarrizketaren bideoa.

Jule Goikoetxeak berak, OTORDUAKen Apaolazak egiten dion elkarrizketan azpimarratzen du independentzia prozesuak ez duela aberrian oinarritu behar, baizik eta demokratizazio prozesu bat izan behar duela: Euskal demokrazia sortzeko estatugintza prozesua. Beraz, kontua litzateke demostratzea jende ez abertzaleari Euskal demokrazia maila gorena ezinezkoa dela Espainiar Estatu barnean, ezinbestekoa dela Euskal Estatua sortzea eskatzen dugun demokrazia maila sakonera iritsi ahal izateko. Eta hori lortu behar da diskurtso eta ekintzekin, praktikekin; estatugintza praktika horiekin lotzen dut. 2011n idatzi nuen gai hauen inguruan (Atzerri egunetik abegi egunera) gure eguneroko esperientziea oinarritzat hartuz.

Burujabetza prozesua balio unibertsalekin lotzean dago gakoa, eta ideia potentea iruditzen zait. Horregatik harritu ninduen bapatean (17:49 min) Jule entzutea, PNVtaz ari zela, “zuek espainiar estatugintza egiten ari zarete, ez euskal estatugintza”, iruditzen zaidalako berriro nazio kontuetan sartzen dela. Hau da, estatugintza demokratizazioarekin lotzen badugu, demokratizazioan sakontzen duen estatugintza oro izango da ona. Ez abertzale bati espainiar estatugintza edo euskal estatugintza moduan planteatzen badiozu auzia, espainiar estatugintza hartuko dizu lehen aukera gisa, demostratzen ez diozun bitartean espainiar estatugintzak ezin duela iritsi bere nahi demokratikoak asebetetzera, hori lortzeko modu bakarra Euskal Estatua sortzea dela. Eta hori diskurtsoz eta praktikaz demostratu beharko diozu, jakina.

Harrituta nengoen, beraz, berriro urrats bat atzera ematea modukoa iruditzen baitzitzaidan. Akaso nire interpretazio txar bat izan zitekeen, baina Galfarsoro irakurtzean ikusi nuen halako gaizki ulertuak saihesteko berak baduela formula bat: “Horregatik niri “euskal estatua” baino atseginagoa egiten zait “Estatua Euskal Herrian” esatea” (Independentzia Helburu, 309 orr.).

Amaitzeko, burujabetzara bidean unibertsalen balioa azpimarratzen duten lan akademiko hauen adibidetzat dudan gure praktika partikularraren zertzelada batzuk eman nahi nituzke. Esaterako Nafarroako Erriberan hauteskunde sindikaletan %20a dugu. Emaitza hau ez da izan abertzaleak garelako. Emaitza hau ez du gure diskurtsoak ekarri. Emaitza hau egiten dugun lanak eman digu: Erriberako langile askori demostratu diogu beraien lan baldintzak hobetzeko erreminta egokia garela. Beraien behar konkretuei erantzuten asmatu dugu.

Diskurtsoak badu garrantzia, baina ez langileak sindikatura erakartzeko lehen momentuan. Lehen momentuan praktikak dira langileak erakartzen dituena. Behin langileak ELAn daudela hartzen dute indarra gure diskurtso eta trebakuntzek. Langilearen bizi baldintzak ez direla soilik enpresan jokatzen, enpresatik kanpo ere langileak garela, gizarte eredua eta politika publikoek berebiziko garrantzia dutela eta antolatu eta mobilizatu ezean, kontrabotere indartsu bat osatuz, langile klasearen kontrako politikak ezarriko dituztela. Langile borrokak eta beste mugimendu batzuen borrokek ekarri dituztela ditugun eskubide demokratikoak. Langileok ezin besteko dugula kalitatezko demokrazia, eta hau etengabe borrokatu behar den demokratizazio prozesu bat dela, indarra galtzean demokraziak atzerantz egiten baitu.

Ikuspegi horretatik da garrantzitsua langileon bizi baldintzentzat burujabetza prozesua, demokratizazio prozesu bat baita. Baina ez soilik hori: Euskal Herriko langileek gure lan- eta bizi-baldintzak Euskal Herrian bertan borrokatu eta erabakitzea hobea da langile klasearentzat indar-harreman hobea dugulako. Euskal Herrian sindikatuak ez daude salduak eta borrokarako prest dira. Espainiako sindikatuak, aldiz, gobernuen eta enpresarien esanetara daude, Frankismo ondoren hartu zuten eredu sindikalaren ondorioz. Eta hori langile askok zuzenean esperimentatzen dute izan estatuko hitzarmen bat aplikatzen diotelako, izan Estatu mailako enpresa batekoak izanda ikusi dutelako Madrileko enpresa batzordean langileak saldu egiten dituztela, eta hemengo lan zentroan lan baldintzak hobetzeko, hemen bertan antolatu eta borrokatzea beste biderik ez dutela. Esperientzia hori bizi duenak erraz estrapolatu dezake borroka horretan atera dituen ondorioak arlo politikora, sindikatuaren diskurtso eta trebakuntzaren bitartez.

Hemen gizarte eredua aldatu eta burujabetza lortu nahi badugu, abertzale eta ez abertzaleak antolatu eta borrokara bideratu behar ditugu. Ez abertzaleak burujabetzara eraldaketarako borrokak erakarriko ditu eta abertzaleak burujabetzarako borrokak erakarriko ditu eraldaketara. Bi borrokak batera eginez lortuko dugu biak gauzatzeko behar ditugun gehiengoak.

Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa

2 pentsamendu “Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa”-ri buruz

  • Demagun EH burujabea dela, 100 urte daramala horrela, demagun hiritarrak ez daudela pozik dugun demokrazia gutxirekin.
    Orduan proiektu bat ateratzen da erranez, Espainiarekin batuz gero, gure ekonomia ta demokrazia hobetuko zirela.

    Zer egingo zenuten? Horren alde egin? Edo EH hobeagoa, erakunde gardenagoekin… izaten saiatu?
    Nik behintzat argi daukat bigarrenaren alde egingo nuela, baina badirudi Nazionalista Espainiarrak masan aldatuko zuketela iritziz.

    Ikus entzunezko hoientzako, beti izango gera Nazionalistak, muturrekoak…. berdin du zertaz mozorrotu nahi dugun aurkezten duguna.

    sindikagintzan adibidez, daukadan esperientzia txikiarekin, nahiko langile ez abertzale bozkatzen dituzte, afiliatua daude…. Ta abertzale bihurtzen dira? Nik dakidanez, ez.
    sindikatu abertzaleak, bere eskaera abertzaleei muzin eginda, abertzaletasunaren eragina murriztuko zun , sindikatuak suntsitu…..ta horretarako badugu CCOO ta UGT.

    Ta espainiako erakundeak aldatzen badira ta ekonomian zuzenagoak bilakatu baziran baina beste nazio sentimendua duten beste erkidegoen kulturak berdin jasartuz? Abertzaletasunera “hurbildutako” hoiek zer egingo zuketen? Ospa?

    Ikus entzunezko hoientzako ta biztanleri zati haundiarentzako (batik bat Espainian jaio ta hezitakoak) beti izango gera Nazionalistak nahiz ta Nazionalistenak haiek izan.

    Bukatzeko gizartearen %50a edo eskumakoa da (ultraeskumakoak asko), beraien artean Euskaldun asko, beraz bakarrik arlo sozialarekin bai ezinezkoa dela independentzia lortzea, ondo dagoena askorentzako (laguntz mota asko adibidez), alperrak laguntzeko laguntz bidegabeak direnean,gutxiago eskumako Euskaldun abertzale mordo baztertuz.

    Ze hoiek errango zuketen, burujabetzarekin gure idei politikoak lekua izango zuten, denak “ezkertiarrak” dira ta euskalduntasuna ta abertzaletasuna baztertzen dituzte, ze demontre degu komunean? Nola entzungo dira hor gure ideiak?

    Independentzia nahi dutenak idei mota ezberdin asko dituzte ekonomia ta eskubide sozialei buruz, ta horri orain gehietzen badiegu bazterketa hori….

  • Aupa Suagaar! Mila esker iruzkinagatik. Erantzuten saiatuko naiz, ez arrazoia dudala esateko, baizik eta elkarrizketa sortzeko asmoz, iritzi desberdinen artean estrategia egokia asmatzen lagungarria izango delakoan
    – “Demagun EH burujabea dela, 100 urte daramala horrela”, hori jada arrakasta izango litzateke!! Independiente izateak ez du esan nahi borroka amaitu denik (munduko estatu guztiak begiratzea besterik ez dago). Kasu horretan jarraituko genuke borrokan Euskal Herrian demokrazia eta justizia sozialean aurrera egiteko.
    – “nahiko langile ez abertzale bozkatzen dituzte, afiliatua daude…. Ta abertzale bihurtzen dira? Nik dakidanez, ez” helburua ez da abertzale bihurtzea, helburua da borrokan engaiatzea, eta borroka prozesu horretan konturatzera iristea (bizi duten harreman eta esoperientziei esker) burujabetza borroka beraren beste aldea dela. Borrokarik ez badago ia ezinezkoa da hori gertatzea, baina borroka badago posible da, eta esperientziak baditugu. Bestalde esan dut CCOO eta UGTtik desberdintzen gaituena ez dela soilik abertzale izatea, eredu sindikala baizik (haiek gobernuei eta patronalari salduta daude, beraien finantziazioaren menpe bizi direlako).
    – Politika neoliberalek jende gehiena izorratzen dute (murrizketak, lan erreforma, pentsio erreforma, pribatizazioak…) eta jende gutxi batzuri onura dakarkie. Pentsa nola saltzen dituzten erabakiok: “ezin da besterik egin; guk ez dugu nahi baina ez da beste erremediorik”. Demostratzen badugu hori gezurra dela, eta jendeak esperimentatzen badu beste erabaki batzuekin hobe bizi dela (eta beste erabakiak ez dira etorriko borrokarik gabe), bigarren hau aukeratuko du.