8 urte Egunkaria gabe

2003ko otsailaren 21ean Egunero atera zen kalera, eta ez Euskaldunon Egunkaria, 1990etik bezala. Zortzi urte joan dira, epaiketak “absolbitu” egin zituen auzipetuak. Oraindik, baina, auzi ekonomikoa egiteke dago.

2003ko otsailaren 20ko beldur, min, haserre eta ezustekotik, 2010eko apirilaren 11ko absoluziora, urteak, pertsonak, nekeak, torturak, kartzelaldiak… joan dira. Orain, absoluzioaren poztasunaren aparra pixka bat jaitsi zaigunean, zenbait galdera erantzun gabe gelditzen dira.

Zer atera dugu orduko hartatik? Gaur absolbituak diren auzipetuei ez zaie atxiloaldia ezabatuko, betiko torturatuak izango dira, kartzelatik igaro zirenei ez zaie han emandako denbora “itzuliko”; erreparatzen errazena izanagatik ere, kalte ekonomikoa ez zaie itzuliko, ez auzipetuei ez Egunkariaren alde dirua eman zuen beste inori. Eta ez daukagu Euskaldunon Egunkaria kalean. Absoluzioarekin amaitu da Egunkaria auzia, eta garaipentzat hartu beharko da, baina, zer irabazi dugu?

Iñaki Uriak asteburuan Berrian argitaratu duen iritzi artikuluan esan du: “Kalte ordainak eskatzen hasteko ordua da”. Bada garaia euskal herritarrok burua altxa dezagun, eta inoiz ezeren errudun izan ez dena absolbitu deklaratzearekin soilik konforma ez dadin. Badakit ez dela erraza, eta Auzitegi Nazionaletik igaro denak ez duela berriro hara itzuli nahi. Baina AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek, herri akusazio gisa agertu zirenek, edota Guardia Zibilak, edota “atxiloketek frogatu dute Egunkaria ETA zela” esan zuenak, hau da Acebesek, eta beste askok jakin beharko lukete denak ez duela balio.

Gero etorri da Udalbiltza. Atxiloketa, kartzela, epaiketa absoluzioa. Baina kalte ordainik ez. Eta badatoz epaiketa gehiago, Bateragunerena, herriko tabernena, Egunkaria-ren beraren kasu ekonomikoa… Absoluzioarekin ere konformatuko ginateke, baina zuzena litzateke pauso bat gehiago egin ahal izatea aurrera.

Egunero Egunkariaren aldeko manifestazioaren berri ematen

Irudia | Egunero Egunkariaren aldeko manifestazioaren berri ematen | Egunero | LGPL

2 pentsamendu “8 urte Egunkaria gabe”-ri buruz