900 lagun Azpeitiko plaza berduran bazkaltzen…

900 lagun Azpeitiko plaza berduran bazkaltzen –

Guztiz eraberritua ikusten dugun Azpeitiko plaza berduran, jatorduak egitea ohiko bihurtzen ari zaigu. Aipatzekoa delakoan bere historiako egun esanguratsu hau herriko jaien atarian:

1936ko Ekainaren 14a, Igandea, III. Nekazarien egun handia; Urolako trenak bazuen estimurik egun hartan, milaka nekazari eta abertzale bilduko bai ziren herrian. Herriko taberna guztietatik zekarten jan edana plaza berdurara, sekulako jai giroa, lagunarte giroa, 900 lagun bazkaritan. Kafea hartu eta bertsolariak; Txapel, Zepai, Uztapide eta Baserri. Laurak urte hartan Euskal Herriko Bertsolari txapelketako finalean arituak, azken hau gai jartzaile lanetan. Final hartan Txirritak txapela eraman zuen San Sebastian bezperan, Donostiako Victoria Eugenian. Final aurrekoetako bat han bertan, Azpeitiko plaza berduran jokatu zen, 1936an Urteberri egunarekin.

Bazkalondoan zezen plazan jarraitu zuen egun hartako jaiak, herri kirolen jaialdia. Leporaino zezen plaza. Lau aizkolari aurrena, sokatiran herri artekoa hurrena; Azpeitia, Oiartzun eta Hernani elkarren aurka, aurrenengo biak finalean. Jaialdia agurtzeko bertsolariak, plaza berdurako laurak eta Andoaingo Etxeberria, finalista hau ere urte hartako nagusian.

Egun hortarako ere iragarriak zeuden harrijasotzaileak, lasterkariak, irrintzilariak, dantzariak eta hizlariak.

Euskal pizkundearen adierazpen esanguratsu bat Azpeitian egun hartakoa, 1936ko Ekainaren 14a, pizkunde haren azken egunetakoa. Hilabete pasatxora zetorren estatu kolpea, altxamendu militarra, guzti horri amaiera emango ziona, Uztailaren 18an.

Pizkunde hartan euskal nekazariak elkartu eta antolatu ziren, kontsumo kooperatibak sortu, bertsolariak kaleratu eta euskal herriko bertso txapelketak antolatzen hasi. Euskal hezkuntzan lehen hurratsak eman, euskararen egunak antolatu, euskal dantza taldeak osatu, euskalgintzan aurrera egin, langileak antolatu, sindikatuak sortu, eta abar. Lau hamarkadetako frankismoak etengo zuen guztia eta gure herriaren memoriatik zati oso bizi hau ezabatu nahi izan zuen.

Bide bazterrak arakatzeaz gain badugu gure artxibategiak aztertzen lanik, orduko euskal pizkundeari estalkia zehaztasunez altxatzen hasteko. Nor ginen jakinez nor garen hobeki ulertuko baitugu.

900 lagun Azpeitiko plaza berduran bazkaltzen…

900 lagun Azpeitiko plaza berduran bazkaltzen…

7 pentsamendu “900 lagun Azpeitiko plaza berduran bazkaltzen…”-ri buruz

  • Sabin Etxaburu Arrizabalaga 2018-07-15 15:50

    Aizu Aitor: Zer dela eta “plaza berduran” eta geroxeago “zezen plazan”? Ene herrian ere
    badugu “berdura plaza” bat “plaza berdura” batzuetan eta batzuek deitzen diotena. Aupa !

  • Azpeitiyen plaza berdurie, ta plaza torosa, gertukuo dek Xabin.
    Tarteko zeoze; plaza berdurie ta zezen plazie, zuek ere uler dezazuen.
    Lekua dena den berezia da, Urola eta Ibai eder ibaiek bat egiten duten lekua da. Bi ibairen artean banatzen diren hiru lurralderen zubi da Azpeitiko plaza berdura, merkataritzarako gune estrategikoan eraikia dago.

  • Natul-natuala!
    Plaza Baskongadasa, Plaza España, bokata poiloa, pograma fiestena, erresidentzia biejoena, botijo zerbeza…
    Alimo, bide onetik goaz eta!

  • Izenburutik haratago ere bada zerbait… Eduki bat ere badu idatziak, sartzera animatu!

  • Sabin Etxaburu Arrizabalaga 2018-07-19 23:54

    Aitzol, berriro hemen nauzu: Susmoa dut ez didazula piperrik ulertu ez dizudalako arazoa ganoraz agerrarazi. Adierazi nahi nizun “zezen plazan” ondo idatzia dagoen bezala “plaza berduran” gaizki dagoela; “berdura plazan” behar luke “zezen plazan” lez. Ondarrutik nabiltzu. Oraingoan, bai ote?

  • Irudipena daukat, Sabin, zeu zarela batere ulertzen ari ez dena… Ez al duzu ikusten Aitorrek ez duela zurekin eztabaida filologikoan sartu nahi? Plaza horren historia azaltzeko da artikulua, utzi itzazu behingoz pakean berdurak.

  • Hori da Gotzon.
    Gaur modu ikusgarrian eraberritua dago azoka plaza hau, eta bertan salerosketarako leku iraunkor bat ere bada gertuko produktuena, sukalde eta guzti, kontsumo kooperatiba bat dugu. Jatorduak izaten dira baina gehinez 300 bat lagun sartzen dira. Kontatzen dudana gogoan izateko moduko eguna delakoan idazten dut, ez bai dago jasoa herriko efemeridetan eta esanguratsua deritzot, garaiaren adierazgarri. Behar baino gutxiago baldin badakigu 36 ko estatu kolpeaz eta bere ondorioez, are eta gutxiago transmititu zaigu guzti horren aurreko euskal pizkundeaz, itzalean gelditu da.
    Liburu bat gomendatuz agurtu nahiko nuke: Xabier Lasa ren Joxinixio Etxeberria, “Merdillegi”ri buruzkoa. Bete betean heltzen diona euskal pizkundeari.
    Zure hitzak eskertuz,

    Aitor Unanue