21. jardunaldiko apunteak

1) Lautik lau. Osasunak jarraian daramatzan garaipenak dira laurak. 12tik 12 puntu eta jada, beherakada izugarririk ezean, aurten ere lehen mailan mantentzeko lanak eginak ditu. Denboraldia amaitu bitartean Camachoren taldeak ahalik eta puntu gehien pilatu beharko luke, baina orain arte pilatutakoek, harrobitik datozen jokalariei eta datorren urteko taldean pisu handia izango dutenei oinarri lana egiteko minutuak eman beharko lizkieke. Behin eta berriz errepikatu dugun arren, atzetik aurrera egin behar dute taldea gorritxoek. Eta denboraldiaren erdialdera izan arren, Camachok hamaikakoarekin eta taldearen izaerarekin asmatu duela ematen du.

2) Bestetan galduko luketena… irabazi zuen Athleticek. Atsedenaldian ez zuen itxura onik partidak. Azkenaren aurka eta etxean 1-2 ari zen galtzen, baina Caparrosek aldaketak egin zituen eta taldeak kasta erakutsi zuen. Entrenatzaileak partida osteko prentsaurrekoan adierazi zuenez, beste garai batzuetan partida horiek galdu egingo ziren eta oraingoan Llorenteren bi golekin buelta eman zitzaion. Egia da Caparrosek dioena: Athletic honi, azken urtetan izan ez duten beste zerbait sumatzen zaio, eta aspaldiko garaietako talde zuri-gorriaren traza berreskuratzen ari da.

3) Sendotasuna. Guardiolak iragan asteko adierazpenetan noizbait huts egingo zutela zioen. Partida nola jarri zitzaien ikusita, larunbat honetan izan zitekeela zirudien. Piquéri 20. minutuan ateratako txartel gorriak hankaz gora jarri zituen entrenatzailearen asmoak. Bartzelona aurretik zen markagailuan, baina asko estutu zitzaion partida. Hala eta guztiz ere, ez zuen huts egin. Real Madrilek liga irabazi nahi badu, ez du bere partidak irabaztearekin nahikoa izango. Bartzelonak huts egin behar du, eta 21 partida daramatza ligan galdu gabe.

4) Zaleak eta entrenatzaileak. Gauzak gaizki doazenean kritikatzen diren lehenak dira eta zaleen jopuntuan egoten dira maiz. Valentzia aldean kazetariak Emeryrekin sutan daude, zaleen eskariei men egiten dielako hamaikakoak egiterakoan. Madril aldean ordea, kazetariek presio handia egiten dute titular nor izango den eta nor ez erabakitzeko. Gutirekin egin zuten lehen, eta Granerorekin egiten ari dira orain. Pitermanetaz kexatzen ziren batzuk, baina entrenatzaileek gero eta gutxiago agintzen dutela nabaria da.

5)  Entrenatzaile berriak… garaipen ziurra. Dio futbol munduko esaldiak… baina Vila-Real eta Valladoliden kasuan ez da hala gertatu. Biek ala biek erantzun gabe jarraitzen dute eta Gaztela aldeko taldea jaitsiera postuetan jarri da. Ahoak ixten ari dena Lillo da. Realarekin egin ez zuena egingo al du Almeriarekin?

Osasunak jaitsiera postuak oso atzean utzi ditu

Irudia | Osasunak jaitsiera postuak oso atzean utzi ditu | Ezezaguna | LGPL