758

758 –

Estilo ezberdinak daude izenburuak hautatzerako orduan. Batzuei esplizitoak izatea gustatzen zaie, lehen unetik kontuak argi eta garbi esatea; beste batzuei, aldiz, amu iradokitzaileagoak gustatzen zaizkie. Agerikoa da gaurkoa nondik nora dohan.

758
Irudia: GDJ (Pixabay)

Zeren eta zer da 758? Bataila baten fetxa? Goizuetako herritar kopurua? 100.000 biztanleko koronabirusean positibo eman duten herritarrak? Antigua eta Barbudako aurrezenbakia?

Ba ez.

2019ko irailean Endesa konpainiak 176 milioi euroko irabaziak izan zituen. Irail honetan, urtebete beranduago, 1511 milioi euroko irabaziak izan dituzte. Hots, mozkinen %758ko igoera.

Ez dituzte, krisi ekonomiko betean, “galera txiki baina jasangarri” batzuk izan. Liburu denda, taberna, jatetxe, tailer eta fabrika ugari ixten ari diren garaiotan ez dabiltza “beno, gutxienez mantendu egin gara” esaten ari. Etxekaleratzeen sasoi honetan, gizarte zerbitzuak leporaino dauden tenorean, egunkarietan agertu den titularra ez da izan, hasieran nik proposatu dudan gisan, batere iradokitzailea, esaterako “Jose Maria Aznar kanpo aholkulari lanetan ibili den enpresak sorpresa bat du zuretzat”, edo “Martin Villa, Endesako ohorezko presidenteak, oraingoan ez du ´dos a uno` esan, ´hau da hau goleada` baizik”. Keba. Izenburuak ondo igurtzen dizkigu zenbakiak aurpegian: Endesak aurtengo irailean %758ko irabaziak izan ditu.

Mundua hoberako aldatu nahi duenak baditu bi lan eremu handi: konfrontazioa eta eraikuntza.

Konfrontazioa: 90eko hamarkadan pribatizatu ziren sektore publiko eta estrategiko guztiak nazionalizatu behar dira bueltan, eta nazionalizazio hori ahalbidetu dezakeen nazio bakarra Euskal Errepublika da. Etxe horretan bermatuko da nahikoa indar harreman inor neguan berogailua piztu gabe geratu ez dadin. Aurretik zegoen eta pandemiak areagotu duen amorru eta etsipen guztiari erantzun eta kanalizazio bat eman behar dio independentismoak. Gure herriarentzako bizi bizigarri bat nahi dugulako ari gara lanean. Hori da kalean eta instituzioetan borrokatu behar dena.

Eraikuntza: alternatibak gorpuzten jarraitzea. Euskal Herrian baditugu bi esparru honetan, gutxienez: Goiener hegoaldean eta I-Ener iparraldean. Geroz eta bazkide gehiago izan, geroz eta energia gehiago eskuratuko da iturri berriztagarrietatik, eta “jabe” batzuk soldata igo beharrean geroz eta diru gehiago inbertituko da Euskal Herria energetikoki burujabea izan dadin. Etxeko, lantegiko, udaleko… elektrizitate hornidura kooperatiba hauetara pasaz gero pauso bat ematen da norabide horretan.

Energetikoki burujabea den Euskal Herri bat. Puff. Tokitan dago hori gaur-gaurkoz. Baina beno, I-Ener eta Goienerrek hurrengo urtean %758ko igoera bat baldin badute, beharbada ortzimuga hori ez dago hain-hain urrun…

758

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude