Abertzaleen batasuna?

Nzcw

Gorrik gorrenak ere entzun du, honez gero, “gauden bezala ezin da jarraitu: zerbait egin behar dugu”. Antza espainolek adostua dute euren bidea eta, aldiz, abertzale zintzoek inondik inora ere ez. Jada ez da tranbertsalitate hura, beste garai batean hain txorrotxiotua, modako hitza. Orain betiko fronteak dira kontua: nazionalista espainolak eta euskal abertzaleak. Eta hazkure itzel bat bizkarraren erdian —juxtu hazka egin ezin den lekuan—, Patxi Lopez ikusirik Lehendakaritzan.

Nola demonio antolatu konstituziozaleei aurre egiteko moduko aukera politikoa? Itxura batean, horixe da gaur milioi bat balio duen galdera.

Zergatik egin behar da ezer?

Ematen du abertzaleek bildu beste biderik ez dutela. Alde batetik, PSE-PP batuketari aurre egiteko ez delako ikusten beste biderik, baina, baita ere, ETAk ezin duelako dagoenean ad infinitum iraun. Ezker abertzaleak ere barneratua daukala dirudi betiereko mezua: ezin dela politikarik egin halako aitapontekoekin. Tasio Erkiziak ere, begi onez ikusi du EAren eskaintza subiranista. Abertzaleen batasuna, beraz, ongi dago maila teoriko batean aurre egiteko konstituziozaleen batasunari. Baina nork jarriko txintxarria xagu horri?

Interesgarria da Juan Ignacio Perez Iglesiasek, egunotan argitaratutako artikulua. Perezek ez du konfidantzarik batere balizko elkartze horretan eta, gainera, ez du uste ona izango litzatekeenik inorentzat. Batez ere ez litzatekeelako benetakoa izango. Bere ustetan, Ezker Abertzalearen arerio naturala, EAJ da beste inor baino lehen. Eta alderantziz. Etc.etc.

Funtzioak organua?

Baten batek pentsa lezake funtzioak ekarriko duela organua. Hots, sozialistak Jaurlaritzatik kanporatu nahiak, elkartzera eramango dituela abertzaleak. Bai zera! Ikusi bestela Iparraldeko egoera. Teorian Abertzaleen Batasuna horretarakoxe zen: minimo batzuk adostu eta abertzale guztiak batera joateko hauteskundeetan.

Baina bai gaur eta hurrengoan ere bai, hortxe ikusten ditugu guztiak bere aldetik bakarka: PNB, Batasuna, EA… Desastre bat. Ezer ez lortzeaz gain, porrotaren argazki bat erakusten da hauteskunde bakoitzean.

Azkenean egia izango da populu bakoitzak, merezi duen gobernua daukala. Eta guri dagokigula aparte baizik bizitzen ez dakiten katu zorritsuena.

Irudia | Zazpi katu | Joseba Barrenetxea (egilearen baimenarekin) | Creative Commons By SA

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.