5 gomendio Berri Txarrak ikustera joango zaren horri

berri

Sarrera eskuratu duten pribilegiatuen artean bazaude, eta ordurako ez bazaitu oraindik Guardia Zibilak atxilotu, Berri Txarrak-en bira berriko kontzertu bat (behintzat) ikusteko aukera izango duzu. Bakarrik bazoaz, beste hau da horrelakoetarako gida, baina konpainian joanda ere, hobe honako gomendio hauek aintzat hartzen badituzu:

1. Ez teloneroak galdu. Talde arrakastatsuen “hitzaurrea” beti da izen eta aurpegi berriak ezagutzeko aukera ona, eta Berri Txarrak taldeak ere makina bat proiekturi bultzada emateko baliatu izan ditu. Horri esker, Intxaurrondoko Kultur Etxeko lehenengo kontzertuan, Irunberriko Altxatu taldea ezagutu genuen. Ausart baina histrionismoan erori gabe, 80. hamarkadako euskal talde erreferente zenbait gogorarazten zuten kantekin -asmatikoei eskainitako abesti bikaina barne-, giroa berotzeaz arduratu ziren. Susmoa dut: laster herriz herri ikusiko ditugu.

2. Azken diskoa entzun. ‘Denbora da poligrafo bakarra’ izena daraman hiru diskoko azken lanak kritika bikainak jaso ditu, eta inork entzun ez badu, ez da izango aukerarik izan ez duelako. Badok-en bertan entzungai dago, esaterako. Dena dela, klasikozaleenek maiz jotzen dute azken diskoa -edozein dela ere- mespretxatu eta hit zaharragoak gorestera. Zu ere haietakoa bazara, eman aukera bat azken diskoari kontzertura hurbildu aurretik, goitik behera entzutea tokatu baitzaizu.

3. Pazientzia izan. Lasai, disko berria oso osorik jo arren, fan klasikoon pazientzia ere saritua izango da lehenago edo beranduago, eta buruz dakizkizun kantetako asko dantzatu eta abestu ahal izango dituzu: Libre, Denak ez du balio, FAQ…

4. Ez lotsatu. 40 urteren bueltara ailegatzen ari bazara, eta kontzertuan adin txikiko fanen artean mugitzea tokatuko zaizula-eta zure garaia igaro zela uste baduzu, oso oker zaude. Lehenengo kontzertuetan behintzat, betigazte eta ez horren gazte kuadrila mordoxka izan dira lehen lerroetan izerdia botatzen. Eta tartean, baita oso jende errespetagarria ere: bertsolari txapeldunak, kantugile sonatuak, kazetari txalotuak…

5. Aurreko gomendioei kaso askorik ez egin. Duela 20 urte Lekunberrin sortutako taldea bereizten duen ezaugarrietako  bat kontzertu bakoitza emanaldi eta esperientzia bakar bihurtzeko gaitasuna da. Hortaz, oso litekeena da aurreko gomendioek ezer gutxirako balio izatea. Gomendioetan errazena: segi, eta gozatu.

(Kritika edo iruzkin taxuzkoa(goa) espero bazenuen,  to Inaxio Esnaolarena)

5 gomendio Berri Txarrak ikustera joango zaren horri
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude