600 Mediku (Edo, Aspalditik Ez Dut Kafea Hormarekin Hartzen)

Aspalditik ez dut kafea hormarekin hartzen. Eta ez bakarrik, euskaraz eskatuz gero, zehaztu behar izaten dudalako kafea izotzarekin edo jelarekin nahi dudala; ez, aspalditik ez dut kafea hormarekin hartzen Iruñeko zerbitzari guziak gaiztoak direlako eta beti jokaldi maltzur berbera egiten didatelako: horma puskak, normala den bezala, kristalezko edalontzi handi batean ateratzen dizkidate, baina, ondoan, kikara ttiki-ttiki batean zerbitzatzen didate kafea; horrela, gehienetan kafe hutsa edan behar izaten dut, kikara ñimiño horretan ez baitzait horma puska bakar bat ere kabitzen.

600 Mediku (Edo, Aspalditik Ez Dut Kafea Hormarekin Hartzen)Aspalditik ez dut kafea hormarekin hartzen. Eta ez bakarrik, euskaraz eskatuz gero, beldur izaten naizelako ez ote dioten pareta puska bat botako kafeari; ez, aspalditik ez dut kafea hormarekin hartzen, arestiko txistea hainbat aldiz arrakasta handiz kontatu ondotik, behin, lagun batek erran zidalako, haserre, gaizki ari nintzela, kafea horma duen edalontzi handira bota behar dela, eta ez alderantziz –eta, haserre horren bidez, nire broma serio hartuz, argi utzi zuen zer iritzi zuen nire adimenari buruz–. Trauma handia sorrarazi zidan erreakzio hark, anitzetan hobe izaten baita –edo eramangarriagoa, edo onargarriagoa– zuzenean aurpegira tonto deitzen badizute, tontotzat zaituztela inplizituki erakusten badizute baino. Zailagoa izaten da irain ahoskatu gabeari erantzutea, ozenki erraten denari baino. Tira, harrezkeroztik kafe hutsa edo kafesnea edo cappuccinoa hartzen dut, baina hormarik gabe.

Joan den astean, estatubatuar bati, frantses bati eta aleman bati –txiste anitz horrela hasten badira ere, hau ez da txistea– galdegin zieten nola ikusten zuten Espainiako egoera politikoa. Espainiako kate batean izan zen, eta kazetariak ziren hiru atzerritarrak. Frantziakoak, Le Monde-ko kazetariak, bertzeak bertze zera erran zuen: gauzak ongi ez badoaz ere, Espainian, bederen, ez da eskuin muturreko alderdirik sortu –eskuin muturreko alderdi penagarririk erran zuen, zehazki–, Frantzian ez bezala.

Le Mondeko kazetariak ez zuen gehiago errateko astirik izan, baina harrigarria behar du izan: berrogei urtez diktadura totalitario baten pean bizi izan den herrialde batean, diktadura horren konplize bakar bat ere zigortu ez eta haren sinbolo batzuk oraindik –bertze berrogei urteren buruan– zutik atxikitzen dituen herrialde batean ez da eskuin muturreko alderdi indartsurik. Theodor Adornok –naski Le Mondeko kazetariak irakurri ez baitu haren libururik– erraten zuen gizarte batean kezkagarriagoak direla demokrazian berean, mozorropean edo, txertatzen diren joera autoritarioak, demokrazia hondatu nahi dutela argi eta garbi adierazten duten alderdiak baino. Frantzian ez omen dute jakin horma –autoritarioa– eta kafe –demokratikoa– nahasten; Espainian, ordea, ederki asmatu dute zein zein basotara bota behar den.

Nafarroan badugu eskuin muturreko alderdi penagarria: Derecha navarra y española, bertzenaz Naparra ta Españico escuñe izen artistikopean ere ezaguna: Naparra, aspaldian Jaime Ignacio del Burgok errana baitu Nafarroa Herri Batasunak asmaturiko neologismo itsusia dela; Españico eta escuñe, eñea arrunt espainola delakoan –naski ez baitute Iñigo Aranbarri irakurri–, eta c letra egiazko euskararen –ezen ez batuaren– ikurra delakoan. Baina penagarria izateaz gainera, alderdi horrek ez du ia-ia bertze funtziorik betetzen: gurean ere UPN da kafea eta horma hobekien nahasi dituen alderdia.

Igandean, elkarrizketa egin zioten Yolanda Barcinari, eta, bertze perla batzuen artean, hauxe bota zuen: “Osasun kontseilaria kargura ailegatu zenean, Nafarroan baziren 600 mediku, kontseilariak berak baino gehiago irabazten zutenak; profesional zoragarriak dira, baina normala da, murrizketak direla eta, orain hain kontent ez egotea”. Barcinak esplikatzen ez duena da zergatik kontseilari batek mediku batek baino gehiago kobratu behar duen –zeinek egiten dio ekarpen handiagoa gizarteari? Nork betetzen du funtzio inportanteagoa? Zer ikasi behar da kontseilaria izateko?–.

Kikarako kafea hormaren edalontzira botatzen ederki dakien bezala, Barcinak xarmantki daki bere pozoia non isuri. Paradoxikoa baita sistema publikoaren aitzinean dugun jarrera: demokraziarekin gertatzen den bezala, inor ez dago sistema publikoaren kontra, ezta sistema hori hondatzeko urrats guziak ematen ari direnak ere; baina, aldi berean, inork –tira, kasik inork– ez ditu maite langile publikoak –funtzionarioak, alegia–, ezta sistema publikoan zintzoki sinesten dutenek ere. Izan ere, funtzionarioei –bertzeak bertze, beraz, medikuei– murrizketak egin zaizkien aldi oro, anitz –baita sistema publikoaren aldeko anitz ere– txaloka hasi dira eskuekin, belarriekin eta are ipurdi-mazelekin ere –neronek ere, funtzionarioa bainaiz, berriki gertatu den problema baten kontura, elkartasun guti sumatu dut elkartasun handiagoa espero nuen toki batean–. Ederki bizi ziren, beraz, 600 mediku alfer-handi horiek, normala da orain hain kontent ez egotea –elkarrizketa berean, Barcinak deitoratu zuen difamazioak eta kalumniak hain toki inportantea izatea politikagintzan–.

Literaturzalea naiz –espero dut gaurgero argi gelditu izana–, baina badira sekulan irakurriko ez ditudan liburuak. Erran nahi baita, nahita irakurriko ez ditudanak, onak direla uste izan arren. Philippe Forest-en Tous les enfants sauf un (Haur guziak, bat izan ezik) da leitu gabe geldituko diren horietarik. Foresten liburuaren izenburua Peter Pan nobelako lehen esalditik dago hartua: “Haur guziak, bat izan ezik, handitu egiten dira”. Foresten semea izan (omen) zen handitu ez zen haurra, eta hortik liburua idatzi beharra. Literatura maite dudan aldetik, niretako gogorra da liburu hori irakurtzeko dudan ezintasuna, baina kontent nago halere, sistema publikoko mediku bati esker, eta haren inguruko laguntzaile eta erizainei esker –funtzionario batzuei esker, alegia–, nik ez baitut liburu hori idatzi behar izan. Eta ez dakit zenbat kobratzen duten, baina kontseilariak halako hiru, lau edo bortz kobratuko balute ere, niri guti idurituko litzaidake.

Aspalditik ez dut kafea hormarekin hartzen: hasmentan gustura sartzen da, batez ere krisiaren beroan, baina gero, horma urtu ahala, nazkagarri bihurtzen da, eta, hondarrean, kafea hartzen ari garelakoan, ur zikina bertzerik ez dugu edaten.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.