Donostiako piratak: "Gure jaia, gure erabakia"

MzA5Nw==

“Udalak hala planteatzen ditu festak: eseri, ikusi eta ospa; su artifizialak, izozkia eta etxera”.


Aste Nagusiaren atarian gaudela, ze sentsaziorekin hartuko duzue piratek festa?

Ba urduri gabiltza, azken uneko tentsio eta urduritasun horrekin. Azken batean, urte osoa daramagu Aste Nagusirako lanean, eta bihartik aurrera la prueba de fuego izango da guretzat, urte osoko lanaren emaitzak ikusiko baititugu.  

Azken asteak izango ziren intentsoenak…

Bai, bai, gogorrenak izan dira. Ikasle garenok azterketetan, besteak lanean,.. lanpeturik ibili gara gure kontuekin ere eta ordu berezietan elkartu izan gara. Baina gogotsu aritu gara eta, gogoa dagoenean, dena ateratzen da.

Udalaren jai ereduarekiko desadostasuna aldarrikatu duzue piratek. Zein da egitarau ofizialaren ereduari egiten diozuen kritika?

Egitarau Ofiziala turismoari eta atzerritarrei begira antolatzen dela uste dugu, jendea hirira etorri eta “Donostia polita” erakusteko, postaletakoa. Udalak hala planteatzen ditu festak: eseri, ikusi eta ospa; su artifizialak, izozkia eta etxera. Nahiz eta aurten Abordaia Egitarau Ofizialean sartu, guk argi utzi nahi dugu ez dugula eredu hau bultzatzen, guk beste eredu batean sinesten dugula eta hortaz, festak gure esku jarraitzen duela. Gure jaia herrikoia, parte-hartzailea, euskalduna eta parekidea da. Jendea jaien parte sentitu behar da gure ustez, jaiak bere egin eta erabakiz. Gure jaia, gure erabakia. Ez dugu uste udalari halakorik interesatzen zaionik.

Zuk esan bezala, Abordaia Egitarau Ofizialean ageri da aurtengoan lehen aldiz. Zerbait aldatzeko bertan egon behar dela ere entzun dizut inon, baina, orduan zergatik jarraitzen dute piraten egitarauko gainontzeko ekintzek Egitarau Ofizialetik at? Udalaren ala zuen kontua izan da?

Abordaia udalaren egitarauan sartu dugu proba egiteko, ez dugu dena hasieratik eman nahi. Erabakiak bien artean hartzen ditugu, harreman naturala baitugu udalarekin.  

Aurreko urteetan ere mahai gainean egon den aukera da?

Urtetan zehar atera da gaia eta askotan planteatu da aukera, denon buruan zegoen.  

Eta zergatik joan den urtean ez eta aurten berriz bai? Udalaren ala zuen aldetik baldintzarik aldatu da?

Zazpi urte daramatzagu lanean eta erreferente bilakatu gara Donostian. Proiektua bere kaxa gorpuztu zedin itxoin dugu eta zazpi urteren ondoren, helburu anbiziotsuagoak ditugu eta prest gaude aurrera pausoa emateko. Udalaren egitarauan sartu gara, gauzak bertatik aldatzeko.  

Baina ez dute jai elkarte guztiek harreman bera izan udalarekin eta honek Porrontxoekiko izan duen jarreraren aurrean, Grosekoen esku utzi duzue txupina, zuen elkartasuna erakutsiz.

Bai, haiek inauguratuko dute egunotan “La Flamenca” bilakatuko den Trinitate Plaza. Guri ez zaigu Aste Nagusia soilik axola,  jai herrikoien alde egiten dugu eta hauekiko erasoen aurrean, piratak erreferente garen heinean, jendea bildu eta porrontxoetako aldarria hartu dugu. Astelehenean kalejira egingo da La Flamencaraino eta gaueko 21’00etan, Porrontxoetako Jai Batzordekoek txupina bota eta txokoa inauguratuko dute.

MzA5OA==

“Antzeztu, inprobisatu, tontoarena egin eta gozatu. Omenaldi xumea egiten diogu Alkate Jauna eta udal maiteari”.


Txupinaren aurretik, urtero legez, Gazte Eguna edo askorentzat Abordaia Eguna ospatuko da astelehenean. Nola antolatu duzue urtez-urte arrakasta handiagoa lortu duen egun hau?

8’00etan hasiko da dena. Baltsak hiru txandatan prestatuko ditugu: 8’00etan, 10’00etan eta 12’00tan. Giroa kaian zentratu nahi dugu goizetik eta irratia egongo da, festa giroa sortu eta elkarrizketa bereziak egiteko. 13’00etan, bazkaria kaian.  

Jende askok eman du izena?

Txartelak amaitzear ziren, bai, mila inguru saldu ditugu, baina oraindik badugu tarterik. Jendea ez da abordaiarekin bakarrik animatzen, beste ekintza hauek ere gero eta jendetsuagoak dira.  

Badirudi mahaiaren inguruan ere izango duzuela festa, bai. Ia egunero antolatu baitituzue bazkari, afari, tortila lehiaketa eta halakoak.

Hori diote euskaldunez, ez? Festa janari eta edariaren inguruan beti… kar, kar..

Edonola, hori internazionala dela esango nuke nik.

Baina, badakizu, batekin eta bestearekin hizketan aritu, jendea ezagutu… lasai egoteko unea da.

Eta bazkalostean, abordaia!

17’00etan, gure festen txupina botako du Ezkila kapitainak. Abordaia (Kontxako) erlojuetaraino izango da eta 19.30etan, elektro txarangak gidatuko gaitu La Flamencarantz. 21’00tan Porrontxotakoek txupina bota eta, gaua heltzean, parranda.

Baina piratek ez diezue festa gazteei soilik bideratu eta helduentzat ere, tai-chi-a bezalako ekintza deigarriak antolatu dituzue ostegunean.

Egia esan, ez da tai-chi, konkretuki qigong (txikun) dela esan dit irakasleak. Ikusten genuen heldu asko dabiltzala urtean zehar tai-chi egiten eta udaran ere, Alderdi Eder eta hondartzan aritzen dira. Modan omen dago! Dirudienez, Aste Nagusian ezin dira hondartzan aritu, eta horrexegatik antolatu dugu guk. Herrikoitasunak hori du, herriari gustatzen zaiona antolatzen duela herriak. Helduek tai-chi egin nahi dutela? Ba irakaslea hartu eta tai-chi egiteko aukera emango zaie.

Eta Aste Nagusia behar bezala ixteko, “Irrikitaldia”. Zertan datza?

Parodia bat da, udalari egiten diogun parodia. Bulean elkartu, eta antzerki saioa egiten dugu, udala “omenduz”. Urtean zehar gustatu ez zaiguna jai giroan eta ironiaz kritikatzen dugu. Antzeztu, inprobisatu, tontoarena egin eta gozatu. Omenaldi xumea egiten diogu Alkate Jauna eta udal maiteari. Eta gero antzinan egiten zen paseilloa Buletik Santa Mariara, txaranga eta parranda. Badakizu, azken egunean, ¡la casa por la ventana! kar, kar.  

Ba lan egin eta asko gozatu jaiez, Aratz! Milesker.

Bai, bai, ondo pasa zuk ere. Eskerrik asko.

kazetaria-edo

Zer duzu buruan “Donostiako piratak: "Gure jaia, gure erabakia"”-ri buruz