Urtebete Torrealdai gabe

Urtebete Torrealdai gabe

Miren Garatek Gipuzkoako Hitzan

Euskaltzaleak alorrez alor egindako ekarpena aztertuko dute gaur goizean, Andoainen, hari buruzko jardunaldietan. Arratsaldean, omenaldia egingo diote.

Euskalgintzan eta euskal kulturan 60 urte inguruko ibilbide oparoa egin ostean, iazko uztailaren 31n hil zen Joan Mari Torrealdai, euskal kulturako intelektualik handietako bat. Urteurrena baliatuta, omenaldi bat egingo diote gaur, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Bi zatitan banatuko dute: goizean, Dabid Anautek, Xabier Eizagirrek, Lourdes Otaegik eta Imanol Muruak Torrealdaik euskalgintzan, liburugintzan, zentsuraren ikerketan eta kazetaritzan egindako ekarpena aztertuko dute. Arratsaldean, berriz, gertukoenek omenduko dute, musikarien eta bertsolarien laguntzarekin.

Euskalgintzan, besteak beste, euskararen modernizazioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Torrealdai, eta euskara batuaren defendatzailea hasieratik. Liburugintzan, 42 urtean aztertu zuen euskal liburugintza, kuantitatiboki nahiz kualitatiboki, liburugintzaren egoerak kultura oso baten osasunaren berri ematen duen premisatik abiatuta. Liburugintza aztertzen hasitakoan, euskal liburugintzan zentsurak izandako garrantziaz jabetu zen, eta paraleloki beste ikerketa lerro bat abiatu zuen, nork zentsuratzen zuen, zeren gainean, zer eta zer argumenturekin eta abar aztertzeko. Hala, zentsuraren teoriko eta ikertzaile nagusi bihurtu zen. Kazetaritzan, 517 artikulu idatzi zituen 41 hedabidetan, baina, kazetari gisa ez ezik, euskal komunikabideen sorreran tartean Euskaldunon Egunkaria— eta horien teorizazioan ere lan handia egin zuen. Jakinen, berriz, 42 urtean izan zen zuzendari.

Forukoa (Bizkaia) zen sortzez, baina haren kultur bizitzan Arantzazu (Oñati) izan zen mugarria: 12 urterekin sartu zen hango seminarioan, 1954an, eta han murgildu zen Jakin aldizkarian. Nazioartean ere ibili zen. Zentsuragatik Jakin debekatuta zegoenean, Tolosara (Okzitania) joan zen, eta Teologiako lizentzia lortu zuen. Parisera joan zen gero, Soziologia ikastera. 1975ean itzuli zen Euskal Herrira, eta Informazio Zientzietako lizentzia ere lortu zuen, EHUn. Torrealdairen ekimena eta taldean jarduteko gaitasuna nabarmendu izan dute ingurukoek; herri ekimena ere ezinbestekotzat jotzen zuen, eta ez zen instituzioek egin zain egotekoa.

“Ez ahaztu”

Urtebete Torrealdai gabe

Minbiziaren eraginez hil zen Torrealdai, 77 urte zituela. Egunkaria itxi ostean jasandako torturekin lotu zuen gaitza. “Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia”. Mezu bat eman zuen auzi haren amaieran, berak ere kondenarik gabe bukatu ostean: “Ez ahaztu”. Beste mezu bat ere utzi zuen agurrerako, hileta egunean leitu zutena: “Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz”.

 

 

Urtebete Torrealdai gabe

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude