Sahararekiko elkartasuna: beharrezko hausnarketa

sahara-joseba1

Mendebaldeko Saharari buruz idaztea ez da ezer berria. Inolaz ere. Guztiok ezagutzen dugu, neurri batean, Marokoko erregimenak mantendutako okupazio egoera.

Testuinguru honetan, ez dira berriak ere Gdeim Izik-eko kanpamenduaren aurkako erasoak eragindako istiluetan parte hartu omen zuten sahararrei ezarritako zigor izugarriak. Agerian uzten dute, beste behin ere, alauitar erregimenaren benetako aurpegia. Bere benetako izaerarena, odolarena, usurpazioarena, torturarena.

Gdeim Izik, Saharako herriari egindako iseka historikoaren aurrean emandako herritar erantzuna izan zen. Izan ere, NBEk berak aitortutako autodeterminazio eskubidea ez da inoiz heltzen herri honentzat, Marokoko erregimenaren joko zikina eta nazioarteko permisibitatea direla medio. 1991an adostutako su-etenaren ostean altxamendu batzuk gauzatu badira ere (1999, 2005ko intifadak…),

Gdeim Izik protesta adierazpen handiena izan zen, amorru eta duintasunaren adierazpena hain zuzen ere. 2010ko urriaren 10ean El Aaiún-etik gertu eraikitzen hasi zen kanpamendu horretan 20.000 saharar baino gehiago bildu ziren. Modu horretan, herri bezala ukatzen dituen okupazioa errefusatzen zuten, Sahara demografikoki kolonizatzera joandako kolono marokoarren aurrean 2. mailako biztanleak izatera kondenatzen dituen okupazioa.

Kanpamendu hori mugarri bat suposatu zuen okupazioaren aurkako erresistentzian. Hori islatzeko badaude bi baieztapen oso esanguratsuak. Alde batetik, han bertan parte hartu zuten askorena, Gdeim Iziken askatasuna arnasten zela esaten zutenean, El Aaiún-ek eta beste hiri okupatuek suposatzen duten Estatu polizialarekin alderatuz. Bigarren baieztapena Noam Chomskyrena, Gdeim Izik “Udaberri arabiar” deritzonaren lehenengo adierazpena zela esanda, nahiz eta protesta hau okupazio marokoarra babesten duten talde mediatikoek desitxuratzen eta isilarazten saiatu.

2012ko azaroaren 8an Marokoko indar errepresoreek eraso zuten kanpamendua (erasoa interneteko bideo batzuetan ikus daiteke). Oldar horren ondorioz saharar batzuk eta indar errepresiboen kide batzuk hilik izan ziren. Ondorengo etxe-sartzeak eta atxiloketak aste batzuetan zehar luzatu ziren, non ehunka lagun atxilotuak izan ziren, horietako asko torturatuak ere. Bilatzen ari ziren saharar batzuek ezkutatzea edo kanpora ihes egitea lortu zuten, baina beste asko kartzelaratuak izan ziren. Horietako 28 lagun epaituak izan ziren otsailaren hasieran, Rabatetik gertu dagoen Salé kartzelan bi urte baino gehiago giltzaperatuak igaro ostean, El Aaiún-etik 1.100 km-tara eta oso egoera gogorrean. Otsailaren 16an epaiaren erabakia ezagutzera eman zen: 9 preso biziarteko zigorrera kondenatuak, 4 preso 30 urtetara, 7 preso 25 urtetara, beste 3 20 urtetara eta gainontzeko 2ak espetxean igarotako denboragatik konputagarria den zigorrera.

sahara-joseba2Zigor zorrotz hauek erregimen alauitarraren izaera baino ez dute islatzen, baina, hau ezagututa ere, benetan amorragarriak dira. Baina amorru bera pizten dute Marokoko erregimenaren Estatu laguntzaileek, Sahararen okupazioa eta monarkia alauiar ustela bizirauteko ezinbesteko parte-hartzaileak. Hitzarmen komertzialak (haietako asko Saharako baliabideen lapurretan oinarrituta, arrantza edo fosfatoak kasu) eta armen salmentak (beren lege propioak hausten gobernu espainiar ezberdinek gauzatutakoak) zama handiegia dira giza eskubideen eta herrien eskubideen aurrean. Demokrazia eta legeen defendatzailetzat bere burua hartzen dutenak, EEBBak, Europar Batasuna eta erantzule zuzenenak, Estatu espainiarra eta frantsesa, borreroaren benetako sostengua dira. Manera oneko “demokrata” hauen itzulipurdiak agerian uzteko 1976an Tinduff-en Felipe González-ek esandakoak (interneten topatzeko oso errazak) eta gobernu espainiarren jarrera alderatzea besterik ez da egin behar.

Egin beharreko galdera honako hau da: “Honen guztiaren aurrean, zer? Zer da guk egin dezakeguna?”. Sahararekiko elkartasuna oso sustraituta dago herri askotan, Euskal Herrian ere. Hamarkadetan zehar elkartasun ekimen ezberdinak garatu dira. Umeak jaso, materialak eta elikagaiak bidali errefuxiatu kanpamenduetara, karabanak antolatu (dela egun batzuk EHtik Tinduf-era atera zena kasu) … Ekimen hauek elkartasunetik eta borondate onez egindakoak direla argi dago, baina hausnarketa batera heldu behar izango genuke, beste egoera eta herri batzuetara ere estrapolatu ahal dena. Saharako herriaren zapalketak erantzuleak ditu, eta herri sahararrarekin elkarkidea izateak erantzule hauek salatzea eskatzen du lehenik eta behin.

Sahararrek jan behar dute, jantzi behar dute, biziraun behar dute basamortuaren erdian, lur emankorrez eta beren baliabideez gabetua. Egia da. Baina bakarrik behar horietan arreta jartzeak hilzoria baino ez du luzatzen. Izan ere, paradoxa bat da pasa den urtean El Aaiún-en egondako brigadistoi lagun sahararrek kontatzen zigutena, kanpamenduetan jasotako ontziratutako arraina kasu batzuetan Saharako itsasaldetik aterakoa zela, marokoar eta espainiar estatuen arteko akordioen bidez egindako arrantzan, hain zuzen ere.

Hori bai, eskrupulurik gabeko enpresa eta elite politikoak tartean aberasten. Produktuak eta materialak bidaltzea pertsona askoren kontzientzia lasaitzeko lagungarria izan daiteke, baina ez du inolaz ere egoera aldatzen. Ez da kasuala sistemak berak halako ekimen batzuk sustatzea eta finantzatzea, hango eta hemengo herrien zapalketaren benetako erantzulea, sistema kapitalista eta bere egiturak, zalantzan jartzen duen edozein ekimen internazionalista isilarazten duen bitartean. Guztiz bidegabekoa den sistema batean elkartasuna era erosoan gara daitekeenean galdetu behar dugu gure buruari ea zertarako balio duen. Zeren eta hori izan ohi da tolerantziaren muga. Adierazpen, elkartze, ekintza askatasuna onartzen dira ondoriorik ez duten bitartean. Momentu horretan demokraziaren eta tolerantziaren diskurtsoa bukatzen da. Adibide historikoak anitzak dira, Europako “demokrazia zaharretan” ere.

Planteamendu “maximalista” eta “errealitatetik urrun” hauen aurrean baten batek erantzungo luke hobe dela zerbait egitea ezer ez egitea baino. Hala ere kontraesan oso nabarmena da herri sahararra babesten saiatzea eta aldi berean egoera zehatz batzuk normaltasun osoz onartzea. Haien artean honako hauek aipa daitezke: Marokoko Estatuarekin harreman komertzialak izatea, produktu marokoarrak Euskal Herrian salduak eta kontsumituak izatea (horietako batzuk Saharatik lapurtuak, nahiz eta datu hau ezkutatzeko beste lekuetan ontziratua eta etiketatua izatea) edota euskaldun askoren helmuga turistikoa Maroko izatea ere. Marokoko erregimenaren eta Saharako okupazioa ahalbidetzen duten hemengo instituzio, enpresa eta entitateen aurkako benetako presioa egin gabe ez dugu ezer aurreratuko. Salaketa aktiboaren jarrera bat izan gabe, urte asko igaro dezakegu politikoki zuzena, finantzatua eta arriskurik gabeko elkartasuna egiten saiatzen, baina herri sahararrak biziarteko zigorrera kondenatua jarraituko du.

Iñaki Etaio, Askapenako militantea

(Argazkiak Joseba Barrenetxea Altuna)

3 pentsamendu “Sahararekiko elkartasuna: beharrezko hausnarketa”-ri buruz

  • Ainhoaletamendia 2013-03-08 12:52

    Kaixo Iñaki.
    Orokorrean nahikoa ados nago esan dituzunokin.
    Zalantza bat sortzen zait ordea. Espainia eta Frantziak gure herria okupatzen jarraitzen dutelarik nola ikusten dituzu honakoak?
    * Euskal Herrian produktu español eta frantsesak kontsumitzea
    * Euskaldun askoren (Marokora doazenak baino askoz gehiagoren) helburu turistikoa herri hauek izatea
    * Euskal alderdiek Espainia zein Frantziako erakundeetan parte hartzea normaltasun osoz.