2012ko CAF-Elhuyar Sarietara lanak aurkezteko epea, zabalik urtarrilaren 31ra arte

CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak irailean abiarazi zuten aurtengo CAF-Elhuyar sarien prozesua, helburu hauekin: zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa eta kazetaritza bultzatzea, saritzea eta aintzatestea. Ohiko atalez gain (dibulgazio-artikulu originalak eta zientzia-kazetaritzako lanak), aurtengoan kategoria berri bat izango dute Sariek: “Zientzia gizartean” sorkuntza-beka. 2013ko urtarrilaren 31ra arte aurkez daitezke lanak.

Beka berriari dagokionez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza sustatzen duten proiektuei laguntzea du xede sariketak. Zientifikoak, artistikoak zein soziologikoak izan daitezke proiektuak, eta arlo zientifikoa eta soziala uztartzen saiatu behar dute. Edozein arlo artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak onartuko dira sariketan: ikus-entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zientifikoak, azterketa soziologikoak… Kategoria honetako irabazleak, 5.000 €ko beka jasoko du.

Dibulgazio-artikulu originalen kategorian, 2.000 €ko bi sari emango dira: bata, dibulgazio-artikulu orokor onenari; bestea, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenari. Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2.000 euroko sari bat emango da. 2012an argitaratu diren zientzia-kazetaritzako lanak aurkeztu daitezke, edozein formatu eta generotakoak.

cafelhuyarsariak.elhuyar.org webgunean dituzue CAF-Elhuyar Sarien oinarriak eta sariketari buruzko informazio guztia.

Epaimahaia —Zientziaren, euskararen eta kazetaritzaren alorrean eskarmentu handiko jendez osatua— otsailean elkartuko da, saridun nor diren erabakitzera. 2013ko apirilean jakinaraziko da, ekitaldi publiko batean, zein diren arlo bakoitzeko irabazleak.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.