18 herrialde eta 70 ekimen baino gehiago EHrekin elkartasun astean

18 herrialde eta 70 ekimen baino gehiago EHrekin elkartasun astean –

Ekimen hau jaio zenetik hazi besterik ez da egin, Europako zein Ameriketako hainbat txokotan. Pasa den urtean 13 herrialde ezberdinetan 50 ekimen baino gehiago egon baziren, aurten 70etik gora espero dira 18 herrialdetan. Alemania, Irlanda, Eskozia, Ingalaterra, Suitza, Danimarka, Norbegia, Italia, Eslobenia, Estatu Frantsesa, Potugal, Gaztela, Kantabria edo Països Catalans Europako adibide gisa, eta Argentina, Mexiko, Uruguay edo Venezuela Amerika Latinan. Adesalambrar irratsaioan Jon Askapenako kideari eginiko elkarrizketa ENTZUN.

Milanon iaz izandako RAIren okupazioa

“Sozialismoaren bidean…askatasuna Euskal Herriarentzat!” da aurtengo leloa. Alde batetik, Euskal Herriak duen aske izateko grina, eta bestaldetik estatuetatik jasotzen duen errepresioa adierazten duena. Aurrera eramango diren ekintzak ugariak eta anitzak dira: espainiar zein frantziar enbaxaden aurrean elkarretaratzeak, muralak, kontzertuak, ekitaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak…

Azpimarratzekoak dira hainbat ekimen berezi, batetik, Etxeratek burutuko duen bira euskal preso politikoen egoera ezagutzera eman eta salatzeko. Bestetik, “Egunkaria”ren itxiera eta ondorengo prozesu judizialaren berri emateko bira. Eta azkenik, “Itsasoaren Alaba” filmaren estreinaldi europarra, GITE-IPESen eskutik. Aipatu beharra dago Italiako “Euskal Herriaren Lagunak” taldeek egiten duten lana, dozenatik gora elkartasun talde izanik herrialde honetan, 30 ekintza baino gehiago antolatu dituzte. Horiez gain, otsailaren 20rako Manifestazio Nazionalerako deia egin dute, eta milaka lagunen parte-hartzea espero da. Gainera, Palestinako, Kurdistaneko eta Latinoamerikako herri borrokalarien alde lan egiten duten lagunek bat egin dute deialdiarekin.

Beraz, datozen egunotan gure lagunen babesa jasoko dugu, elkartasuna, herrien arteko xamurtasuna eta internazionalismoa uztartzen dituen ariketa praktiko baten bidez. Orain ere, sozialismoaren eta askatasunaren bidean, Euskal Herria ez dabilelako bakarrik.

Aupa zuek!!!

www.askapena.org

Irudia | Milanon iaz izandako RAIren okupazioa | Askapena | Creative Commons By SA
18 herrialde eta 70 ekimen baino gehiago EHrekin elkartasun astean