2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan –

(txosten osoa pdf formatuan eskuragarri esteka honetan)

.

Pobrezia: Eredu ekonomiko kapitalistaren emaitza

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du1, eta 42 lagunek 3.700 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina2, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen3, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du. Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduan existitzen diren milamiliodunetatik hamarretik bederatzi gizonezkoak dira; bitartean emakumeontzako latzagoak dira sistema honen ondorioak (patrimonio txikiagoa eta berau lortzeko zailtasun handiagoak, prekarizazio handiagoa lan munduan, soldata baxuagoa lan berdinagatik…).

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloanEuropako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren “pobrezian eta bazterketa arriskuan” zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera4) eta horietatik 13 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %28, 2008an %23 zenean). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, pasa den urtean mila milioi dolarreko aberastasuna gainditzen duten pertsonen hazkundea historiako handiena izan zen; bi egunero milamiliodun berri bat alegia5 (342 europan).

Administrazio publikoek ezkutatu ezin eta Hego Euskal Herrian ere islatzen den egoera: “Pobrezia eta bazterketa sozialaren” tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (ABG) %22,9koa da (2008an %13,9koa zen) eta Nafarroa Garaian berriz %18,1ekoa (2008an %8,6koa zen). Alegia, 2008 urtetik hona pobrezia eta bazterketa sozialaren tasa %65 hazi da ABGn eta %110 Nafarroa Garaian.6 Datu hauek agerian uzten dute “krisiak” bereziki pertsona hauei egin diela kalte. Babes gutxien duten pertsonek pairatu duten diru-sarreren galerak eta aberatsenek izan duten hobekuntzak, biztanleriaren zati garrantzitsu batengan beheranzko mugikortasun soziala eragin du, parean zati oso txiki batengan beste muturrera, erabateko ongizate sozialera, iristeko aukera ekarri duen bitartean. ABGn biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean.

.

Lan baldintzen prekarizazio orokorra eta pobreziaren hedapena

Pobrezia areagotzen ari den testuinguru honetan enplegua izateak ez gaitu pobreziatik babesten: lan harremanen desregulazioa eta indibidualizazioa, negoziazio kolektiboaren erreformaren eskutik datorren enpresarien diskrezionalitatea, kaleratzeen merkatzeak eta azken lan-erreformen ondorioz 2012tik7 hona kaleratze horien gaineko babes juridikoaren ahultzeak, zeintzuen emaitza nagusia enplegu-egonkorra, babes gutxiago duen eta okerrago ordaindua dagoen enpleguaz ordezkatzea izan den.

Hego Euskal Herrian datuak oso kezkagarriak dira: langabezia-tasa altuak (163.514, 2007an 95.200 zirenean, zeintzuetatik 63.146 lagunek soilik, %38,6a, jasotzen dute nolabaiteko prestazioren bat 2007an %73,2 zirenean8), kontratuen prekarizazioa (2017an %90etik gora aldi baterako izan dira eta %40etik gora lanaldi partzialekoak, eta lanaldi partzial guztien %80 emakumeek egiten dituzte eta orokorrean beren soldata gizonena baino %30 txikiagoa da) eta soldaten prekarizazioa.

.

Murrizketak eskubide zein prestazio sozialetan eta pobreziaren hedapena

Sistema hau, sistemaren politiko-kudeatzaileak eta hauen zerbitzura ari diren hedabideak laguntzak jasotzen dituzten milaka pertsona estigmatizatzen ari dira behi eta berriz iruzurgileak balira bezala aurkeztuz, honela, benetako iruzurgileen gaineko arreta desbideratuz, enpresa eta errenta handien iruzurra ezkutatuz (13.560 milioi urtean ABGn). Honekin guztiarekin benetako arduraduna zein den ahazten dugu, kapitalismoa, eta horrela laguntza sozialak jasotzen dituzten eta etxebizitzak elkar banatzen dituzten horiek behar gorrian daudelako egiten dutela ahazten dugu, ez hautu hori egin dutelako.

.

Pobrezia eta berari aurre egiteko laguntza sozialen ezintasuna

Errealitate honen ondorioz gero eta gehiago dira laguntzak eskatu beharrean aurkitzen diren pertsonak. 2008 urtean ABGn Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI delakoa) prestazioa jasotzen zutenak 29.585 lagun baziren, 2017ko martxoan jada 60.594 dira (alegia, kopurua bikoiztu egin da!). Egun laguntza hori jasotzen dutenen %57 emakumeak dira (etengabe hazten doan ehunekoa), %62,7ak espainiar NANa du (honek erabat gezurtatzen du migrarien aurkako diskurtso xenofobo eta arrazisten oinarria), eta %45,5ak soldatapeko lana dauka (7.877 emakume eta 4.178 gizon, emakumeok ia gizonen bikoitza) edo pentsionista da (15.546). Nafarroa Garaian 2016an (ez daude 2017rako datuak) 31.889 lagun (%51,1 emakumeak) izan ziren Bermatutako Errenta jaso zutenak (RG deitutakoa eta lehen RIS zena), 2008 urtean 3.162 besterik izan ez zirenean (alegia, kopurua hamar bider handitu da!). Beste hiru herrialdeetan bezala, nagusiki espainiar NANa dutenak dira (%71,9). %35,9a adin txikikoa da eta 18 eta 24 urte arteko eta 65 urtetik gorako adin tarteetan hazkunde berezia eman da. Datu hauek, argi eta garbi, bi gobernuetatik martxan jarritako politiken porrota islatzen dute. Era berean, azpimarratu beharrekoa da lagun askok ez dutela laguntza hauek eskuratzeko aukerarik nahiz eta “pobrezia eta bazterketa sozialerako arriskuan” egon: 2016an RGI jaso behar zuten 134.563 pertsonen (2008an baino %62,1 gehiago).

2008 urtean ABGn laguntza jasotzen zuen pertsona batek urtean jasotako batez besteko kopurua 7.510,56 eurotakoa zen 2008ko prezio arruntetan (eta aurrekontua 222,2 milioi eurokoa zen). Kopuru hori 2018ko erosketa ahalmenarekin edota moneta balioarekin parekatu ahal izateko urte hauetan pilatutako inflazioa gehitu beharko genioke (%11,7) eta orduan 2008ko kopuru hura egun 8.389,29 eurokoa litzateke. Bada, egun, 2018 urtean pertsona bakoitzak urtean batez beste jasotzen duena 6.871,97 euro dira. 2008ko babes maila bera mantendu ahal izateko 2018ko aurrekontuak 508.340.638,26 milioikoa izan beharko zukeen eta 416.400.000koa baino ez da. Beraz, RGI laguntzari dagokionean, inflazioa eta laguntza jasotzen dutenen kopuruaren bilakaera kontuan hartuz, 2008 urtetik 2018ra aurrekontua %23a murriztu da. Nafarroa Garaian, 2015arekin alderatuta igoera nabarmena eman den arren, 2008 urtean laguntza jasotzen zuen pertsona batek batez beste urtean 6.306,13 euro jasotzen zituen 2008ko prezio arruntetan (eta 19,94 milioi euroko aurrekontua zuen partida horrek). Kopuru horri (egungo moneta balioan jartzeko) urte hauetan metatutako inflazioa gehitzen badiogu (%9,4) egun pertsona bakoitzari urtean batez beste 6.898,91 euro ordainduko litzaizkioke laguntza 2008ko mailan kokatu nahiko balitz. Baina errealitatean, gaur eta hemen, 2018. urtean batez beste 2.948,81 euro baino ez zaizkie ematen. 2008ko babes maila bera mantendu ahal izateko 2018ko aurrekontuak 219.999.341 milioikoa izan beharko zukeen eta 94.034.649koa baino ez da. Beraz, RG laguntzari dagokionean, inflazioa eta laguntza jasotzen dutenen kopuruaren bilakaera kontuan hartuz, 2008 urtetik 2018ra aurrekontua %57a murriztu da.

Baina errealitatea are latzagoa da. Pertsonako batez besteko diru kopurua gutxitzeak ez du esan nahi prestazioa jasotzen dutenek zehaztutakoa baino gutxiago kobratuko dutenik, baizik eta pertsona askok ez dutela prestazioa jasotzeko aukerarik izango eskari osoa bete baino lehen aurrekontua bukatuko delako (aipatu dugun bezala, hazten besterik ez den kopurua).

.

Prekarizazioari aurre egiteko antolatu eta borrokatzea beste aukerarik ez dugu

Gure herrietan gero eta ageriagoa da pobrezia “bere forma anitzetan”, esaterako “pobrezia energetikoa” deitutakoa. Baina “elikadura pobreziaz” ere hitz egin genezake edota “zaintza pobreziaz” edo “pobrezia kulturalaz”… azken finean osotasun bat dena zatika irudikatu eta izenda liteke, baina azkenean pobrezia bat eta bakarra da: era anitzetan azaleratzen den pobrezia ekonomikoa. Emakumeen egoera okerragoa izateaz gain, gizonena baino azkarrago trakesten da, izan ere, prekarietate sozialaren ondorioz emakumeek pairatu duten bizi-baldintzen okertzea askoz ere ikusgarriagoa da. Emakumeena da pobrezia forma berriak pairatzeko arrisku gehien duen sektore soziala: gizon bakoitzeko 5 emakume daude egoera horretan.

Egoera honen aurrean, behingoan pobreziaren muga definitu eta erabakitzeko irizpide homogeneo bat ezarri behar dela defendatzen dugu. Gure proposamena soldata sozialak BPG per capitaren bilakaerari lotzean datza:

– LGSk ez luke inoiz BPG per capitaren %50a baino txikiagoa izan behar
– Laguntza bakar batek ere ez luke BPG per capitaren %37,5aren azpitik kokatu behar, kopuru horretan ezarriko bailitzateke pobreziaren muga

Aurreko azterketan oinarrituz, argi esan behar dugu: aurtengoak ere ez dira aurrekontu parte-hartzaileak. Lehenik eztabaida edota zuzenketak aurrekontuaren zati baten gainean soilik egin daitezkeelako, alegia, gastuen atalean. Eta ondoren, herritarrek zein eragile sozialek ezin dugulako aurrekontuen dokumentuaren lanketan edota eztabaidan parte hartu. Hego Euskal Herrirako 2017 urteko aurrekontuek ez dute aberastasuna era orekatuagoan banatu behar, aurrekontu hauek ez dituzte kalitatezko zerbitzu publikoak garantizatu behar eta ez dituzte oinarrizko eskubide sozialak bermatu behar. Eta are gutxiago pertsona orok gutxieneko diru-sarrera izateko duen eskubidea. Beste era batean esanda, 2017ko aurrekontu hauek, aurrekoek bezala, ez dituzte Elkartzenetik defendatzen dugun pobreziaren muga gaindituko duten diru-sarrerak bermatuko. Ondorioz, hauek aurrekontu antisozialak eta ez parte-hartzaileak dira.

.

BORROKATU ZURE ESKUBIDE SOZIALEN ALDE!
EGIN AURRE PREKARITATEARI!
JENDARTEA ERALDATU!

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa

Eskubide sozialen aldeko mugimendua