Hegoaldea iparra galduta

Internetean saltsan, esteka batetik bestera, Lurralde Elkargoari emaniko ezetz borobil horri buruzko han eta hemengo iritziak jaso nahirik, asperdurak txoko txikienak arakatzera ere eraman nauela aitortu behar dut (nire bizitza sozialari buruz pentsatzen hasi beharko naizela ere planteatu beharko nuke).

Eta batean eta bestean, Euskal Herriaren hegoalde honetan izandako oihartzun zinez txikiak harritu nau. Badirudi inori ez zaiola axola Iparraldea desagertzea. Izan ere, ez ditzagun gure buruak engaina: Lurralde Elkargoaren ondorioz etor zitezkeen euskararen ofizialtasuna edo Hegoaldearekiko harreman estutzea orain ez badira lortzen, ez dira lortuko. Azken trena da hau, galdu ezinezkoa. Eta tresna horiek gabe, Frantziako zentralizazio gero eta areagoak pozoinduta, Ipar Euskal Herria galtzeko zorian egon liteke. Egongo da, seguru.

“Badirudi inori ez zaiola axola Iparraldea desagertzea”

Eta hara. Interneteko ozeano honetan euskaldunok ez gara deus, baina muduko ur guztiaren aldean tanta bat ere ikaragarri da. Eta batera eta bestera, Hegoaldekoon axolagabekeriaz nardaturik… horra zerbait interesgarria! Aberriberri blogean norbaitek utzitako iruzkina:

– noizko honi buruzko iruzkinen bat? Eta, ondoan esteka hau.

Pozez beterik! Abertzaletzat definitu arren euskara ohiko ez dutenenen artean halako iruzkina aurkitzeak sekulako zirrara eragin dit, zer esango dizuet ba…

Baina, esaten den bezala, ez da komeni behar baino lehen poztea. Eta arrazoi. Saguko gurpila apur bat jiratzean:

– Ikusten da zuek ezker iraultzaileko akolitoak estatuen injustizia erabiltzen duzuela zuen euskal mozorrokeria apaintzeko. Frantsesek espainiarrek bezalaxe nahiko lukete euskal abertzale den gauza oro ETArekin harremanetan egotea. Hori injustizia da. Baina injustizia ere da Permachek eta Ugarteburuk dententzioaz egiten duten gogorkeriaren justifikazio ustela. ETA ez da haurtxoei erregaliak ekartzen dizkion erakunde bat, heriotza han hemendik zabaldu duena baizik. Eta hori ez ametitzea ETAren gogorkeria estaltzea da, estatuen injustiziaren aitzakiaz.

Euskaldunok arazo larria dugu, batetik batzuek gure herria deusestu nahi dutelako gogorkeria dutela aitzaki eta bestetik besteek gogorkeria justifikatu nahi dutelako deusestapen hori dela merio. Ez batzuk ez besteak. Horren aukera egin dute euskaldunok azken hauteskundeetan. Hori da Euskadi eta benetako askatasuna lotzeko dagoen modu bakarra gaur egun, krimenik gabeko abertzaletasun askatasun eta demokraziazalea, nahiz eta batzuk estatuarekin lotu eta besteak ETArekin.

Zentzugabekeria bat bestearen gainean. Badirudi Valls ministroa bera ari dela hizketan. ETA ez dagoen lekuan sartzea, behar ez diren kontuak nahastea, tristea da; are tristeagoa euskal abertzaletzat definitzen direnen artean halako iritziak arruntak izatea. Aurreko iruzkinlaria “ezker iraultzaileko”tzat definitu (berak jakingo du zergatik: Berriako artikulu bat eskaintzeagatik? euskaraz jarduteagatik?) eta berria bera iruzkindu ordez iruzkinlariari sekulakoak eta bi esaten, ETAren kontuei buruz behin ta berriz.

Vallsen erreakzioek bere suminean ere grazia egin zidatela ezin uka. Lurralde Elkargoaren aldarrikapena ETArekin lotzearen absurdu handiegia da. Iparraldearen eskari baino ETAren eskari dela esan nahi du? Nola lotu daitezke ETA eta UMP, abertzale, zentristen, gizarte eragileen… eta PSren beraren hautetsien aldarrikapena? PS eta ETA zaku berean sartzen ditu? Bai Valls bai Aberriberriko iruzkingile hau bide horretatik doazela dirudi, ura eta olioa nahasten, ura eta olioa nahastu nahian…

Ez al zaigu Iparraldea axola? Ez al zaie Iparraldea axola? Beti abertzaletasunaren baitako bi arima horien arteko borroka etengabean xahutu behar al ditugu gure indar guztiak, Euskal Herria Frantziaren eta Espainiaren baitan urtu arte? Eurek jakingo dute. Baina geuk ere bai. Euskal Herrian sinisten dugunok ezin gara gure alderdien borroka eta txorakerien mende egon,Euskal Herriaren galtzeko zain. Ni ez behintzat.

 

 

 

4 pentsamendu “Hegoaldea iparra galduta”-ri buruz

  • Txantxangorria 2012-10-30 17:50

    Ba sentitzen dut baina ni iruzkin horrekin ados nago. Eragin dituen biktima zuzenez gain, ETAk Iparraldean eta Nafarroan egin duen “ekarpen” politikoa sekulakoa izan da.

    Hegoaldeak iparra galduta? nik esango nuke EAE alde batetik, Nafarroa bestetik, eta Iparraldea auskalo non baina ziur urruti. Sin más.

    Errealitate hori aitortu eta ezagutu ezean, alferrikakoa da “independentzia” eta Euskal Herria elkargo autonomiko bat bezala aldarrikatzea. Alferrikakoa EAEko aurrei Nafarroa eta Iparraldeak Euskal Herria ere osatzen dutela.

    Alferrikakoa helburua bera lortzeko.

  • Txantxangorri. Baina zer zerikusi dute etak eragindako biktimek Iparraldeko hautetsi guztiek (UMP eta PSkoak barne) egindako eskariarekin??? Ez al duzu irakurri artikulua???
    Benetan, jendea itsutzen denean…

  • ETA hil egin du beraz “gaizkile”, “gaizkile” dira.
    Gauzak ez dira hain errazak, baina beno jo dezagun bortitzkeria beti txarra dela, krisi honekin muntatuko dana (herriak muntatuko duna) ez zilegitzat emango degu bortitzkeria erabiltzen badute, ez? Berdin du beraien familiaz gosez hiltzeak, pentsio gabe gelditzea, mediku gabe….

    Badirudi estatuak izatea bortitzkeri guztiak zilegitzat hartzen direla.

    Zeren ETAk ez da inoiz zilegia izan bortitzkeria erabili dulako baina Espainiak bai Euskadiri egin dizkionekin ? Eta atzera egin dezakegu mendeak eta beti berdin izan da, Nafarroa konkistatu zutenetik gure herria zapaldu eta gure herritarrak hil dituzte, baina nolatan defendatuko zian inoiz…

    Bortizkerikin tratatu herri bat eta herria horrela erantzungo du, eta gauz lazgarri asko gertatuko dira bitartean, baina errua ez da herriarena bakarrik izango.

    Hori sinestaraz nahi gaiztuzte (bortitzkeriarekin ezin dala inoiz erantzun)txikitatik baina ez da egia. ETAk gauz lazgarri asko egin ditu egin behar ez zituenak baina Euskadik Espainiak eta Frantziak duten boterea izango balu, Nazioen arteko gudataz hitzegiten egongo ginateke Euskal Herria eta kultura babesteko, eta ziur naiz hori horrela balitz(botere berdinketa hori), Euskal Herritar gehienk guda horren alde egongo liratekela.

    Bortitzkeria gaizki dago estatua ez garen bitartean orduan ez? Eta ahalmen hori ez deguz eta ezta ere estatua, Frantzia eta Espainiari ezin zaie ezer egin beraiek egiten dutela egiten dutena. Ez?

    15M koek ETA dira, jendea protesta egiteagatik kartzelaratzen dituzte (hemen beti egin duten bezala) ezer egin gabe. Herriak bortitzkerikin erantzuten badu dena ez zilegitzat joko degu ez?

    Estatuak ez du inolako aitzakirik behar, eta behar badu asmatzen du.
    Dena zilegi noski.

  • Eta “aberriberri” horretatik zer espero du, ba, jendeak? PNVkoa ez den oro “ezker abertzaleko akolito nazkagarri etsai”tzat hartzen dute eta. Zein hizkuntza erabiltzen duten ikusi besterik ez dago independentzia, gure hizkuntza edo Euskal Herria (bere osotasunean) zenbat axola zaien ikusteko. Eta azken kritika honek berdin balio du Gararentzat ere. Norbaitek “ezker abertzalearen akolito” deitu behar badit ere.