7 puntako nortasuna: alde edo kontra

1304184007_espejo-roto-2

Dear A:

Kattalin Minerrek Gaur 8n idatzi artikulu hau zer iruditzen zitzaidan galdetu zenidan atzo. Ni, erantzun gabe, beste bide batetik saiatu nintzen.

*

Elkarrizketan aurrera egin ahala, zabar samar azaldu nizun, nortasun kolektiboaren ardatza eta -ismoen lotura, enpatia moduko batean edo antzekotasunaren ilusioan eta desiran, behintzat, sostengatzen zela orain gutxira arte: zeu bezalakoak, zeure egoeran zeudenak edo egon zitezkeenak, eremu komun orokor bat partekatzen zutenak; antzeko izan nahi, elkarrekin egon nahi, bihar neu banaiz ere ondokoarekiko laguntzeko edo elkarrekintzarako borondate batean (“abertzale izanez gero gaur/ gauden denok anai”,gogoratzen?) azken finean.

Urte batzuetatik hona, hautsi dela anphora, eta familia-subjektu moderno handiek ez gaituztela edo ezin gaituztela ordezkatu esaten da. Gure nortasuna konplexuagoa dela, inor ez dela eroso kategoria handietan eta, bere burua ezaugarritzeko, inor ez da kategoria bakar edo kategoria gutxi batzuetara mugatzen. Inoiz gutxitan ordezkatzen gaitu kolektibo batek, beti dago edo orokortasun lausoegi bat edo ñabardura gehiegizko batzuk. Edo aitzakiaren bat: elkartasunak eskatzen duen ardurarekikoa (adibidez).

Ertz askoren batura gara: ados. Subjektu asko gara aldi berean: ados.

*

Eta nortasun oro da afirmazio ariketa bezainbeste aurkakotasun ariketa. Espainiar izatea, frantses ez izatea baita (goi mailako kirolaria ez bazara behintzat, naziotasun bikoitzarekin). Baina, egun ez ote den gehiegi azpimarratzen diferentzia. Bakarrak garela eta ez inoren antzerakoak: ni ez naiz zu!

*

Dena dela, gauzak ere ez dira erabat horrela.

Marketingak ere izango du zer ikusirik. Sujestio mezu guztiak norberaren ezberdintasuna azpimarratzera bideratzen dira. Zergatik zaren berezia, zergatik zuk bai eta bestek ez eta nola ezberdindu besterengandik: zure estilora janztea; tatuaia bat egitea modan dagoelako, baina besteren ezberdina (nola ez ba!), oporretara denak doazen baina ustez salbaiak izaten jarraitzen duten lekuetara joatea.

*

Minerrek artikuluko pasarte batean dio: Zergatik ez esan ba, norbera nornahi izateaz gain, zernahi izateko gai denik? “Zernahi” horrek ezin ote ditu batu beregan, norekin larrutan egiteko hautuak, gogoak; zer generorekin zer harreman izateko nahiak, gaitasunak; zer generoren parte izan, edo bat berarena ere ez izatea; sistemari hortzak erakutsi, edo hortzetan eman; nolako emakume (edo gizon, edo ez-gizon, edo gizonberri edo anti-gizon) izateko aukera, gogoa… Estankoa ez den izaera bat, uneoroko eraldaketa ahalbidetzen duena.”

*

Deplau gogoratu nintzen Amador Fernandez Savaterrek politikaz dioenarekin:“La política consiste en la práctica de hacernos cargo en común de los asuntos comunes.”

*

Diferentziaren diskurtsoak, nortasunen atomizazioak eta aldagarritasun/malguntasunak, ezinbestean, komunean ditugun arazo komunei aurre egiteko praktikak aberastu bezala ez ote dituzten zailtzen, galdetu nahi nizun. Gero eta talde txiki eta diferenteagoetan ordezkatzen bagara gure espazio komunak ez ote diren anizten eta zailtzen, biderkatzen eta zatikatzen, biak aldi berean.

*

Sociofobiaz hitz egiten amaituko dugu azkenean. Renduelesek, egileak, esan berri du“Queremos ser individuos libres sin ataduras pero que todos los demás formen una comunidad cálida que nos apoye si tenemos problemas.”

(Sarrera hau nire blogean)

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria