2011ko egun gorriak

Urteberria zapatua izanik, askok ez zenuten jai eguntzat hartzeko plazerik izango agian, lasai, berehala dator lehen zubia Hegoaldera: etzidamu, erregetakoa. Aurten, Euskal  Herri osoan hiru jai egun partekatuko ditugu: Pazko astelehena (apirilak 25), Ama Birjinaren eguna astelehenez (abuztuak 15) eta Santu Guztien eguneko asteartea (azaroak 1). Hego Euskal Herriko lau probintziek 7 jai egun konpartituko dituzte, eta Iparraldekoek 4 soilik izango dituzte.

Otsaileko 28 egunek ez dakarte gorririk, eta San Jose eguna martxoaren 19an larunbata tokatzen da, beraz Aste Santua arte itxoin beharko dugu bakantzetarako. Hegoaldean apirilak 21etik 25era izango dugu jai, ostegun santutik pazko astelehenera, Iparraldean, ohi bezala, astelehena soilik. Aste horretan arabarrek ez dute kolpe handirik joko, astelehenaz gain osteguna ere jai-eguna baita: San Prudentzio.

Aste Santuan indarrak hartu, ze maiatza beltz dator: gorririk ez, maiatzaren lehena ere igandez tokatzen baita. Iparraldean zorte handiagoa izango dute ekainean, bi jaiegun izango baitutzte: ekainaren 2a eta 13a Penteskoste eguna.

Uztaila orekatuago etorriko da oro har. San Inazio eguna (uztailak 31) igandea datorrenez, ez dute festa berezirik izango.  Iparraldean Errepublikaren eguna ostegunez jausiko da, uztailak 14, zubi egiteko aukeran. Eta Hegoaldean astelehenez jai hartuko dute hilaren 25ean ere Santiago eguna delako. Abuztuan oporrak ez dituenak jai-egun bakarrarekin konformatu beharko du, astelehenez tokatzen baita Ama Birjinaren eguna, hilaren 15ean. Irailean zorteko bizkaitar eta gipuzkoarrak izango dira, aurten Arantzazuko Ama Birjinaren eguna, ostirala, jai hartu ahal izango baitute, uztail bukaerako San Inazio igandearen ordez.

Urriarekin jai-egun berria estreinatuko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: Estatutuaren eguna; asteartea izango da. Aurretik, urriaren 12 Hispanitate eguna ospatzen duenak ere gorri izango du.

Santu Guztien Eguna azaroaren 1arekin asteartea izango da, Euskal Herri osoan jai. Azaroaren 11n ostiralez, Iparraldean ere jai izango dute.

Eta abenduan, nafarrek ez dute beste urtetako zorterik izango: Nafarroaren eguna, hilak 3 larunbata baita. Durangoko zubia edo konstituzioko zubia Hegoaldekoentzat luze etorriko da: abenduak 6 asteartea baita eta 8 osteguna.

2011ko egutegia

Irudia | 2011ko egutegia | Mendizaleak | LGPL

Zer duzu buruan “2011ko egun gorriak”-ri buruz

  • Oker ez banago, Bizkaitarrok Arantzazuko amabirginaren eguna baino, uztailaren 4a izango dugu jai, Balentin Berriotxoarena.