Wert, ez ikutu DBH!

dbhPSOE-PP koalizioak eman zion hasera euskarazko inmersio ereduaren urtze-arintze-ahultze prozesuari, hainbat politikari abertzaleri hain moderno eta “kosmopolitta” iruditu zaion eredu hiru eleduna ezarriz, zeinari esker, gure seme-alabek españolez ikasiko duten behar bezala ikastetxeetan, Cervantesen eta Deiaren eta Gararen hizkuntza desagertzeko zorian baitzen euskararen “inposaketaren” gizartean (ikus P. López: “el euskera en libertad”).

Baina koalizioaren aginte-aroa agortuta, eta abertzaleen ekimenaren beldur (?!), gauzak ondo lotuta utzi nahi izan ditu Españistan osoan agintzen duen PPk. Bai ikasgaien edukiei, bai hizkuntzen kudeaketari dagokionez ere.
PSOE-PP koalizioaren agintaldiak azken bultzada eman dio, audientzia guztietatik libra dadin, EAJren eskutik ere gainbehera zetorren ETB euskaldunari, espainierazko saio absurduak eta parte hartze “naturalak” areagotuz eta batez ere, programazioaren kalitateari ia azkena emanez.
Gure etxean ere, ez zegoen haurrak ETB euskaldunari so jartzerik. Gurasook ekin eta ekin arren, eta gure txikiek guri gustua eman nahi ziguten arren, ezin zioten eutsi. Espainierazko hiruzpalau katetan, ordu oro zeukaten eurei berariaz zuzendutako saio festa, eta hasieran gurasook telebista aurretik kendu orduko, baina gerora, gu aurrean egonik ere, izkin egiten zioten ETBri, saio gustagarriagoen bila.

Agintaldi berriarekin batera, saio berri bat edo beste eta berrikuntzak agertzen hasi dira ETB euskaldunean, apurka-apurka. Onerako, dirudienez.
Horietako bat DBH saioa izan da. Aspaldiko partez, hortxe egoten gara laurok, euskarazko katearekin gozatzen eta barre egiten; gustura kguenrrusia! Eta bidenabar, DBHren zain gaudela, Mihiluze ikusten dugu gustura, baita haurrek ere, eta pixkanaka, pixkanaka, etxean sartzen diren uhinak ez dira guztiak espainieraz, euskarazkoak ere sartzen dira tarteka, eta gero eta gehiago izango ote diren esperantza ere piztu zaigu… abertzaleak baitaude berriro ere agintean!!!
Eta abertzaleak euskaltzaleak izan ohi dira, ezta? Bai ezta?…
Tira, tira, ez nadin nahastu. Harira.
Bada, ez dezala Wert minixtro zurbilak DBH saioa ukitu, sikiera, hori ere izorratzea besterik ez zaigu falta eta.

wert

23 pentsamendu “Wert, ez ikutu DBH!”-ri buruz

  • Kauen laospera! 2013-01-23 12:16

    Aldaketatxoen artean, inportantea iruditzen zait Klaudio Landa eta Gorka Otxoa, adibidez, behar dugun hizkuntzan entzutea, ETB-1en. Zain gaude, ea albistegietan ere garai hobeak datozen, eta, esaterako Asier Odriozola bere ingurune naturalean ikusterik dugu, euskaraz.

    http://paperekoa.berria.info/agenda/2013-01-22/030/002/igandeetan_14_minutu_euskarazko_albistegiak_eta_65_gaztelaniazkoak.htm

  • Gonzalo Etxague

    EAJkoak abertzaleak eta euskaltzaleak? Batzuk bai eta beste batzuk ez. Jeltzale abertzale eta euskaltzaleek txeke zuria eman ohi dutenez, “Alderdiak” jeltzale ez-abertzale eta ez-euskaltzaleei ematen die bazka. EAJk aurrerago joan nahi ez duelako eta Wertek atzera joan nahi duelako, biak daude leku berean: euskara ez omen da inposatu behar eta gurasoek hizkuntza aukeratzeko eskubidea omen dute. Baina EAJk ez du inor engainatu, hauteskunde-programa bete baino ez.

    Halere, Itzain, DBH saioa ez gobernu berriaren meritua.

    Eta bitxikeria: ZUZEUn elkarrekin ikusita, ez al zaizue iruditzen Pablo Iglesias kazetaria eta Xabi San sebastian aktorea (matematika irakaslea) pertsona berbera dela?

    • Ikusteko dago gobernu berriak zer egingo duen ETB euskaldunarekin. Orain arte bezala ETB erdaldunaren ahizpa ttikiarenak egiten utzi, edo duintasunez jokatu. Adi egongo gara.

      • Gonzalo Etxague

        Ikusteko dago, bai. Baina zergatik pentsatzen duzu Urkulluren gobernuak ez duela EAJko aurreko gobernuek bezala jokatuko? ETB1 alaba txikia (edo alaba-ordea, Errauskine) izan da beti.

  • Peru Dulantz 2013-01-23 13:40

    Haurrek telebista eukaraz ikus dezaten, helduok ere ikusi behar dugu. Bada beste neurri bat gurean sekulako arrakasta izan zuena: gure etxean haurrentzako erdarazko kate guztiak ezabatu egin nituen TDT aukeratik (oso erraz egiten da), eta neskatoak erraz onartu zuen “gure antenak ezin ditu Clan, Disney Channel, Boing… hartu” azalpena. Horrela, mila aldiz errepikatutako ETB3ko programak ikusten zituen, edo telebisa utzi eta bestelako entretenimenuak bilatu behar. Orain 9 urte ditu, eta gaztelania ere ikasi behar zuela konturatuta, berriro ezarri dizkiogu kate horiek, baina ohituraren poderioz, askotan euskarazkoak aukeratzen ditu.

    • Haurrek telebista eukaraz ikus dezaten, helduok ere ikusi behar dugu. Hala da. Eta euskaraz hitz egin dezaten, geuk hitz egin eta abar, eta abar. Gurean helduok telebista gutxitxo ikusten dugu, lanak eta betebeharrak tarteko, haurrek gehiago ikusten dute, eta 8 eta 10 urtekoak izanik, aspaldi egin zigun ospa zer ikusi behar duten eta zer ez erabakitzeko ahalmenak, ez bada inposaketa gordinaren bitartez, eta hori ez dugu egin nahi, besteak beste gure kontra itzul daitekeelako. Bestalde, eskura daukagun euskal kate bakarra ETB-1 da. Ez ETB-3, ez Hamaika telebista… Euskadi irratia ere, oso gaizki sintonizatzen da gurean, Gipuzkoa eta Araba oso kilometro gutxitara dauzkagun arren.
      Bestela balitz ere, euskarazko eskaintza duin askirik ez dago egun, eta haurrek ihes egiten diete euskarazko kateei, asper-asper eginda.
      Gure haurrek, eta guk geuk, euskarzko eskaintza duina eta anitza izateko eskubidea dugula uste dut. Areago, uste dut beste kateak ezkutatzea eta saio berberak behin eta beste behin ikusaraztea ez dela euskara erakargarri egiteko modurik eraginkorrena, baina tira. Nork bere etxean…

      • Peru Dulantz 2013-01-23 15:25

        Ez nago guztiz ados, Itzain. Euskaraz badago zer ikusi. Guk orain euskaraz erdaraz beste ikusten dugu, nahiz eta erdaraz eskaintza askoz zabalago izan, et inork behartu gabe. Norberaren joerak ere eragina du egiten den aukeran, eta hoi hautu konszientea ere bada, eta haurrak ba, hori, zer ikusi, hura ikasi.

        • Euskaraz badago zer ikusi… gutxitxo aukeran, eta kalitatez ere juxtu, sarritan. ETB1eko programazioa ez da erakargarria, salbuespenak salbu, eta inguruan dauzkagu erdarazko kate espezializatuak, kaka emanagatik ere, haurrentzat berariaz prestatutako kaka ematen dutenak, adibidez.
          Gurean telebistako hutsunea euskarazko musikarekin eta irakurgaiekin betetzen ahalegintzen gara, baina gure haurrak ez dira Orionen bizi, Altsasun baizik, eta beste haur batzuekin harreman ohikoa (eta ezinbestekoa) daukate, eta haur horiek, ia-ia guztiek erdarara jotzen dute, erdarazko produktuak kontsumitzen dituzte nagusiki, eta badakizu, haur hauek… zer ikusi, hura ikasi, gurasoon joerak joera.
          Gero, inposizioaz luzatzen dituzun galderei buruz, ez naiz espezialista baina banan banan erantzuten saiatuko naiz.
          Hirupalau urteko umeak telebistan zer ikusi behar duen geuk erabakitzea inposizioa da? Bai. Guraso zentzudunek egin beharrekoa.
          Umea hazi eta teleagintea eskuan hartu ahala amarru txiki baten bidez gurasoek gustuko ez dituzten kateak ezabatza, inposizioa da?
          Bai. Asmorik onenarekin eta irizpiderik egokienarekin eginda ere, oso iraupen mugatukoa eta sarri bilatu nahi dugunaren aurkako emaitzak dakartzana. Eta gurea bezalako herri erdaldunduetan, alfer-alferrikoa.
          Ez al da inposizioa telebista kateen % 99 erdaraz izatea eta Tele 5 bezalako zaborra irentsi behar izatea? Bai. Erabatekoa gainera.

          • Peru Dulantz 2013-01-23 16:11

            Ni ere Arabako herri oso erdaldun batean bizi naiz, eta esandako erabakiak eta moduak aplikatu ditugu, oso emaitza onekin. Gure alaba euskaldun peto-petoa da. Berarekin elkartzen diren ume guztiek badakite berarekin euskaraz egin behar dela beti, eta hala egiten diote. Hala ere, guztiz integratuta dago, eta ez du inolako arazorik izan. Batzuetan errazegi ematen dugu amore “inguruko gehienek” egiten dutenaren aurrean, eta geuk eragile izateari uko egiten diogu. Orain, eskolan ohartarazita, alabak erdara ikasteko garaia baduela pentsatu dugu, eta horregatik geuk ere bultzatzen dugu erdarara, baina haren lehenengo hizkuntza euskara dela ondo ziurtatu ondoren. Kontrako eragina? Ez zaigu behin ere gertatu, egia esan… Alferrikakoa? Iraupen laburrekoa? Ez gure kasuan behintzat. Eta gu ere ez gara Orionekoak, herrian guztiz integratutako familia euskalduna baizik.

      • Peru Dulantz 2013-01-23 15:31

        Inpoaketari buruz ere badago zer esan… Hirupalau urteko umeak telebistan zer ikusi behar duen geuk erabakitzea inposizioa da? Umea hazi eta teleagintea eskuan hartu ahala amarru txiki baten bidez gurasoek gustuko ez dituzten kateak ezabatza, inposizioa da? Ez al da inposizioa telebista kateen % 99 erdaraz izatea eta Tele 5 bezalako zaborra irentsi behar izatea?

    • Barrukotasunetan hasita, aitortu beharko dut ez dugula amore eman, baina gure seme-alabek gurekin eta euren artean beti euskaraz aritzen badira ere, euren lagun gehienekin erdaraz aritzen direla, nagusiki alaba, eta ia beti semea. Izan ere, euskaldun elebakar bidali genituen biak ala biak ikastolara, baina lehen ikasturtea amaituta, erdaraz euskaraz bezain ongi egiten zuten, biek ala biek.
      Gutxi iraun zigun guri elebakartasunaren ilusioak. Ikasturte bat ere ez.
      Laupabist urtetan, fenomeno aritzen ziren espainieraz, euren Altsasuko osaba bat edo besteren deskantsurako…
      Eta lanak dauzkagu, euskaraz erdaraz besteko maila izan dezaten, txikienarekin batez ere, Altsasuko ahaideak erdaldunak direlako gehien-gehienak, Altsasun programatzen den zinea, haurrei zuzendutakoa ere, ia guztia erdaraz delako, Altsasuko kaleetan euskara entzutea salbuespena delako, Liburutegiko euskarazko eskaintza oso urria eta sakabanatua delako… Zin dagizut, Peru, ez diogu “eragile” izateari utzi, baina kalitatezko telebista batek edo batzuek, kultur eta aisialdi programazio zainduago (hizkuntz aldetik) batek, eta herriko “euskaltzale” askoren jarrera koherenteago batek, asko lagunduko liguke.

      • Peru Dulantz 2013-01-23 17:11

        Guztiz ados, noski. Eskaintza hobea balego, hobe! Guk lortu dugu. Herri erdaldun batean alaba euskalduna (izatez eta ekintzez) izan dugu. Miraria? Ez ba! Erabaki konsziente askoren emaitza, eta hor sartzen da umea txikia zenetik euskarazko ikusentzunezkoak baino ez eskaintzea. Murgiltze linguistikoa eskatzen ari gara eta gero ez gara hori bera geure etxean egiteko gauza.

        • Jamaika ikusteko jaioak gara!

          • Peru Dulantz 2013-01-24 10:18

            Hain harrigarria iruditzen zaizu? Benetan esaten dizut ez dela bat ere zaila, ez dugula beste munduko ezer egin, etxeko bizitzan hizkuntza-irizpide batzuk aplikatu baino ez, eta emaitza haur euskalduna izan da, euskaraz bizi dena, eta, aukera duenean, euskarazko produktuak nahiago dituena.

  • Kauen laospera! 2013-01-24 08:40

    Atzo galdetu nion 14 urteko alabari, ea Ikastolako lagunen artean DBHk arrakastarik duen edo. Berak eta beste batek ikusten omen dute bakarrik –gustura ikusi ere–; gainerakoek “Busco a mi madre…” edo holako izen xelebrea duen beste telesail bati kateatuta daude ordu horretan. Eta ez diote muzin egiten DBHri txarra delako edo gustokoa ez dutelako. Arazoa da ez zaiela bururatu ere egiten telebista euskaraz ikusterik. Eta beldur naiz gauza bera gertatzen zaiela liburuekin ere.

    Denbora asko galdu dugu. Ohitura batzuk finkatu dira. Lan pedagogiko eta marketin egokia landu beharra dago. Ez da nahikoa produktu txukunak eta erakargarriak eskaintzea. Horiek saltzen asmatu behar da.
    (Gasteiztik)

    • Peru Dulantz 2013-01-24 10:13

      Hala da. Arazoa, eskaintza falta baino, ohitura faltarena da. Alabaren laguntxoak etxera etorri eta harritu egiten dira Doraemon, Shin Chan eta enparauak euskaraz ere badirela konturatzean, eta lasai asko esaten dizute: “nik etxean ikusten dut, baina erdaraz”. Eta guaso euskadun eta “ustez” euskaltzaleak dituzten umeez ari naiz… Berriz diot, seme-alaba txikiak badituzu eta euskaldunak izatea nahi baduzu etxean zeure murgiltze linguistikoa sortu behar duzu, eta lehenengo urratsa, guztiz eraginkorra, TDT erabiliz haurrentzako erdarazko telebista kateak ezabatzea da. Guri primeran joan zaigu.

      • Peru Dulantz 2013-01-24 10:19

        Eta gainera, aitortu behar da marrazki bizidun horien bikoiketa askoz hobea dela euskaraz gaztelaniaz baino…

    • Hortxe dago gakoa. Eskaintza ona eta zabala behar dugu, eta ezinbestekoa da hedapen lana egitea. ETB1 bazterrean utzi zuen EAJ-k eta azkena ematen ahalegindu da PSE. Ez dago telebistarik %2ko share batekin bizi daitekeenik luzaro. Errotiko aldaketak premiazkoak dira.

      • Peru Dulantz 2013-01-24 11:10

        Gero hor dago, baita era, “ez dakit zenbat hizkuntza batera” ikasteko moda hori. “Biak batera ikasten ari da eta oso pozik nago” erantzun zidan ama euskaldun batek nire kezka bati erantzutean, orain dela zenbait urte, eta orain, noski, kezkatu eta lotsatu egiten da seme hori euskaraz hitz egiteko gauza ez delako….

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude