500 urte, unibertsitatea eta Amaiurko zain urratuak

500 urte, unibertsitatea eta Amaiurko zain urratuak –

Xuti Gazte! mugimenduak eta Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunek aldarrikapen egunak dituzte (eta biba zuek!). Agintari frantsesek, izan ere, zirrikitu batzuk utzi dituzte orain arte lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan ere, euskaraz ikasi ahal izan dadin, baina brebeta euskaraz egitea jada gehiegi iruditu, hasten dira komeriak, unibertsitatea egiteko Bordelera, eta euskaraz kasik paradarik ez Paue-Baionako unibertsitate aukeran. Diaspora hasten da, Frantziara; izan ere, Ameriketako Guyanan edo Hendaian bizi den gazte batek antzeko mataza burokratikoa kausituko du Bidasotik hogei kilometro mendebaldera dagoen unibertsitatean estudiatzeko. Euskaldunen desartikulazioa ia erabatekoa da, Donostiako campus horrek (Bilbokoak, Gasteizkoak…) EHU izenean eraman arren.

500 urte, unibertsitatea eta Amaiurko zain urratuak
Arg: Iñaki LL

Erro luzeak dituen auzia da. Badira 500 urte Amaiurko gudutik (1522), begi bistan dugu urteurrena; nafar erresistentzia militarraren azkenaurreko ahalegin gogoangarria dugu Amaiurkoa, Bortuez (Pirinioez) hegoaldeko Nafarroa bere osoan espainiar agintarien mende geratu aitzin. Zer ikusia horrek, ordea, Bortuz iparraldeko ikasleen egungo borrokarekin? Aldaketa askoko urteak izan ziren Nafarroan duela bost mende: okupatzaileen arpilatzeak, bahimenduak, suntsipenak, bortxaketak eta hilketak, baina beste gertaera hondagarri bat Bortuak ixtea izan zen, ez zen txikia izan Karlos V.a enperadorearen eta Espainiar Inkisizioaren ahalegina mendialde hori harresi bihurtzeko. Buru-belarri eta saiamenez ekin zioten Nafarroa zatitu eta iparraldetik zetozen liburu erreformistak atzemateari, inork irakur ez zitzan, liburua zein irakurlea heresian erortzeko arriskupean.

Ordutik aurrera, aukera akademiko bakarra geratu zitzaien Bortuez hegoaldeko herritarrei: Gaztelako unibertsitate dogmatikoetara eta kontrolatuetara jotzea, presio eltze ideologikoan egostea, latinez edo/eta gaztelaniaz, euskaraz idaztea artean ere tabua zelarik. Martin Azpilkueta Doctor Navarrus ospetsua (Hondarribian gotortu ziren nafar legitimisten familiako kide gaztea eta Frantses Xabierren senitartekoa) izan zen Tolosa Okzitaniako unibertsitatean ikasketak egin zituen Hego Euskal Herriko azken ikasleetako bat. Beste hainbat nafar bezala, Frantses Xabier bezala, deserrian hil zen, Erroman.

Garai hartan ez ziren asko Bortuez iparraldean Espainiako akademia dogmatikoaren bidea hartu nahi zutenak; izan ere, ideia humanistekin kutsatuak egoteaz akusatuak izateko arriskua ere bazuten. Justu aldamenean, Labriteko Néracen gorte nafarra sendotzen ari zen, humanisten erakargune. Bernart Etxepare han ibili ote zen? Baietz dirudi. Migel Servet nafarra nola edo hala moldatu egin zen Bortuak iparralderantz zeharkatzeko eta Pariseko Nafarroako Ikastetxean izena emateko.

Ez Nafarroan bereziki eta ez Euskal Herrian oro har, ez zen bertako unibertsitate nagusirik umotu ahal izan, ez bada Nafarroaren Konkistaren kolaborazionismoaren epelean garatu Iratxeko eta Oñatiko unibertsitate txikiagoak, eragin mugatukoak.

Orain, poztekoa eta gaitzerdi, erakargarria da Bortuez hegoaldean ikasketak egitea Ipar Euskal Herriko ikasleentzat, hor euskaraz ikasteko aukerak ere handiagoak dituzte, Aturriren ibaiertzetan ez bezala. Haatik, harresi gotor bat kausitzen dute aurrez aurre, 1521etik aurrera sendo finkatua. Amaiurko erresistentzia eta Xuti Gazte eta Ipar Euskal Herriko ikasleen borroka uztartu egiten dira, eraso koloniala ez baita amaitu, sarri askotan aldean zibilizazioaren zigilua dakarrela.
500 urte, unibertsitatea eta Amaiurko zain urratuak 500 urte, unibertsitatea eta Amaiurko zain urratua

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude